SEP. 14 2024 3 BEGIRADA: Ikasturte maitea Ikasleak ikasturte hasieran Zarauzko Orokieta eskolan. (Jon URBE | FOKU) Nerea GODOY FUENTES Hezitzailea eta Bizipozako kidea San Juan suaren gainetik salto eginez agurtu genuen haur, gazte eta helduok 2023-24 ikasturtea. Nolakoa da errutinarako itzulera? Nola bizi dugu? Hona hemen hiru gutun eder, 2024-25 ikasturteari ongietorri gozoa emateko. IKASLEA Aurten bigarren mailara igaroko naiz eta lehenengo maila baino errazagoa izatea espero dut. Batzuetan ez da erraza esan nahi dudana idaztea, letrek dantza egiten dute koadernoko lerroetan. Xabik asko lagundu zidan aurreko ikasturtean, irakasleak elkarren ondoan eseri gintuenetik egin ginen lagun. Xabik oso ondo idazten du, bere letrak irakaslearena dirudi! Amak esaten dit bihotzarekin laguntzen didala, hanka sartzen dudanean ez duelako nire kontura barrerik egiten. Nirekin batera egiten du barre. Adibidez, ezabatzen hasi eta orri zati bat apurtzen dudanean, sustoa hartu eta zeloarekin konpontzen dugu elkarrekin, barrez. Nik lokarriak lotzen laguntzen diot korapilo super estua eginez, beti askatzen zaizkio eta. Izan daitezela eskolako (eta munduko) harreman guztiak gurea bezalakoak, elkarri lagunduz, elkarri entzunez eta elkarrekin gozatuz. GURASOA Gure bikiak aurten hasiko dira haurreskolan, nagusiak azken ikasturtea egingo du Haur Hezkuntzan. Harrigarria da zenbat hazi diren eta nire buruari galdetzen diot nora begira egon ote garen. Seme nagusiak ilea luze utzi nahi izan du uda honetan eta ilerako koloreetako zinta hartu zidanetik, ez du besterik jantzi. Matxismoa, arrazakeria, kapazitismoa eta bazterkeria guztiak identifikatu eta baztertzen dituen gizarte batean haz daitezen nahi nuke. Zalantzan jarri gabe zer, nor, nongoa den. Horrela hezi ditugu eta horretan jarraitu nahi genuke, akatsak akats. Nik hirugarren urtea hasiko dut euskaltegian. Astelehen eta ostegunetan, lanetik irten eta eskolara haurren bila joan aurretik daukadan tartetxo horretan zenbat gozatzen dudan. Tarteka oso nekatuta ere heltzen naiz, hiru haur etxean, lana… baina Euskal Herrian bizi garenetik, euskaraz bizi nahi dut, euskaran. Balio asko dira ondorengoei helarazi nahi dizkiegunak, gureak eta denborarekin geureganatutakoak. Hezi gaitezen irrian, aniztasunean eta enpatian. HEZITZAILEA Ikasturte berriarekin, zikloari berrekingo diogu. Bost urtekoen gela izan nuen iaz; beraz, aurten lau urtekoena. Ikasleen adina beti berbera da eta ni, ordea, haurrak baino urtebete zaharragoa naiz urtero. Haatik, beharrak, interesguneak, beldurrak, galderak, ideiak, ametsak beti aldatzen dira. Ederra da haurrengandik eta haurrekin ikasten dudanaz ohartzea eta horrek ez dit zahartzen uzten. Egia da, bai, hasi nintzenean gorputzak beste modu batean erantzuten zidala, txangoetan, besotan hartzean edota haiekin jolastean. Baina hasi nintzenean bokazioak elikatzen ninduen eta orain ere halaxe da. Metodologia berriak, ondo ahoskatzen saiatzen naizen lehen aldiz entzundako izenak, familia osatzeko modu berriak, teknologiarekiko harremana… Eutsi diezaiogun hezkuntzari ilusioz eta bokazioz, datorrena beso zabalik besarkatuz. •