AUG. 31 2024 Aro digitaleko bikote eredu ugariak Bikote ereduak etengabe aldatzen diren errealitateak dira. (GAUR8) Leire LAREKI SANCHEZ - Eneko MENDILUZE PLAZA Psikopedagogoa eta psikologoa Bikotea izatea zer den deskribatzea ez da lan erraza. Gaur egungo Aro Digitaleko aniztasun sozialean eredu ugari eraikitzen ari dira etengabe. Hala ere, definizio orokor bat eskaintzen ausartuko gara, non ziurrenik irakurle guztiak ez diren ase sentituko. Garai honetan, ohartzerako, eguneratuta baino gehiago zaharkituta gaude eta seguru artikulu hau horren isla dela. Behin hori adierazita, bikotearen definizioarekin ausartuko gara: bi pertsonak adostu duten eta beraien inguru sozialetik ezberdintzen den harreman forma berezia. Aro Digitalean bizi gara eta publikoki aro aldaketa hori onartu ez dela deritzogu. Datorren astean hasiko den ikasturteko ikastetxeen edukia aztertu besterik ez dago hori ondorioztatzeko. Liburuen arabera, ikuspuntu europazentristatik, Historiaurrea idazkeraren aurretiko garaia da; Antzinaroa, idazkeraren hasieraren eta Erromatar Inperioaren gainbeheraren artekoa; Erdi Aroak Amerikaren aurkikuntzan du amaiera eta Aro Modernoak, Frantziako iraultzan. Egungoa Aro Garaikidea da, baina, gure ustez, Aro Digitalean erabat sartuta gaude, pandemiak nabarmen elikatuta. Aro berri honetan, non adimen artifizialaren indarra gero eta sakonagoa den, zein bikote eredu aurki ditzakegu? Zazpi ataletan 21 bikote eredu aurkeztuko ditugu. 1. Bikoterik gabeko pertsonak: (1) Inoiz bikotekiderik izan ez dutenak, (2) bikotekide bila dabiltzanak eta (3) bikoterik nahi ez duten pertsonak. 2. Bikoteak eta internet: (4) Online harremanak (konpromisorik gabeko online harremanak, zibersexua edo sexting-a izan dezaketenak, fastlove ere deritzona) eta (5) bikote digitalak (teknologiaren bitartez elkar ezagutu dutenak eta sarearen bitartez harremantzen direnak, bikote birtualak). 3. Bikote anitzak: (6) Bikote irekiak (bikotea osatzen duten pertsonek bikotetik kanpo harremanak izatea adosten dute fideltasuna kolokan jarri gabe) eta (7) bikote polimaitekorrak (hiru edo gehiagoren arteko sentimenduzko harremana, guztien jakintza eta onarpenarekin). 4. Elkarbizitza iraunkorrik gabeko bikoteak (Living Apart Together): (8) Bikote transnazionalak (herrialde ezberdinetan eta modu jarraituan denboraldiak elkarrengandik urrun igarotzen dituzten bikotekideak), (9) modu iraunkorrean urruti bizi direnak (Long Distance Relationships), (10) asteburuko bikoteak (asteburu eta oporretan elkarrekin bizi diren pertsonak, Commuter Marriage) eta (11) elkarbizitza gabeko bikotekideak, auzo edo herri berean bizi direnak. 5. Elkarbizitza iraunkorra duten bikoteak: (12) Izatezko bikoteak, Erregistro Zibilean, edo elizaren bitartekoak, (13) bikote mistoak (herrialde, arraza edo etnia ezberdinetakoak), (14) ikasketa edo diru-sartze bikoitza duten bikoteak, (15) bikote sozialak (arrazoi sozialengatik edo ekonomikoengatik mantentzen diren bikoteak, bikote hutsak) eta (16) elkarrekin eta bereiziak dauden bikotekideak (elkarbizitza dute, baina sentimenduzko harremanik gabe, Living Together Apart). 6. Bikotea eta seme-alabak: (17) Seme-alabarik ez izatea erabaki duten bikoteak, (18) seme-alabak izan nahi eta ezin dituzten bikoteak, (19) habi hutsa duten bikoteak (seme-alaben emantzipazioa) eta (20) birsortutako bikoteak (bikote amankomunarenak ez diren seme alabak dituzten bikoteak, aurreko harremanetakoak). 7. Bikoteak eta indarkeria: (21) Bikote toxikoa (bat edo biak harremanarengatik sufritzen ari dira, zaurgarritasun psikologikoa, dependentzia emozionala, tratu txar psikologiko edo fisikoa). Bikote eredu gehiago daudela jakin badakigu, denbora eta gizartearen poderioz aldatzen ari den errealitatea baita. Nekazaritzan oinarritutako gizartetik, non banantzeak ez ziren onartuak, gizarte industrialera emandako aldaketa handia izan zen. Gizarte postindustrialeko rolen arteko berdintasun eta intimitatearen negoziaziotik gaur egungo gizarte digitalera eman den aldaketa ere sakona izaten ari da. Zer esango digu jaioberri batek 25 urte barru? •