AUG. 17 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Donejakue Bidetik Parisera gurea erakusteko beharra Ramon Sola Bakartxo Ruizen ahotan entzun nuen pasarte hau, ekaineko Europako hauteskundeen kanpainan. Anekdota Donejakue Bidean gertatu zen, Pirinio aldeko herri txiki batean: Garraldan. Bertatik igaro zen Herbehereetako erromes bat EH Bilduren mitina entzuten geratu zen eta galdezka hasi zitzaion gero, zein ote zen alderdi horren lerro ideologiko eta politikoa jakin nahian. Azalpenak entzun ondoren, guztiz harrituta agertu zen gizona, miresgarria iruditu zitzaiolako ezkerrekoa eta independentziaren aldekoa zen indar batek herrixka hartan eta hauteskunde apal haietan hainbeste jende bildu izana. Santiagoranzko bidean aurrera eginda, erromesak Atarrabiara heltzen dira egunero, uda partean tropelka. Elizarekin batera pilotalekua da arretagune berezia beraientzat: euskal bitxikeria bat, finean. Nago aurrerantzean bisitari gehienak harrituko direla burua altxatu eta zazpi koadrotxo dituen armarrian bat bakarra betea ikustean. Galdetuz gero, norbaitek azalduko die epaile baten erabakiaren ondorioz hustu dituztela gainerako seiak, Euskal Herria lur horretan irudikatzea bekatu larria omen delako. Commonwealth-eko armarria balitz, demagun, edo Afrikako Adarrarena, edo Pirinioetako Lan Elkartearena gertuko adibidea nahi bada, horiek ere ezabatzea aginduko ote luketen galdetuko dio bere buruari, erokeria galanta baita. Eta “Santiago y cierra España” lelo hark XXI. mendean indarrean segitzen duela ondorioztatuko du beharbada. Erabaki horrekin Atarrabiako Udalak bete-betean asmatu duelakoan nago. Nazio baten ukazioa, demokrazia falta eta agintekeria agerian uzteko modu eraginkorra lortu du, debekatzaileak irrigarri utzirik bertakoen eta kanpokoen begietara. Pedagogia hori behar du oraindik ere herri honek, eta aldi berean bere izaera erakutsi beharrean da, estatuen propagandaren aurrean Euskal Herria gero eta ikusezinagoa bilakatuko ez bada. Pasatutako pantaila dirudi, jada emandako borroka, baina gaurkotasuna badu. Izan ere, Donejakue Bidearen kontrako norabidea hartuta, euskal ikurrik ez da agertu Pariseko Joko Olinpikoetan. Are deigarriago, neure kasuan, arretaz aztertu ondoren, bi ikurrina baino ez ditut ikusi lehiakideen argazkietan: bata Filipinetako selekzioan diharduen Ibarrako lasterkari batena (John Cabang) eta bestea, Alemaniako futbol selekzioaren brontzezko domina lortu duen futbolari batena (Bibi Schulze). Horregatik susmoa dut Espainiaren banderapean lehiatu diren kirolari guztiei debekatu edota ohartarazi zaiela «ikur autonomikoak» ez zituztela atera behar txandal gorri-horia jantzita zuten bitartean. Bitartean, Kataluniako txiolari batek nabarmendu duen moduan, espainiar hedabideentzat Carlos Alcaraz Murtziakoa da eta Rafa Nadal Baleareetakoa, baina Aitana Bonmatí eta Beñat Turrientes, biak espainolak, espainolak baino ez. Ezin estatuei errua bota, ordea, beren lana baino ez dutelako egiten: Euskal Herria Euskal Herriak adierazi beharko du, argitara atera, ez du beste inork egingo. • Atarrabiako pedagogia hori behar du oraindik ere herri honek, estatuen propagandaren aurrean Euskal Herria gero eta ikusezinagoa bilakatuko ez bada