EMAKUMEAK, 1931-1939

Errepublikatik urte beltzetara, emakume izena duen erakusketa dago Larrabetzun

Bigarren Errepublikatik frankismoaren hastapenetara doan tarte kronologikoan, emakumeek arlo ezberdinetan bizi izan zituzten askatasunez eta urte beltzetan pairatu zuten jazarpenaz hitz egiten duten argazkiez bete dute memoria gela Larrabetzun. Herriko oroimen taldeak bildutako irudi eta informazioaren emaitza da.

Oroimen historikoa eta emakumeak protagonista dituen erakusketa zabaldu berri dute Larrabetzun, Anguleria Jauregiko memoria gunean. 1931. urtean hasi eta 1939ra arteko tarte kronologikoan kokatuta, emakume izena jarri dio historiari herriko oroimen taldeak: II. Errepublikak ekarri zituen askatasun haizeei begira jarrita hasiz, gerran pairatutakotik pasatuz eta frankistek ezarritako jazarpena, zigorra eta irabazitako eskubideen ezabaketa eta ukazioa erakusten dituzten irudietara helduz.

Hitz hauekin azaldu du talde morialistak erakusketaren nondik norakoa: «Erregimen errepublikanoak hainbat askatasun ekarri zizkien emakumeei, hala nola boto eskubidea, dibortzioaren legea edo lehen gizonentzat baino ez ziren lanbide eta kargu politikoetarako sarbidea. Aurrerapauso horiek guztiak emakumeek bizitza publikoan txertatzeko prozesuaren alderdi deigarrienetako batzuk izan ziren». Botoa edo dibortzioa bezalako eskubideak ekarri zituzten garai haietan; «Eskuratu ziren eskubideen babesean, emakumeak ordura arte izan ez ziren espazioetan agertzen hasi ziren».

Garai berriek, beraz, agertoki ezezaguna zabaldu zuten emakumeentzat, hegoaldeko lau herrialdeetan: «Hautsi egin zen tradizio zaharrek eta aurreiritzi sekularrek babestutako emakume prototipoa».

Irekitako espazio berri horiekin lotutako argazkiekin abiatzen da erakusketa, baina gertakariei jarraituz, gerra garaiarekin lotutako irudiak eta errepublikaren aurkako matxinada militarrak berrezarri zituen garai beltzetakoak daude: «Ama eta emazte sakrifikatuaren rola betetzera behartuta», diktaduraren hastape- netan kokatuta.

Panel ezberdinetan irakur daiteke historia hori guztia, era laburrean, garaiko argazki deigarriei testuingurua emanez. Gainera, «argitaratu gabeak» dira asko edo «ez oso ezagunak» gehienak, azpimarratu dutenez.

1931ko apirilaren 14an gertatutako monarkiaren abolizioarekin eta II. Errepublikak emakumeei ireki zizkien askatasun guneekin hasten da bidaia, eta geldiune ezberdinak egiten ditu espazio horietara heldutako emakumeen izen propioak eta istorioak era laburrean bilduz.

Sasoiko irudiek harrapatzen dute arreta gehienetan, lerroburuen ondoan, zenbait kasutan. Testuinguruaren gaineko hainbat zertzelada ematen duten argazki oin moduko testu laburretan bilduta dago informazioa, formatu arinean, eta nahiko izaera didaktikoarekin, irudiari historia jarriz eta bien artean ulermena erraztuz.

Erakusketak emakume milizianoei eskainitako paneletako bat. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Garaiko egunkariak eta aldizkako argitalpenak izan dituzte informazio iturri, besteak beste, eta horrek berak izaera bitxia eman dio zenbaitetan irudi bildumari, protagonistak inguruko hainbat datu eskaintzen dituelarik.

Irudi horietako batean, esaterako, emakumeak ikusi ditugu manifestazio batean Gasteizen. 1932ko apirilaren 14a da, Errepublikaren aldarrikapenaren lehen urtemuga. Panelak argazkian ageri diren emakumeek daramatzaten bandera errepublikazalean jartzen du begirada, segur aski Legutioko Circulo Republicano de Villareal de Alava izan zela aipatuz.

“Viva el feminismo”, 1932an

Askatasun haize berriekin, berehala hasi ziren nabarmentzen emakumeak politikagintzan, zuzenbidearen munduan edota kiroletan, besteak beste. Aro horri dagozkion irudi multzoan, “Viva el feminismo” leloa osatzen duten bost emakume gazteren irudia dago ikusgai, eta are bitxiagoa da azalpena. 1932. urtekoa da, Donostiako inauterietan emakumeak lehen aldiz konpartsa moduan agertu zirenekoa, eta konpartsa bateko kideak dira irudian agertzen direnak.

