SEP. 07 2024 PANTAILA TXIKIAN Udan pantaila txikian ikusitako onena Ikasturte berria hastear den honetan, udazkeneko estreinaldiak ate joka ari dira dagoeneko. Iritsiko direnei heldu aurretik, ordea, udako motxilan sartutako eduki guztia bildu eta plataforma digitaletan ikusitako onena zerrendatzea pentsatu dut. Honatx, udan pantaila txikian ikusitako onena.. «Under the Bridge» telesailaren irudia. (GAUR8) Gaizka Izagirre Under the Bridge DISNEY + “Under the Bridge” ikusten ari nintzela, “Mare of Easttown”, “The Killing” edota “Sharp Objetcs” telesailak etorri zaizkit burura; antzekotasunak dituzte. Benetako kasu batean oinarritzen den miniseriea da honako hau; 1997an Kanadako Victoria hirian Reena Virk izeneko gaztea desagertu eta ordu gutxira hilik azaldu zen. Susmagarri nagusiak inguruan dituen lagunak dira; susmagarriak izateaz gain, ez dute ahuldurarik azaltzen. Asko harrapatzen duen trama nagusi horren muinean, biziki interesgarria iruditu zaidan ikuspegi soziologiko bat ere eskaintzen du miniserie honek. Sistema eta gizarte akastun batek babesik gabe utzi dituen nerabeen bizitza birrindua erakusten du. Helduak Reenaren hilketaren basakeriari zentzua ematen saiatzen ari diren bitartean, telesailak gazteen perspektibak eta esperientziak ezagutzera gonbidatzen gaitu, eta horrek, ezinbestean, krimenean nahasita dauden gazteak ulertzeko moduan eragiten du. Eta asko txalotzen dudan beste zerbait: indarkeria bisualki ez nabarmentzeko hartutako erabakia. Basakeriaz eta iluntasunez gainezka dago istorioa, latza eta gogorra da, baina “Sambre” telesail bikainean egiten duten moduan, ez da esplizituki ezer ikusten. Pertsonaia ugari ditu istorioak, baina, Reena Virk hildako nerabeaz gain, Riley Keough eta, batez ere, Lily Gladstonen lanak nabarmenduko nituzke. Lehenak Rebecca Godfrey idazlea gorpuzten du -telesailak oinarri hartu duen liburuaren idazlea-; idazketa prozesuan murgilduta dago eta jaioterrira itzuliko da elkarrizketa eta ikerketen bidez liburua osatzera. Herri txiki bateko nerabeen ezkutuko munduan sakon murgilduko da. Bigarrenak, Scorseseren “Killers of the Flower Moon” filmean deskubritu nuenak, polizia baten rola jokatzen du; aktore itzela iruditzen zait eta telesailean lan bikaina egiten du. Presumed Innocent APPLE TV+ David E. Kelley sortzaile ezagunak Harrison Ford protagonista duen “Presumed Innocent” film mitikoa pantaila txikira moldatu eta protagonista nagusi gisa Jake Gyllenhaal entzutetsua aukeratu du. Jatorrizko filma ikusi baduzue ere, moldaketa berri honekin gozatuko duzue. Asko harrapatuko zaituen telesaila da, suspense-giroak ez duelako etenik, baita gidoi-biraketengatik ere, eta interesgarriena ondorengoa da: liburuaren eta filmaren oinarrizko kontzeptuak hartu, eguneratu eta gai eta ideia berriak txertatu ditu Kelley-k gidoian. Emakumezko pertsonaiak, esaterako, askoz garatuagoak daude telesailean eta Barbara-ren pertsonaiari (Sabich-en emaztea) denbora luzea eskaintzen zaio; barne gatazkak erakutsi eta sufritzen dituen alboko kalteak eta ondorioak agerian uzten ditu. Gainera, pertsonaia nagusiaren nortasuna desberdina da, Forden xalotasuna Gyllenhaalen testosteronak ordezkatu baitu; gizonezkoen ego mugagabea, nartzisismoa edota maskulinitate toxikoa ageri dira, besteak beste. Alderdi psikologikoak presentzia nabarmenagoa du