GAUR8 - mila leiho zabalik
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

Segurtasunak ez luke askatasuna txikitu behar


Mugimendu feministak pentsatu eta egin duen bideari esker identifikatu eta adierazi dira indarkeria mota ugari, irakatsi du indarkeriok gurutzatu ditzakeela modu desberdinetan gorputz jakin batek, testuinguru zehatz batean, okupatzen duen espazioaren arabera. Yaneli Gonzalesen hilketa salatzerakoan, adibidez, Emakume Migratu Feministek adierazi zuten erasotzailearena soilik ez, sistema kolonial, patriarkal eta arrazista oso baten biktima ere badela. Gisele Pelicoten kasuan, hainbat feministak bateratu dute beraien ahotsa oraindik hegemonikoa den narratiba patriarkalak arrakalatzeko: bortxaketak, hiltze matxistak gertatzen badira, hauek existitu daitezen prestatu den gizarte bat bizi dugulako da, eta ez bertan munstroak, gaixoak, zoroak, bizi direlako.

Horregatik, inoiz ez du funtzionatu sagar usteltzat ditugun horiek jendartetik erauzteak eta, hala ere, tematuta segitzen dugu ibaiari ur tantak lapurtzen, ea inoiz korrontea eteten dugun. Antipunitibismoari buruz entzutean, zenbait pertsona asaldatu egiten dira, esanez bizikidetza ez dela posible komunitatean erasotzailerik badago. Bada, ez al gara jada hori egiten ari? Ez al gara, egunero eta edonon, erasotzaileen bizikide? Zigorraren eta segurtasunaren mitoak itsututa ardurak hartu beharrean arduradunak kanporatzen jarraitzen badugu, indarkeriok sortzen dituzten sistemak betikotzea besterik ez dugu lortuko.

Azken asteetako titularrak: Luhusoko festak, espazio publikoa, bortxaketa bat. Gisele Pelicotek bere senarrarekin, Dominique Pelicotekin, bizi zuen etxea, espazio pribatua, bortxaketa asko. Gonzalesek Bilboko Santutxu auzoan bere bikotekidearekin bizi zuen etxea, espazio pribatua, heriotza bat. Andreen gorputza publikoa denean, espazio pribatua eta publikoa trantsizio eremu soilak dira, beraz, segurtasuna mitoa izango da patriarkatua existitzen den bitartean.

Horrek esan nahi du beldurrez bizi behar dugula? Bada, ahal bada ez, estrategia emantzipatzaileak behar dira, eta ez hertsatzaileak. Nerea Barjolak “Microfísica sexista del poder. El caso Alcàsser y la construcción del terror sexual” liburuan azaltzen du nola terrore sexualaren errelatoak, beldurra zabaltzeak, zenbait egoera neutral arriskutsu gisa birdefinitzen dituen, adibidez, gauez bakarrik ibiltzea, eta nola eragiten duen neska eta andreek, modu orokortuan -salbuespenekin-, portaera horiek bertan behera uztea.

Segurtasuna irabazteko ahaleginetan, beraz, askatasuna galtzen bukatzen dugu, baina batak ez luke izan beharko bestearen arerio: (sexu) harremanen testuinguruan, kasurako, lortu dugu gutxieneko adostasun bat eta printzipio gisa finkatu dugu onespena eta ezetza errespetatzeko betebeharra. Lorpen garrantzitsua da hori, dudarik gabe. Baina patriarkatuaz libratzen garen arte, baiezkoa askatasun osoz emateko aukerez ere hitz egin beharko genuke.

Ez ditzagun erosi munstroak saldu nahi dizkiguten narratibak eta, indarkeriak bizi gaituzten bitartean, aitortu dezagun beldurrak desobeditzeko praktiken botere askatzailea, datorrena datorrela. •