Clara Campoamor ikus daiteke beste irudi batean. Donostiako Urumea frontoian emandako mitin bateko irudia da, eta haren ondoan, agerraldian hizlari aritu zen Migel de Unamuno bilbotarra dago. Dagokion testuak zehazten du konstituzio berriaren proiektua egin zuten hogeita bat diputatuk osatutako taldean egon zela Campoamor, eta «hainbat eskubideren alde borrokatu zela: sexuagatik bereizketarik ez egitea, ezkontzaren barruan zein kanpoan izandako seme-alaben berdintasun juridikoa, dibortzioa eta sufragio unibertsala...».

1932. urtekoa da, era berean, “Estampa” aldizkarian argitaratutako erreportaje bat. Zuzenbidearen arloan nabarmentzen ari ziren emakumeen inguruko informazioa jasotzen du. Victoria Kent eta Clara Campoamor juristak eta Gorteetako diputatuak aipatzen ditu argazki azpiko testuak, baita Matilde Huici eta Maria Lacunza jurista nafarrak ere, diktadurak jazarriak biak. Erbestera jo behar izan zuen Matilde Huicik, eta Maria Lacunza «‘depuratua’ eta inhabilitatua» izan zela zehazten du panelak. Nafarrak ez zuen berriz abokatutzan jardun, eransten duenez.

Izen propio horien ondoan beste asko agertzen dira, eta izen-abizenen ondoan askotan oharkabean pasatzen diren hainbat detaile, pertsonalak eta garaiarekin lotutakoak, asko esaten dutenak. Oroimen taldeak azaldu du, halere, helburua ez dela izan fokua izen propio horietan jartzea, emakumeek bizi zuten garai baten adibide dira, baina «fokua ez dugu jarri nahi emakume ezagun horietan soilik. Ezezagun diren emakume askok borroka egin zuten eta asko eman zuten emakume guztien askatasuna lortzeko», azpimarratu dute memoria taldetik.

Iñaki Berazategi eta Biosne Zarandona Larrabetzuko Oroimen Taldeko kideekin bisitatu du GAUR8-k erakusketa, publikoaren aurreko estreinaldia egin aurreko minutuetan. Panelen ondoan, erabilitako bibliografia egokitu dute mahai handi batean. Hor kokatu dituzte hainbat liburu, aldizkari... garaiko tematikarekin lotuta guztiak. Urtebete eta erdiko lanaren emaitza dela argitu du Berazategik, eta, dedikatutako denboraz gain, bistakoa da pasio handia dagoela jarrita lan horretan.

Hasteko, Berazategik azaldu du erakusketak hurrenkera kronologikoa jarraitzen duela, emakumeek irabazitako askatasun eta eskubide berriekin abiatzen dela, gerra urteak daudela eta diktaduraren jazarpena jasotzen duela.

Argazki bakoitzaren aurrean gelditu gara, eta horren atzeko historia eta istorioak aipatu ditu ikertzaileak edo kazetari jubilatuak, Berazategik berak azaldutako aurkezpena jarraituz. Gozamena da ibilbidea haien ondoan egitea, irudiei begira bitxikeriaz eta detailez beteriko solasaldian.

Ibarruri eta Errusiako dirua

Panelen artean, altxor historiko gisa deskriba daitekeen prentsa artikulua aurkitu dugu. Dolores Ibarruri “Pasionaria”-ri II. Errepublika aldarrikatu eta hilabete gutxira “Estampa” aldizkariak eginiko elkarrizketa bat da. “Una terrible bolchevique” lerroburua du bi orrialdeko erreportajeak, eta etxean bertan egindako hainbat argazki biltzen ditu: Muskizko San Julian auzoko bere etxearen irudi bat dago, Ibarruri eledun komunista gisa mitin batean erakusten duena, “Pasionaria” etxe ondoko larreetan, mantala jantzita, sega zorrozten, edota beste emakume batzuekin batera harraskan, arropak garbitzen.

Horien ondoan, bi seme-alabekin ageri da lider komunista irudi batean. Argazki-oinak gogoratzen du sei seme-alaba izan zituela gallartarrak. Datuaren harira aipatu du Berazategik detaile horren atzean azaleratzen den errealitatea, garaian zegoen haurren hilkortasun tasa altua, adibidez.

Beste irudietako batean, liburu bat irakurtzen ageri da politikari bizkaitarra. Horren inguruan nabarmendu du irakurzaletasun handia izan zuen emakumea izan zela, eta gogoratu du horren erakusle dela Gallartan Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak Dolores Ibarruriren liburutegiari eskainitako espazio handia.