telesailean. Pertsonaia kopurua apur bat murriztearekin batera, istorio bera filmean 125 minututan azaltzen zuten eta hemen, sei ordutan; pertsonaia gutxiago badaude, eta horiei eskaintzen zaien tartea zabalagoa bada, bistakoa da sakontasun askoz handiagoa dutela. Gidoia zorrotza eta zehatza da; ikusleari eskaintzen zaion informazioaren dosifikazioa oso neurtuta eta zainduta dago, ezinezkoa da hurrengo atala ikusteko gogorik ez izatea. Jake Gyllenhaal-ek du presentzia nagusia eta hamarreko lana egiten du. Anbiguotasun etengabean mugitzen da une oro eta bikain eusten dio horri; ez dakigu bera izan den ala ez, baina, ikusle gisa, bere senide eta ingurukoei gertatzen zaien moduan, pertsonaia horrekiko mesfidantza iraunkorra da. Gainerako aktoreek ere lan ikaragarria egiten dute. Thrillerrak, drama politiko-judizialak eta misterioak gustuko badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila. I Am: Celine Dion PRIME VIDEO 2022ko abenduan Celine Dion musikariak bizitza profesionala eta pertsonala aldatu zion albiste baten berri eman zuen: SPS edota Pertsona Zurrunaren Sindromea delakoa zuen. Nahasmendu neurologiko eta autoimmunea da, giharretako espasmo jasanezinak eta zurruntasuna eragin ditzakeena. Artistari sakon eragin dion gaixotasuna da, eta gaur egun ezin du kontzerturik eskaini edo diskorik grabatu. Irene Taylor Brodsky zinemagileak urtebete baino gehiago eman du abeslaria grabatzen eta horren testigantza jaso du “I Am: Celine Dion” dokumental hunkigarrian. Barru-barrutik irtendako kontakizun honi esker, eta gaixotasunarekin duen borrokaren berri ematen duen bitartean, narrazioak iraganera eta orainaldira eramango gaitu. Abeslari gisa bizi izandako hainbat une ikusiko ditugu, baina bereziki izugarri sufritzen ari den artista baten istorioa erakusten du dokumental honek. Abeslariak, zintzotasun gordina erakutsiz, Las Vegaseko bere etxeko ateak ireki ditu -ia konfinatuta bizi da bertan-, eta gardentasun osoz azaltzen eta erakusten du kamera aurrean pasatzen ari dena. Dion-en elkarrizketa bere ibilbideko zenbait eszena musikalekin tartekatzeak ikustaldia asko arintzen duen arren, batzuetan astun samarrak iruditu zaizkit, eta horregatik luze samarra iruditu zait. Azken urteotan sakontasunik gabeko “Fan service” (fan zerbitzua) kiratsa darion lan ugari estreinatzen ari dira eta zaleak pozteko eta harrapatzeko elementu merkeak izaten dituzte; zorionez, “I Am: Celine Dion” ez da horietakoa eta ikaragarri eskertu dut. Celine Dion-en musika gustatu ala ez -aitortuko dut niri ez zaidala asko gustatzen-, biziki gomendatzen dudan lana da. Boiling point MOVISTAR+ 2021ean “Boiling Point” filma estreinatu zen. 92 minutu irauten duen sekuentzia-plano bakar batean grabaturiko film itogarria da. Denbora errealean, Londresko modako jatetxe bateko gau bakar bat erakusten du. Jendez gainezka dagoen jatetxe horretan murgilduko gara, eta kamerak Andy Jones (Stephen Graham) sukalde-buruari jarraituko dio bereziki; guztia pikutara bidali dezakeen krisi pertsonal eta profesional baten erdian dago. Tentsioa eta urduritasuna areagotzen joango dira, eta apurka-apurka irakite-puntuan jarriko da guztia. Bada, film horren amaieratik abiatuta, BBC kateak “Boiling Point” miniseriea estreinatu du, eta jatorrizko aktoreak eta lantaldea mantendu dituzte. Filma nola amaitzen