Amazoniatik hegoaldera hedatutako suteak larriagotu ditu ezohiko lehorteak
Brasilgo nekazariak hagitz kezkatuta daude herrialdean goitik behera zabaldu diren suteengatik eta klima larrialdiaren eraginez jasaten ari diren idorte historikoagatik. Azukre-kanabera, kafe, laranja eta soja ekoizten eta esportatzen lehena da munduan Ameriketako herrialde handi hau, baina kalteak jasan ditzakete uzta horiek.
Marcos Melonik bizi-bizi oroitzen du abuztu amaierako egun hura: sugarrei aurre egiten saiatu zen, azukre-kanaberen bere uzta hondatu ez zezaten, Brasilgo hego-ekialdean.
«Sutearen aurka borrokatzen ari ginenean, zisterna-kamioiaren atzerako ispiluaren plastikoa zimurtu egin zen bero ikaragarriaren ondorioz», azaldu dio Barrinhako nekazari honek AFP agentziari. São Paulotik 340 kilometrotara bizi da eta lan egiten du, nekazaritza eremu garrantzitsu baten erdi-erdian.
«Pentsatu nuen ez nintzela bizirik aterako kontatzeko», aitortu du.
Amazoniatik, herrialdearen iparraldetik, hegoaldera kiskali dituzte suteek azken asteetan Brasilgo eremu zabalak. Agintariek diotenez, nahita eragindako suteak izan dira. Adituek klima aldaketari egozten dioten; idorte historiko bat jasaten ari da herrialde handia, eta horrek sugarrak indartu ditu.
Ondorioz, azukre-kanabera, kafe, laranja eta sojaren munduko lehen ekoizle eta esportatzaileak kaltetzeko arriskuan ditu uzta horiek. Urrian euria egitea komeni da, gainerakoan okerrago izanen da.
Azukre-kanabera
São Pauloko estatu osoan, gutxienez azukre-kanaberen 231.830 hektarea hartu zituen suak, gehiago edo gutxiago, Unica azukre-kanaberaren batasun industrialaren arabera. Brasilen azukre gehien ekoizten den eskualde honetan lau milioi hektarea erabiltzen dira horretarako. Suak hartutako hektareen erdietan datorren hilabeteetan jaso behar dute uzta.
«Azukre-kanabera zutik gelditu zen lekuetan, ekoizpena erdira jaitsiko dela aurreikusten dugu», erran du Jose Guilherme Nogueirak, Orplana kanabera ekoizleen elkarteen antolakundeko zuzendariak.
Melonik bere uzta bildua zuen, baina kalte handiak izan zituen. «Ernamuinak zeuden lekuak erre ziren, ez ziren ateratzen ari ur eskasiagatik. Orain zain gaude berriro non erein dezakegun ikusteko».
Arabika kafea
Hego ekialdean, Minas Gerais-en, Brasilgo arabika kafearen %70 ekoizten den estatuan, kafe ekoizleak euriaren esperoan daude, beharrezkoa baita zuhaixkak loratzeko eta heldu den urteko uztan jasoko diren kafe-bihiak sortzeko.
«Ura falta da lurzoruetan; 40 urtean ezagutu dugun ur gabeziarik larriena da», adierazi du Jose Marcos Magalhaesek. Herrialdeko bigarren kooperatibarik handiena den Minasul-eko presidentea da. «Iraila bukatu aitzinetik euri dezente egin behar du 2025eko uzta normal samarra izateko esperantza izan dezagun», agertu du.
2023-2024ko uzta, bukatzear dagoena, berriki izan diren klima-baldintzek kaltetu zuten. Arabika kafearen produkzioa %8,2 handituko zela iragarri zuen maiatzean Conab estatuko hornitze konpainia publikoak, baina seguruenik baxuagoa izanen da, Renato Ribeiro São Pauloko Unibertsitateko ekonomia aplikatuko ikasketa aurreratuen zentroko (Cepea) kidearen arabera.
Laranjak
São Paulo eta Minas Ferais estatuetan ekoizten dira laranjak, neurri handi batean zukuen industria hornitzeko. Horiek ere jasan ditzakete idortearen ondorioak.
Maiatzean azaldu zutenez, 2024-2025 urteetako uzta azken hiru hamarkadatako baxuena izatea espero zuten. Baina Fundecitrus Brasilgo zitrikoen ekoizleen elkarteak are gehiago jaitsi zituen aurreikuspenak: iaz baino %29,8 gutxiago ekoiztea espero dute, bakterioek eragindako gaixotasun bat tarteko.