Dolores Ibarruri ”Pasionaria”-ri 1931n ”Estampa” aldizkarian egindako elkarrizketa. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Elkarrizketari begira, garaian artikulu horrek zuen garrantzia komentatu du larrabetzuarrak. Dioenez, kontuan hartu behar da Ibarruri, Bizkaian oso ezaguna bazen ere, meatzarien grebetan eta langileen borroketan parte hartzeagatik, Estatu mailan ez zela hain ezaguna. Artikuluak, beraz, denen ahotan zegoen emakume horren argazki hurbil bat eskaintzen zien irakurleei. Victor R. Añibarrok sinatzen du artikulua, “Euzkadi” egunkariko erredakzio burua zen bera, eta “Estampa” Madrilgo aldizkari grafikoan publikatu zen pieza. Elkarrizketatua izateak ez dio grazia gehiegirik egiten, antza. Dolores Ibarrurik berak azaltzen du ahalegin handia egin behar izan duela bere burua plaza publikoan aurkezteko. «Ia horretara behartu ninduten, nire afiliatu zereginetara jo behar izan zuten», dioenez, eta eransten du berari buruz berak merezi baino gehiago hitz egin dutela, eta ez oso modu mesedegarrian. «Esan izan da dirua jasotzen nuela propagandagatik, Errusiako dirua, noski. Ikusten duzu zelan luzitzen dudan» adierazi du politikari komunistak lanak gogortutako esku-azpiak erakutsiz.

Irudi bildumak emakume milizianoei eskaini dio espazioa, ustez Urnietatik gertu eginda dagoen argazki bat eskainiz. Bilboko Gil de Espinar argazkilaria da egilea, eta 1936ko abuztuaren amaieran dago datatuta. «Euskal fronteetan Errepublikaren defentsan armak hartu zituzten emakumeen kopurua esanguratsua izan zen arren -250 baino gehiago-, ia ez dago haien argazkirik», zehazten du panelak, eta segur aski miliziano anarkistak zirela dio, autoaren kristaletan CNT-AIT siglak agertzen baitira.

Emakumeen aurka erabilitako errepresioa «bereziki umiliagarria» izan zela nabarmentzen du beste panel batek, eta horretarako erabilia izan zen “burua soiltzea” islatu da zigorraren inguruan gordetzen den irudi bakanetako batean.

Gerraren bigarren urtea da, eta Robert Capa argazkilari ezagunak emakume batzuei egin die argazkia Bilboko Kale Nagusiko babesleku baten atean. Zakuen gainean eserita agertzen dira puntua egiten. Egunkari-paperez egindako txanoak dituzte, eta horrek bere mezua dakar: egun eguzkitsuetan etsaien hegazkinek jarduteko baldintza onak zeuden, eta hori dela-eta, bonbardaketaren ostean nahiago zuten babeslekutik gertu egon.

 

BESTE HERRI BATZUETARA ZABALTZEKO BOKAZIOA

Urte eta erdiko lan mardula dago erakusketaren atzean, hainbat informazio artxibo arakatuz, irudiak kontrastatuz, eta askotan argazki ezberdinetan errepikatzen diren aurpegi, eraikin eta kaleek emandako pistetan arreta jarriz egina, hortik ere informazio zabala eskura baitaiteke. Ikus daiteke, Iñaki Berazategi ikertzaileak irudietako hainbat detailetan fokua jarrita, kale bat edo bestea izan zitekeela emandako azalpenean. Harrigarria da detaile txikiek zenbat datu ematen duten, argazkia zehatzago kokatzeko denboran edo espazioan; Robert Capak Bilbon egindako hainbat iruditan, oraindik kontserbatzen diren eraikuntzak edota denborarekin horrenbeste aldatu diren lekuak ageri dira.

Erakusketa osatzeko ikerketa prozesuan garaiko aldizkariak izan dira tresna nagusietako bat, baina azterlana artxibo ofizialetatik ere igaro da; erabili dira Estatu espainoleko eta frantseseko liburutegi nazionalak, kasu, baina baita Memoria Historikoaren Zentro Dokumentala, EAEko Artxibo Historikoa edota Bizkaiko Foru Liburutegia bera ere. Lan horren emaitza Larrabetzuko herritarrei eskaini zaie lehendabizi, Udalaren laguntzarekin, baina Euskal Herri osora zabaltzea da taldearen asmoa, proiektu ibiltari gisa, zabalpen handiagoa emate aldera.