Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Biktimak erdigunean: zergatik den «Sambre» «true crime» eredugarria

«Sambre» miniserie frantziarra [Movistar+], bikaina izateaz gain, eredugarria ere iruditu zait; «true crime» generoaren ikuspegitik eta forma eta eduki aldetik, sortzaile guztiek ibilbide orri gisa jarraitu beharko luketen ekoizpen biribila da. Argumentu horren zergatiak azalduko dizkizuet jarraian, baina, lehenik, hain modan dagoen genero honen gabeziak edo akatsak identifikatzen saiatuko naiz.

«Sambre» telesailaren fotograma bat.
«Sambre» telesailaren fotograma bat. (MOVISTAR+)
«True crime» askoren gabeziak eta akatsak

Atal hau jarraitzen duzuenok aspaldi ohartuko zineten genero honekiko interes berezia dudala. Mugikorreko “Ikusi beharreko” fitxategi zerrenda amaigabera jotzen dudan bakoitzean eta zer ikusi erabaki behar dudan unean, gehienetan lehen aukera gisa hautatzen dudan generoa izaten da. Definizio labur batekin azaltze aldera, dokumental formatuan krimen bat aztertzen da, normalean gertakari horretan parte hartu duten pertsonen elkarrizketak ardatz hartuz eta askotan, gertaera horren inguruko kazetaritza ikuspuntu bat emateaz gain, ikertzaile lanak ere egiten dituzte. Azken boladan fikziora pasatzeko joera ere nagusitzen ari da: “A Friend of the Family”, “Love & Death”, “The Jeffrey Dahmer Story”, “The Staircase”, “El caso Asunta”, “El cuerpo en llamas”, “When They See Us” eta abar.

Estreinatzen diren ia guztiak ikusten ditudan arren, aitortu behar dizuet azken bizpahiru urteotan iritsi diren gehienak trakets samarrak iruditu zaizkidala. Modan daudenez, etengabe ari dira formatu hau ekoizten eta sarritan kalitate maila zalantzagarria izaten dute. Datuak gainetik aztertuz gero antzeman daiteke 2015etik aurrera hasi zela gorakada hau, eta ziurrenik, horren erantzuleak “Making a Murderer” eta “The Jinx” bikainak izan ziren. Biak urte horretan estreinatu ziren, eta ordura arte era honetako beste dokumentalek izan ez zuten arrakasta, kritikarien adostasuna eta oihartzun mediatikoa lortu zituzten. Biak ala biak mugarri izan dira generoaren barruan. Etekinak eta harpidetzak bereganatzeko helburuz, hala ere, “true crime”-en ekoizpen kopurua nabarmen igo da. Ondorioz, eduki kaskar ugari estreinatu da, eta neketsua da ganorazko lanak topatzea. Sarritan topatzen ditudan akats edo gabezia nagusiak honako hauek izaten dira.

Biktimekiko eta haien familiekiko errespetu eza. Biktimak eta beren familiak, maiz, ez dira kontuan hartzen. Aipatzen dira eta batzuetan elkarrizketatzen dituzte, jakina, baina, sarritan, hiltzailea edo erruduna guztien gainetik nabarmentzeko hautua egiten da. Kasurik okerrenetan, gainera, irudi idealizatu edota erromantizatu bat zabaltzeko joera ere egoten da.

Argi dago kriminal horien guztien alderdi psikologikoa oso erakargarria dela, niri ere hala iruditzen zait, eta aztertu beharreko zerbait dela. Baina ganorazko lan batek ezin du soilik hiltzailea aipatu eta egin dituen ankerkeria guztiak erakutsi. Lehenik, eta gauza guztien gainetik, biktimen gaia nola jorratu eta nola kudeatuko den aztertu beharko lukete sortzaileek; zoritxarrez, ez da halakorik gertatzen.

Berriki zabaldu den Espainiar estatuko albiste batekin lotuko dut hori guztia. Albisteak Gabriel Cruz Almeriako zortzi urteko mutikoaren 2018ko hilketarekin zerikusia du. Amak, Patricia Ramirezek, esan zuenez, «hasieratik ez dugu protagonismorik nahi izan kasu honekin, egindako eskaintza mota guztiak baztertu ditugu, eta etengabe adierazi dugu ez genuela parte hartu nahi Gabrielen heriotzarekin zerikusia duten dokumentalak eta telesailak egiten». Hori gutxi balitz, umearen hiltzaileari, Ana Julia Quezada-ri, dokumental bat egiteko asmoz, kartzela barruan elkarrizketak egiten ari direla ere salatu du. «Indarkeria mediatikoa» jasaten ari direla dio. Adibide horrekin, marra gorria zein den eta mugak non ezarri behar diren oso argi geratu dela uste dut.

