Rohingyen genozidioa errepikatzeko arriskua
Goiko irudia 2020ko ekainaren 25ekoa den arren, gaurkotasuna du oraindik ere. Rohingyen kontrako genozidioaren zazpigarren urteurrena bete denean, Myanmar eta Bangladesh banatzen dituen Naf ibaia zeharkatzen jarraitzen dute ihesi edo, argazkian bezala, Indonesiarako bidea hartzen dute. Iaz, 2.300etik gora errefuxiatu rohingya iritsi ziren Aceh-ra. Myanmarrerako Nazio Batuen Erakundearen errelatoreak, Thomas Andrewsek, 2017ko abuztuan hasitako genozidioa berriro ez errepikatzeko neurriak hartzea exijitu berri du Segurtasun Batzordean. Myanmarreko Indar Armatuek 10.000 rohingya hil zituzten eta aste gutxitan 700.000 zibilek Bangladeshera ihes egin behar izan zuten. Andrewsek ohartarazi duenez, «zazpi urteren ondoren, historia errepikatzen ari da Rakhine estatuan. Orduan bezala, soldaduek zibilei eraso egiten diete eta hil eta kanporatzen dituzte». Horrez gain, Batzorde Militarrak rohingyak bortxaz errekrutatzen ditu Arakan gerrillaren kontra borrokatzeko eta horiek rohingyen zenbait herrixkari su eman diete.