JUL. 27 2024 «Western» zaharretan bezala Asier AIESTARAN Duela egun batzuk Donald Trumpen aurka egindako erasoak berriz ekarri ditu gaurkotasunera historian zehar AEBetako politikarien aurka egindako atentatuak. Zerrenda luzea da: lau presidente hilak (Abraham Lincoln, James A. Garfield, William McKinley eta John F. Kennedy), beste hainbeste tirokatuak (Franklin Roosvelt, Harry Truman, Gerald Ford eta Ronald Reagan), Martin Luther King edo Malcom X bezalako ekintzaileen hilketak... Berez egoera larriak dira, herrialde baten egitura politikoa kolokan jar ditzaketenak, baina estatubatuarrek bere-berea duten ikuskizunaren kulturak halako distira liluragarri bat ematen die gertakari horiei. Zenbat film, dokumental eta telesail ez ote ditugun ikusi JFK, Etxe Zuri, FBI, zerbitzu sekretu eta antzekoen inguruan. Ikusi ez, irentsi. Eta justu egun hauetan, kasualitate hutsez, ezagutzen ez nuen Salvador Allende politikari txiletarraren pasadizo bat deskubritu dut. 1952ko abuztuaren 6an pistola-duelo bat egin omen zuen Raul Rettig Partido Radical alderdiko senatariaren aurka. Antza denez, lege proiektu baten inguruan haserretu ziren bi politikariak, eta arazoa “western” zaharretan bezala konpontzea erabaki zuten. 1952an izan zen, ordea, ia atzo goizean, eta diotenez, amaiera ere nahiko erridikulua izan zen: tiro egiteko unean Allende labaindu eta erori egin omen zen, eta ez zen zauriturik egon. Auskalo horrela gertatu ote zen, ziur asko ez, baina eszena buruan iltzatuta daukat orain, eta imajinatzen dut zer ote litzatekeen pistola-duelo bat Donald Trump eta Joe Bidenen artean, edo Trump eta Kamala Harrisen artean, prime-time-ean, eta mundu guztia telebistara itsatsita. Bat, bi, hiru, lau... •