GAUR8 - mila leiho zabalik
[IRITZIA]

Hizkuntza konplexuak eta pluraltasun sinplea

Oldarraldi judizialaren aurkako protesta, Donostian. (Gotzon Aranburu | Foku)

Europako Kontseiluak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren araberako hainbat neurri eskatu dizkio Estatu espainiarrari, tartean epaiketak euskaraz egin ahal izateko neurriak. «Epaile batek erabakitzen badu Donostiako udaltzain batek ez duela zertan euskara jakin, zer dela-eta jakin behar dugu fiskalak eta nik?», pentsatuko zuen horren berri jakin orduko epaile batek baino gehiagok.

Hemen batzuek betiko matrakari eutsita segitzen dute. Dugu. Eta beste batzuek ere bai; euskara ez dela derrigor ezarri behar, ez irakaskuntzan ez beste ezein arlotan ere. Badira horretarako arrazoi franko. Bat, eta ez da nirea, epaile batena baizik, euskara oso zaila dela. Baliteke, bai, baina erlatiboki. Esate baterako, haur batentzat hizkuntza ez da zaila, bere hizkuntza euskara izanda ere. Ikusita nago ni lau urteko haurrak euskaraz ondo, barra-barra eta erraztasunez egiten. Eta kontatu didate badirela errusieraz egiten duten haurrak ere, pentsa, munduko hizkuntzarik zailenetakoa izanik; galdetu korearrei, bestela.

Jakina euskara konplexua dela, hizkuntza den aldetik. Batzuek diotenez, «alderantzizko sintaxia» du (beste askok aldrebesa dela diote, besterik gabe); bere perpausetako osagaien alderantzizko hurrenkera, alegia. Nondik begiratzen zaion; gaztetan, lagun batek esan zidan gaztelaniaz egiten dutenak alderantziz mintzatzen direla. Lagun hori ez da hizkuntzalaria, ordea, ezta epailea ere; euskalduna da, gaur egun pentsioduna.

Batzuetan gaztelaniazko edo beste hizkuntza bateko adierazpen batzuk ezin ditugu euskaraz baliabide analogoak erabiliz eman. Beste batzuetan, berriz, kontrakoa gertatzen da; euskarazko esaldi batzuk ezin ditugu gaztelaniaz modu analogoan eman. Esate baterako, nola adieraziko genuke gaztelaniaz perpaus hau?: Non gertatutako istripuaren berri eman dute? Nire ustez, hau izan liteke modu egoki bat: ¿Dónde ha ocurrido el accidente del que han informado?, eta ez nuke beste hau egokitzat joko: *¿Han informado del accidente dónde ocurrido?, euskarazko moldea erabiltzen tematuta. Horrela ikusita, balirudike euskara gaztelania baino errazagoa dela, argiagoa, ekonomikoagoa... Baina kontrakoa eman lezake gaztelaniazko perpausaren itzulpena egitean, haren baliabideak erabiliz gero.

Ez dago Koldo Mitxelena edo Lazaro Carreter izan beharrik, ezta epailea ere, horrelako soluzioak aurkitzeko. Edozein gaztelaniadunek erabiliko ditu egunero horrelako esaldiak batere buruhausterik gabe, eta berdin edozein euskaldunek ere euskarari dagozkionak, natural-natural, ume batek bezala, mintzatzean gaztelania gogoan ez badu behinik behin.

Baina gaztelania erreferentzia saihetsezina da, nonbait. Edo ingelesa, gaur egun beharrezkoa, betiere gomendagarria, Euskal Herrian ere bai, edo batez ere; horrek esan nahi du euskara ez dela beharrezkoa, ez gomendagarria, Europako Gutun hori gorabehera. «Gai identitarioa» omen da hura normalizatzeko neurriak aldarrikatzea, eta Euskal Herria plurala da. Bai, mundua ere bai. Hain zuzen ere, pluraltasunaren mesederako ez ote da onuragarri euskararen biziraupena bermatzea? Zer uste du berorrek? •