GAUR8 - mila leiho zabalik
[GERTUKO PLANAK] BIZKAIA / KARRANTZA

Karpin Fauna: animaliak babestu haien istorioa kontatuz

This browser does not support the video element.


Bruno BBK Karpin Faunan babesa aurkitu duen bi hartzetako bat da. Lau hilabete ingururekin heldu zen Karrantzara, animalien zentro batean ia espaziorik gabeko kaiola batean jaio ondoren. Ama beste zentro batera eraman zuten, baina Brunok beste hartz bat aurkitu zuen Karpinen, espezie bereko Ekhi izeneko emea. «Berak kume gisa hartu zuen Bruno. Horregatik izan zen posible biak espazio berean izatea, zeren hartzak animalia bakartiak dira. Orain ezinezkoa litzateke beste hartz bat sartzea, borrokan hasiko liratekeelako», kontatu du Markel Anton Karpin Faunako zuzendariak. Harekin bisitatu du GAUR8k 55 espezieren babesleku den espazioa, bertan bizi diren animalien barne-historietan sakonduz, horiek erakusten baitute zentroak zabaltzen duen mezua.

Atetzar batek gordetzen du parkea, antzina lursail pribatua izan zenaren itxiera bera da, eta landaredi ikusgarria kontserbatu du. Lehen geldialdia dinosauroen unibertso galduari eta ikerkuntzari dedikatutako errekreazioa da, “Dinosauroen harana”, txikienen gozamenetako bat izaten dena. Hortik aurrera, aldatsaz gora egiten duen bidea oihanaren soinuez betetzen hasten da: hegaztien karrankak, tximinoen oihuak, gurean ohikoak ez diren orroak...

Abandonatutako animaliak eta legez kontrako trafikoaren aurkako operazioetan konfiskatuak dira parkera heltzen diren gehienak, lekurik gabe geratu diren zoologikoetatik datozenak... Animalia horien ongizatea bermatzea da lehen urratsa. Horregatik, espazio batzuetan ezin dute ale gehiagorik jaso. Uretako dortokak dira, adibidez, jada hartzen ez dituzten animaliak. Ohartarazpen bat dago, halere, kasu honetan: autoktonoak diren dortokak daude gure basoetan, baina abandonatutako dortokak direlakoan heltzen dira batzuetan zentrora. «Batzuetan bakarrik dauden animaliak abandonatuta daudela pentsatzen badugu ere, gerta daiteke amarengandik edo taldetik urrundu izana, baina ez egotea galduta. Gomendioa da bertan uztea, eta beharrezkoa bada udaltzainei deitzea, haiek jakingo baitute zer egin», azaldu du askotan asmo onez izaten diren esku hartzeen inguruan.

Sarritan dauden espazioak handitu edo moldaketak egin behar izan dituzte animaliak gustuko dituen habitatak izan ditzan. Beste detaile bat aipatu du: kasuren batean lau alditan banatzen dute jaso beharreko janaria, adibidez, borrokak saihesteko. Tenperatura, elikadura, ohiturak, jokabideak... kontuan hartu behar diren beste faktore batzuk dira. Hamaika langile aritzen dira zentroan, biologian eta ingurumen zientzietan trebatuak gehienak. Zallako Eroskirekin duten hitzarmen bati esker saldu ezin diren produktuak jasotzen dituzte, eta horrek nabarmen handitu du animalien elikaduraren barietatea, azpimarratu du Antonek.

Historia apur bat eginez, duela 29 urte zabaldu zituen ateak 20 hektareatan sekulako instalazio eta berdeguneak dituen zentroak, aldaketa nagusi batzuekin, batez ere hasierako filosofiari dagokionez. Zoologiko gisa jaio zen zentroak laster aldatu zuen norabidea animalien babeserako espazio bilakatuz. Gaur egun, Basa Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Nazioarteko Merkataritzari buruzko Konbentzioaren barruan -CITES nazioarteko hitzarmena, gaztelaniazko izendapenean- eskuratzen dituen animalientzako harrera zentro ofiziala ere bada. Zaurituta aurkitutako animalia basatiak sendatzeaz arduratzen diren Gorlizko eta Martiodako zentroek ere bideratzen dituzte hara animaliak.