Termometro etikoa ezartzearen beharra (eta erantzukizuna). Indarkeria komertzialki ustiatzeko muga etikoei buruzko eztabaida piztu da azkenaldian. Lan jakin baten helburua gizarte arazo bat edota bidegabekeria bat salatzea bada -emakumeen edo haurren aurkako indarkeria, adibidez-, garrantzitsua iruditzen zait sortzaileek irizpide etiko batzuk jarraitzea edo ezartzea, eta askok ez dute halakorik egiten. Guztiz zilegiak diren ehunka arrazoi egon daitezke ikus-entzunezko jakin bat sortzeko, baina arrakasta izateak ezin du xede nagusia izan. Produktua salgarria izatea eta audientzia lortzea askoren amets bakarra da. Ez da nahikoa ekoizle edo zuzendari batek, asmo onez egiten duela argudiatuta, krimen bati buruzko pieza bat sortzea. Istorioa argitaratu aurretik, nahitaezkoa izan beharko litzateke gertaerak zehatz mehatz azaltzea eta biktimak errespetuz tratatzea.

Testuinguruaren gabezia. Sarritan hilketetan edota gertaera ilunetan zentratzen dira, morboan, baina inguruan dagoen guztia alboratu egiten dute. Testuinguru zehatz eta sakonik gabe erabat herren geratzen da kontakizuna; garaia deskribatu behar da, munduan edo zonaldean egun horretan zer gertatzen ari zen, zein eragin izan zuen kasuak gizartean, medioen funtzioa eta eragina zein izan zen… horiek guztiak narratibaren barruan txertatzea oso garrantzitsua da ikuspegi zabalagoa eta mamitsuagoa izateko. Dokumentazio lan sakona egin eta zoko guztiak arakatu behar dira.

«Sambre» eta Jean-Xavier de Lestrade

Ez da bere izena aipatzen dudan lehen aldia, baina “true crime” generoaren zaleontzat Jean-Xavier de Lestrade frantziarra (“The Staircase”, 2004) erreferente garrantzitsua da. Zinegileak ibilbide oso interesgarria landu du azken urteotan, bai dokumentalgintzan, bai fikzioan. Berriki, bere lanik biribilenetakoa eta latzena estreinatu du: “Sambre”. Eredugarria iruditu zait; benetako kasuak jorratzerako orduan fikzioak eman dezakeen (eta eman beharko lukeen) guztiaren adibide aparta da. Berreraikuntza morbosotik aldentzen da eta traumaren berrikuspen dramatizatuari uko egiten dio.

«Biktimei omenaldia egitea du helburu telesail honek. Ez du gertatutakoa zehatz-mehatz azaltzeko asmorik». “Sambre” telesailaren atal bakoitzaren amaieran azaltzen den oharra ikusita, argi dago zein den telesail bikain honen xedea. Frantziaren historian emakume gehien bortxatu dituen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide; 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. 30 urtez baino gehiagoz garatzen den istorio honetan gizartearen, erakundeen eta, jakina, biktimen bilakaera ikusiko duzue. Poliziaren eta sistema beraren etengabeko akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira. Kronika oso zehatza osatu du Lestradek; sotila bezain gordina da, biribila bezain aseptikoa, morbotik zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean dituena.

Alice Géraud-Arfi idazle frantziarraren izen bereko liburua izan dute oinarri; Lestrade-k, Marc Herpoux-ek eta Géraud-Arfi-k berak osatu duten gidoia biribila iruditu zait, kasuaren erpin garrantzitsuenak ezin hobeto pantailaratu dituzte. Atal bakoitza ikerketaren garapenean funtsezkoa izan zen pertsonaia batean zentratzen da, eta gidoiaren egituran «nor izango ote da kriminala?» galdera hasieratik saihesten du; erasotzailea hasieratik ezagutzen dugu, eta beraz, ez dugu hau “Whodunit” tankerako telesaila.

Gainera, bortxatzailearen ekintza kriminalak ez ditu inongo momentutan erakusten, eta haren ondorio latzak baino ez ditugu ikusten. Nola izan zen posible, hain eremu txikian, 30 urtez gizon batek 50 emakume baino gehiago bortxatzea? Galdera horri erantzuna ematen saiatuko den miniserie biribila osatu du Lestradek, eta bortxaketaren kultura gure sisteman zergatik dagoen hain errotuta erakusten du. Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen dituen ezinbesteko obra iruditu zait. Azken urteotako lanik garrantzitsuenetarikoa da.