SEP. 14 2024 Aspaldiko lagun berriak Maddi AIESTARAN Ez dakit nongo ez dakit ze herritan, parrandara etorri dira bost lagun; berez elkarrekin egotera etorri dira. Lurrean eseri dira oraintxe, plaza baten erdian. Korro bat osatu dute, belauna belaunaren kontra. Elkar ezagutzera nahi dute jolastu. Ikaragarri maite dute elkar, oso lagun onak dira bostak, udak eta udak daramatzate ia egun oro elkarrekin zukutzen, baina badago zerbait esaten diena elkar nahi dutela gehixeago ezagutu. Ze “ez dakit seguru ahizpa bat duen edo bi neba”, “ez dakit ze harreman duen bere gurasoekin, bere kuadrillarekin”, “nolakoa den bere herria”, “zer gustatzen zaion egitea arratsalde libreetan”… Nerabetan alkohol botila artean egiten diren jolas txatxuetan nola, elkarri galderak eta galderak eta galderak egin dizkiote. Eta harrizko aurpegia geratu zaie, barre egin dute, serio jarri dira, eta batez ere gustura sentitu dira aspaldiko lagun berrien ondoan, ezagutza-jolasak iritsi izan ez diren tokietara iritsi direlako ezagutza-elkarrizketak. Udalekuetatik bueltan elkarren lagunik onenak bihurtzen dira urtero-urtero. Uda bat irauten du intentsitateak. Iraileko azken asterako, bakoitza bere bizitzara bueltatzen da. Eta hurrengo uztailean berriz elkarrengana. Mantentzen dute harremana, saiatzen dira planak egiten, egoten dira pare bat aldiz ikasturtean zehar, baina hori: udak mantentzen ditu gertu. Hala erabaki dutenean, apurtu dute korroa eta tentetu dituzte belaunak. Pixka bat gertuago sentitzen dira elkarrengandik. Polita da sentsazioa. Orain, ez dakit nongo ez dakit ze etxetako ez dakit ze koltxoitan, bostek batera lo egingo dute. Elkarrizketek balio baitute elkar hobeto ezagutzeko, baina elkarrekin lo eginez ere estutzen baitira harremanak. •