Animaliek ere badute iraganeko motxila

Bide horretan, hainbat irizpide finkatu ditu zentroak, besteak beste gatibutasunean bizitzera zigortutako animalia gehiagoren jaiotzarik ez eragiteko. Horregatik, antzutu egiten dituzte heltzen diren animaliak, «kondenatuta egongo liratekeelako hemen bizitzera, eta hori ez da helburua. Ez dugu haiekin espektakulurik egiten eta kontaktu zuzena edo janaria ematea ez da posible», zehaztu du.

Familia giroko bisitak, udalekuetakoak eta ikastetxeek antolatutako taldeak izaten dira nagusiki zentroko bisitariak. Urtean 40.000 bisitari inguru izaten ditu. Kontuan hartzekoa da animalienaz gain hainbat espazio eskaintzen dituela zentroak, egun pasa egiteko aukera paregabea emanez. Ordutegiaren barruan, egonaldiak ez du ordu mugarik.

Istorio bat dago animalia bakoitzaren atzean, bisitaldian zehar ezagutarazi eta kontzientzia pizteko erabiltzen dena. Kume eder eta xamur bat besoetan hartuta etxera eramango genuke, baina horrek sufrimendu handiko motxila ikusezin bat du. Sarritan etengabe umatzera behartutako emeak dira atzean daudenak, kumeak izan eta gutxira haiengandik apartatuak izaten direnak, horrek emearentzat suposatzen duen sufrimenduarekin. Horrez gain, etxeko bizimoduarekin bateraezinak diren baldintzak behar dituzten animaliek kalean abandonatuta edo zentroan utzita bukatzen dute sarritan. Adituak azaldu duenez, askotan ez dute ezagutzen talde animalia den, zer ohiturak dituen... Gertutik ikusi daiteke zentroan leku itxi edota txiki batean bizi diren animaliak edota talde espezietakoak izan eta bakarrik hazi direnek zer-nolako osasun eta portaera arazoak izaten dituzten. Surikatak aipatu ditu Antonek, horren adibide gisa: «Surikata bat bakarrik izatea ez da batere aproposa, psikologikoki oso eragin txarra du haiengan», baina tximinoen artean bere burua kolpatzen zuen alea ere izan dute, ziur asko Karrantzara heldu arte bizi zuten esperientziaren ondorioz.

Kalean aurkitutako pitoia

Narrastientzako espazioan, pitoi ikusgarriak daude. Horietako bat ikuskizunean erabiltzen zuen dantzari batek. «Hain handi egin zen, ezen ezinezko bihurtu baitzen. Deitu zuen zoo batera, eta han egon ondoren Karrantzara heldu zen, ziur asko lekurik gabe geratu zirelako», kontatu du Markel Antonek. Espazio handiago bat egokitu behar izan zuten suge horiak luzatzeko espazio nahikoa izan zezan. Ondoan dagoen pitoia Bilbon aurkitu zuten, kalean; norbaitek aske utzi ondoren, espaloira erori zen. Suhiltzaileek eraman zuten Karpinera. Binaka sartzen dira beharginak bere espazioa txukuntzera, oso arriskutsuak baitira. Anekdota kontatu du Antonek, lankide batek erratza utzi zuen eta minutu bakar batzuk behar izan zituen pitoiak tresna txikitzeko. «Ez dira pozoitsuak, baina, ez dirudien arren, oso azkarrak dira», azpimarratu du. Sugeen ondoan dagoen baranoa seinalatu du. Mezularitza zerbitzu bateko kutxa batean aurkitu zuten langileek.

Maren aurrean gelditu gara, egun batzuk baino ez daramatzate Karpinen, eta jada egokituta daudela azaldu du Antonek. Haiengandik gertu, hutsik dago hudoek hartzen zuten espazioa. Azken boladan, ez da hudorik heldu, moda kontua ere izaten da askotan animalien erosketa, baina garai batean oso modan egon ziren hudoak. Oso gertu, pantera lainotsu eder bat dago, itsu dago. Haren istorioa gordetzen du Karpin Faunak bertaratzen diren bisitarentzat.