den ez dizuet esango, baina telesaila sei hilabete geroago girotuta dagoela aurreratuko dizuet, eta Carly-ren pertsonaiari (Vinette Robinson) pisu handiago eman diotela. Edukian, baita forman ere, kontinuista da, baina sekuentzia-plano bakar batean filmatzearen erabaki arriskutsu hori bazterrean utzi dute oraingoan. Barne gatazkez josita dauden pertsonaien bitartez sukalde frenetiko batean murgiltzea liluragarria iruditzen zait, badu zerbait magnetikoa. Hori bai, filmean ez bezala, hemen, patxadarako abaguneak badaude, pertsonaien arku dramatikoak oso ondo garatzen laguntzen duten parentesi txikiak. Sukalde horretatik kanpo paseatzera aterako gaitu kamerak, eta bizitza pertsonaletan sakon murgilduko gara. Paseo horiei esker buruko gaixotasuna, antsietatea eta alkoholismoa bezalako gaiak agerian geratuko dira. Arnasgune gehiago dauden arren, estresagarria izaten jarraitzen du, ez pentsa lasaitasunerako tarte handiegirik dagoenik. Mountain Queen: The Summits of Lhakpa Sherpa NETFLIX Dokumentalaren lehen minutuetan AEBetako supermerkatu batean lanean ari den 50 urte inguruko emakume baten irudiak azaltzen dira. Lhakpa Sherpa da; alpinista eta xerpa nepaldarrak 2022ko apirilean igo zuen Everest hamargarren aldiz, emakume batek inoiz egin duen igoera kopururik handiena. Heroia Nepalen, langile anonimoa Amerikan. Dokumental honek, lortutako balentria erakusteaz gain, bere bizitza latzaren errepaso sakona egiten du. Filmaren abiapuntua hamargarren igoera prestatzen ari den unea da; 15 urteko alaba, Shiny, Nepalera joango da berarekin, baina 19 urteko Sunny ez, eta aurrerago jakingo dugu zergatia. Bidaia horretan, Lucy Walker zuzendariak Lhakpa bere bizitzako istorio gogorra kamera aurrean azaltzera gonbidatuko du. Elkarrizketa nagusi horretaz gain, igoeren irudi ikusgarriekin, artxiboko irudiekin eta urteetan zehar egindako elkarrizketekin hornitu dute narrazioa. Dokumentalak sentsibilitatez eta errespetuz lantzen ditu Lhakparen sustraiak, baina agerian uzten ditu hain errotuak zeuden patriarkatua eta matxismoa: umetan ez zioten eskolara joaten uzten eta, emakumeek mendiko gidari gisa lan egitea debekatua zutenez, urte batzuk geroago ilea guztiz moztea erabaki zuen, adibidez, “gizonezko itxura” hartzeko. George Dijmarescu eskalatzaile errumaniarrarekin ezkondu zen pasartea ere agertzen da, ziurrenik bizitza horren unerik ilunena eta lazgarriena; hasieran dena zen zoragarria, baina urteak igaro ahala etengabeko mehatxu, abusu eta tratu txarrak jasan zituen. Iluntasun horretan, zaila da, ikusle gisa, aldarte onari eustea, baina ordu eta erdi pasatxoko ikustaldiaren ostean, zutik jarri eta Lhakpa Sherpa txalotzeko gogoa ematen du. Gidoiaren egiturak eta muntatze lanak Lhakparen ahalduntze prozesua apurka bizitzeko aukera eskaintzen dute. Bere erresilientziak eta izaerak dokumental osoa argiztatzen dute eta bere indarrak laino beltz horiek emeki-emeki urtzen ditu. Emakume aitzindari baten istorio hunkigarria iruditu zait. Ikusi, ez zarete damutuko. Megamix brutal RTVE PLAY / 3CAT “Max Mix”, “Caribe Mix”, “Maquina Total” eta abar. 80ko eta 90eko hamarkadetako Estatu espainiarreko musika industrian arrakasta itzela izan zuten bilduma diskoak dira horiek. Hamarkada haietan dozenaka disko argitaratu zituzten, baina gutxik zekiten zer zegoen horren guztiaren atzean. Hiru