Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

Gizon klaseko soldaduak Ertzaintzan?

Sarraskijale eskuindarrak gustura arituko dira egunkari batetik bestera, irratitik telebistara eta Instagrametik Tik Tokera albistea mokokatzen. Dudarik gabe, goxokia da komunikabideentzat eta putre oka-zaleentzat: Erregistro Zibilean sexu aipamena aldatu duen eta legeak emakumetzat hartzen duen pertsona batek labanarekin mehatxu egin dio bikotekideari, bi umeen aurrean. Gizon klasea azkar berotu da eta gogorarazi digu abisatuta geundela, Trans Legeak arriskuan jarriko dituela emakumeak, gizon “horiek” (not all men) nahita eta nahieran erabiliko dutela andreei eraso egin eta zigor gogorrenak saihesteko. Agian, gogoratu behar da gizonek sekula ez dutela Trans Legea behar izan eraso egiteko.

Donostiako Txomin Enea auzoan erasoa egin zuenak lege-iruzurra egin ote zuen ala ez argitzeko dago. Baina imajinatu dezagun iruzur egin zuela; ez da zaila, zantzu batzuek hori pentsatzera bultzatzen baikaituzte, eta ez, «emakumeen janzteko eta jokatzeko erarik ez izateak» ez luke izan beharko alerta pizteko zantzua. Trans bizipenak estereotipoen arabera lerrokatzen amaitu dugu berriz.

Badago, ordea, iruzurraren teoria indartzen duen beste kontu bat: NAIZ eta GARAk jasotako testigantzen arabera, eraso egin zuen pertsonak lotura izango luke zenbait talde ultraeskuindarrekin, zeintzuk ez diren bereziki iaioak trans errealitateak ulertzen eta haien eskubideak defendatzen. Horrek beste galdera batera garamatza, betiere imajinatzen badugu iruzurra egin zuela: zer helbururekin egin zuen?

Komunikabideek aukera bakarra dute kontuan, eta Fiskaltza ere norabide horretan ikertzen ari da, izendapena aldatu aurretik ere bikotekideari tratu txarrak ematen zizkiola susmatzen baitu. Hori da hipotesi nagusia: aurretik pentsatuta bikotekideari eraso egingo ziola, sexu izendapena aldatu omen zuen, genero indarkeriaren partez zigor apalxeagoak dituen etxeko indarkeria egotz ziezaioten.

Baina, egiaz, kategoria bateko eta besteko delituen zigorrak «ez dira oso desberdinak», Juan Calparsoro Gipuzkoako fiskal nagusiak adierazi zuen moduan. Gainera, 2023ko martxotik indarrean den Trans Legeak zehazten du ezinezkoa dela erregistroko sexu-aldaketaren aurreko araubide juridikoa saihestea; hau da, egiaztatuko balitz Erregistro Zibilean aldaketa egin aurretik tratu txarrak ematen zizkiola bikotekideari, genero indarkeriagatik ikertuko lukete.

Bada, segi imajinatzen, zer helbururekin aldatuko luke sexu aipamena? Tik Tok, Youtube, X edo Instagramen aurkitu daiteke beste teoria bat, erasotzailearen ustezko joera ultraeskuindarrekin koherentea dena: «sistema feminista» arrakalatu nahi duen gizon klaseko soldaduarena. Bada talde bat -gurean txikia, zorionez-, aurrerapen feminista oro arbuiatzen duena eta identitate maskulinoa defendatzeko prest dagoena, eskubidetzat dituzten pribilegioak bere horretan mantendu daitezen. Hipotesi horrek zentzua izango luke erasotzailea ez balitz Ertzaintzako agentea, jakina baita instituzio horrek behar beste neurri hartzen dituela bere lerroetan ultrarik sar ez dadin. •