Soja
Soja, Brasilgo indar politikoaren eta nekazaritzaren negozioan nazioartean duen lekuaren zutabea izanik ere, ez zen salbatu. Bere ekoizpena %4,7 jaitsiko dela espero du Conab-ek, bai lehorteagatik bai apirilaren eta maiatzaren artean Rio Grande do Sul estatuan, hegoaldean, izan ziren euriteengatik. Orain, idortea ereite berriak gibeleratzen ari da.
«Klima hobetzen bada, soja ekoizleek galdutako denbora berreskuratzen ahalko dute», dio, itxaropenari eutsi nahian, Luiz Fernando Gutierrez Safras e Mercado sinadurako analistak. «Baina urrian ur faltan segitzen badugu, 2025eko uztan arazoak izan daitezke».
«Agroindustriak bere zoritxarraren ardura handia dauka», nabarmendu du Carlos Nobre klimatologoak. Izan ere, «berotegi efektuko gas gehien isurtzen dituen sektorea da Brasilen. Beharrezkoa du gutxitzea eta baso-soiltzea amaitzea. Begiak ireki behar ditu».
Lularen deia
Sute olatu hauen erdian, Brasilgo presidente Luiz Inacio Lula da Silvak Amazonia behin betiko diruz babesteko eskatu zien herrialde aberatsei.
«Egoera hagitz larria da», ohartarazi zuen Radio Norte FMko elkarrizketa batean, Amazoniako bidaiatik bueltan, planetako baso tropikalik handiena erasan duen muturreko idortearen eraginak bertatik bertara ikusi ondotik.
2023an jada lehorte gogorra pairatu zuten, eta orain, Amazoniako ibai batzuk inoizko baxuen daude. Botika eta elikagaien garraioa oztopatu du horrek, eta dozenaka landa komunitate isolatu, sugarrak hedatzeko gasolina izateaz gain.
Testuinguru horretan, estatuburuak «unea baliatzera» deitu ditu «europarrak eta garatutako mundua», Brasilek eta gainerako Amazoniako herrialdeek «dirua jaso behar dutela ohar daitezen, bertan bizi diren pertsonak zaintzeko. Zuhaitz adaburu bakoitzaren azpian lagun bat bizi da, eta oihana babestea bizimodu gisa ulertu behar da», defendatu zuen. «Arduraz jokatzeko» eskatu zuen, «bizi garen mundua suntsitzen ari garelako».
«Klima agintaritza» bat
Lulak oroitu zuenez, ekimen bat bidaliko du laster Kongresura Klima Larrialdien Estatutu Juridikoa ezartzeko, muturreko gertakariei aurre egiteko politika publikoak «sortu eta azkartzeko» asmoarekin.
Plan horrek «klima agintaritza» bat eratzea ere barne hartzen du, batzorde zientifiko batekin. Lider progresistak, gainera, armadan sartzen diren gazteak klima hondamendietarako prestatzea proposatu zuen. «Gure fokuak egokitzea izan behar du», adierazi zuen Manaos estatuko hiriburuan. Egitura hori Lularen hirugarren gobernurako (2023 eta 2026 urteen artean) hauteskunde kanpainako promesa bat zen, Marina Silva Ingurumen sailburuak egina.
«Klima aldaketarekin lotutako muturreko gertaera horiek gero eta maizago izanen dira, eta gero eta intentsoago», erran zuen Brasilgo presidenteak ekitaldian.
Gobernuak Amazonia ibaia eta bertze ibai batzuk dragatzeko obrak hasiko dituztela iragarri zuen. Ur garbigailuak ere banatuko ditu.
Biomasaren %1,6 erre da
Suteek Brasilgo Amazoniako 6.718.025 hektarea kiskali dituzte 2024. urte hasieratik hona; biomasaren %1,6 suposatzen du horrek, datu ofizialen arabera. Guztira, 63.189 sute foku zenbatu zituzten urtarriletik abuztura bitartean Amazonia brasildarrean, joan den urteko sasoi berean baino bi aldiz gehiago. Gehienak gizakiek eragindakoak izan direla susmatzen du Gobernuak.
Klima larrialdiarekin lotutako idortearen ondorioz, suteak errazago zabaldu dira eta ke hodeiak Uruguai eta Argentinaraino iritsi dira.