ataleko “Megamix brutal” dokuserieari esker, Megamix fenomenoaren atzeko historia ilun eta harrigarria ezagutuko dugu. Azpijokoak, estortsioak, iruzurrak, bahiketak eta hilketa-saiakerak dance musikarekin tartekatzen diren bitartean, musika-eszenaren barruan gertatutako ustekabeko kronika beltzaren kontakizun honen lekuko izango zara. Azaltzen den guztia egiazkoa da, nahiz eta mafiosoei buruzko edota Coen anaien film batetik irtendako egoerak diruditen. Musika dokumentala, true crime-a edo biak? Bada, hori da, hain zuzen, lan honen alderdirik sendoena; ezin hobe uztartzen ditu bi azpigenero horiek. Musikazalea bazara, asko gozatuko duzu, eta krimen edota istorio ilunekin gozatzen duzun horietakoa bazara, are gehiago. Oso lan dinamikoa da eta ikuserraza, ikaragarri gozatu dut. Era honetako lanetan oso ohikoa izaten da atalak etengabe luzatzea eta garrantzitsuak ez diren kontakizunak sartzea; hemen ez, zuzenean muinera jotzen dute eta gertaera garrantzitsuak soilik azaltzen dituzte. Zenbait unetan umorea ere erabiltzen da, eta horrek arintasunez bustitzen ditu istorioaren zenbait pasarte. Gainera, muntatze-lan oso zehatz eta freskoa erabili dute elkarrizketak, garaiko irudiak, zuzenekoak, bideoklip zatiak eta birsorkuntzak gidoiaren egituran zehar txertatzeko. Garai hartako ekintza eta elkarrizketen birsorkuntzak nola egin dituzten deigarria iruditu zait; kontakizunaren benetako protagonistak -elkarrizketatu nagusiak, alegia- aktoreekin eta eraikitako agertokiekin nahastu dituzte, eta ukitu zinematografiko bitxi eta oso erakargarria ehundu dute. Sambre MOVISTAR+ Luze eta zabal hitz egin nuen telesail honi buruz uztaileko GAUR 8-n, baina derrigorrez berriro aipatu behar dut, aurtengo onenetarikoa iruditzen zaidalako. Frantziaren historian emakume gehien bortxatu zituen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide; 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. 30 urtean baino gehiagoan garatutako istorio honetan gizartearen, erakundeen eta, jakina, biktimen bilakaera ikusiko duzue. Poliziaren eta sistema beraren etengabeko akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira. Kronika oso zehatza osatu du Lestradek; sotila bezain gordina da, biribila bezain aseptikoa, morbo zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean jartzen dituena. Alice Géraud-Arfi idazle frantziarraren izen bereko liburua izan dute oinarri; Lestradek, Marc Herpouxek eta Géraud-Arfik berak osatu duten gidoia biribila iruditu zait, kasuaren erpin nagusiak ezin hobe pantailaratu dituzte. Atal bakoitza ikerketaren garapenean funtsezkoa izan zen pertsonaia batean zentratzen da, eta gidoiaren egiturak «nor izango ote da kriminala?» galdera hasieratik saihesten du; erasotzailea hasieratik ezagutzen dugu, eta beraz, honako hau ez da “Whodunit” tankerako telesaila. Gainera, bortxatzailearen ekintza kriminalak ez ditu inongo momentutan erakusten, eta haien ondorio latzak baino ez ditugu ikusten. Nola izan zen posible, hain eremu txikian, 30 urtez gizon batek 50 emakume baino gehiago bortxatzea? Galdera horri erantzuna ematen saiatuko den miniserie biribila osatu du Lestradek, eta bortxaketaren kultura gure sisteman zergatik dagoen hain errotuta erakusten du. Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen dituen ezinbesteko obra iruditu zait.