Itzea URKIZU ARSUAGA

Akeita maitea

Ebakia. Hutsa. Deskafeinatua izotzarekin. Kafesnea esne begetalarekin. Ez dela esnea, edari begetala baizik. Hutsa, baina sakarinarekin. Ea zer infusio dauden. Ados, rooibosa. Ba… kolakaua orduan.

Gure desio unibertsalen rankingean munduko bakea zerrendatzen jarraitzen dugun bitartean, ez gara gai kafe-garaiko hurrupatxoa eskatzerakoan ados jartzeko. Erreza litzateke, asko jota, ebakiaren eta kafearen arteko dikotomian mugitzea: bat edo beste. Baina, tira, bakea aipatu eta gero, itsusi ematen du testu honetan heterogeneotasunik ez onartzeak. Zenbat buru, hainbat akeita, beraz.

Kafearekiko gure irriken abanikoak erakusten baitu zenbateraino den anitza bizitzan ditugun lehentasunen hurrenkera. Ezkaratzean, bizilagunari ezin kartsuago kontatu diozu semeak bizikletan ibiltzen egun bakarrean ikasi duela, nahiz eta bere aurpegierak esan dizun beretzat haurrak eman beharreko pauso estandar bat baino ez dela hori. Lagunak telefonoz hitzartu zaitu, zurekin hitz egin nahi duela esateko: bigarren haurra espero dute eta, albistea Grial Santua baino hobeto zaintzeko eskatu dizun arren, inguruko dozenagarren haurra da. Zenbait kontuk gure mundua gelditzen dutela, alegia, ingurukoenak biraka jarraitzen duen bitartean.

Kontrara, inor gutxiren begiradak altxarazi arren, badira mundua egunero gelditu beharko luketen gauzak. Lankideak atera dit gaia kafe garaian, zutabe baterako ideia eskuzabal emanez, eta asmatu du zein den nire lehentasunen Top 5a. Tratu txarren eta genero indarkeriaren intentsitatea izugarri igotzen da udan, oporrek haiekin dakartelako erasotzailearen eta erasotuaren arteko bizikidetza-orduak luzeagoak izatea.

Ez da sakarinarik errealitate hori gozatzeko; ezta karga hori arinduko duen deskafeinaturik ere. Eguzkitako kremaren poto hutsari, gaizki geratzen zaigun bainujantziari edo selekzio baten asimilazioari begira gauden bitartean, asimilatzen dugu etxekonekoak min duela eztarrian bart senarrak lepoa gehitxo estutu ziolako. Ez duela kaferik hartzen, ezta arnasarik ere. •