GLADYS SARIA

Lorea Argarate dibulgatzailearen lana saritu du EHUko Informatika Fakultateak

Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990) teknologo, dibulgatzaile eta musikariak jaso du aurtengo Gladys Saria, ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunen lana goraipatzea helburu duen saria. Loreak proiektuak genero-ikuspegiarekin lotzeko eta estereotipoak apurtzeko egin duen lana nabarmendu dute.

Lorea Argarate, Gladys Saria erakusten, aurreko ostegunean Donostiako Informatika Fakultatean.
Lorea Argarate, Gladys Saria erakusten, aurreko ostegunean Donostiako Informatika Fakultatean. (Maialen Andres | Foku)

Lorea Argarate Zubia teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarrak jaso zuen aurreko ostegunean Gladys Saria, ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea helburu duen saria. Puntueus Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatzen duten sariketaren hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta Guardia Zibilak 1979an hil zuen Gladys del Estal informatikaria gogoratzeko ere balio du, noski.

Arlo akademikoan fisika gradua hasi bazuen ere, telekomunikazio ingeniaria da gaur egun Berlinen bizi den Lorea Argarate (1990). Antolakuntza industrialeko graduondokoa egin du, eta bi master: Big Data & BI eta irakasleen prestakuntza masterra. Blockchain programa ere osatu zuen Deustuko Unibertsitatean, eta egun, Tazebaez kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu.

Musikarekiko pasioak fisikako ikasketak egitera bultzatu zuen, akustika ikasteko asmoarekin. Hala ere, ikasketak ez zituen momentu horretan amaitu eta telekomunikazio ingeniaritzan hasi zen, soinuan eta irudian espezializatuz. Bertan, arlo digitala eta programazioa deskubritu zituen. Gradua amaitu ondoren, beste esparru batzuetan murgiltzeko gogoz, antolakuntza industrialeko eta Big Data-ko masterrak egin zituen. Orduan hasi zen Deustotech-en lanean. Hezkuntzarekin eta zientzia-dibulgazioarekin zuen harreman estua ikusita, irakasleen prestakuntzarako master bat ere egin zuen, oinarri sendoagoak izateko.

«Gaztetatik ibili naiz zientzia eta teknologia munduan. Egia da horra nola heldu nintzen apur bat arraroa dela, musikatik heldu nintzelako. Kuriositateak beti eraman nau teknologia berrien munduan murgiltzera», onartu du Loreak. «Fisika asko gustatzen zitzaidan eta fisika munduan ibili izan naiz. Ingeniaritzan ere bai, hor dena maila praktikora jaisten duzulako, nik behar nuen zerbait. Eta beldurrak ere asko mugitu izan nau. Datuen munduan sartzen hasi nintzen, beldur puntu bat ematen zidalako gaiak. Algoritmoak eta abar, nahiz eta gaur egun agian jada ezagunagoak egiten zaizkigun. Bere garaian hor sartu nintzen eta gaur egun hor jarraitzen dut, datuetatik adimen artifizialera salto eginez eta hor apur bat ‘katxarreatzen’», gehitu du Puntueus fundazioari eginiko adierazpenetan.

Iratxe Esnaolaren eskutik saria jasotzen. (Maialen ANDRES / FOKU)

«Ikasketak amaitu nituenean Deustuko Unibertsitatean egon nintzen hiru-lau urtez, proiektuetan lanean. Proiektu horiek amaitzean zalantza apur bat sortu zitzaidan, mundu akademikoan jarraitu edo apur bat nire gauzak sortzen hasi. Tazebaez kooperatiba neukan oso gertu, lagun batzuek sortutakoa, eta hezkuntza munduan ere proiektu nahiko disruptiboak sortzen zituzten, zirikatzaileak. Eta nik hori beti buruan izan dut: teknologiarekin nola zirikatu, teknologia hezkuntza proiektuetan nola sartu...», gogoratu du bizkaitarrak.

Neskengan fokua jartzen

Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan murgilduta, bertako eta kanpoko agenteekin harremanetan, jakintza partekatuz. “White Mirror / Tech for Good” teknologia esponentzialaren ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen. STEAM ikuspegia ere oso presente izan du, InspiraSTEAM proiektuaren hasiera bizitzeko aukera izan baitzuen, eta ordutik, neskengan eragin daitekeen inpaktuari erreparatu dio.

«Une batean hor egotea egokitu zitzaidan, eta datu oso beldurgarriak ezagutu genituen. Nola 11 urterekin nesken autoestimua jaisten hasten den, nola beren burua ez duten ikusten arlo teknikoan lan egiteko gai... Esate hutsarekin ileak tente jartzen zaizkit. Ezin nuen ulertu hori zergatik gerta zitekeen. Baina gero hasten zara patroiak ikusten, konturatzen zara ez dela kasualitatea, dena dagoela mekanizatuta hori gertatzeko. Eta orduan pentsatu genuen, gazteengan fokua jartzen den moduan, umeengan eta neskengan ere jarri behar dela. Ezin dugu sortu mundu bat non neskek ez duten parte hartzen arazoen soluzioetan. Beste perspektiba bat ematen dute, beste ikuspegi bat. Eta gero, pertsonalki, aldarrikatu nahi nuelako arlo teknikoa ez dela programatzea bakarrik, pena handia ematen zidan hori entzuteak», dio.

«Eragin handia du emakumeak arlo teknologikoan presente egoteak, soluzio horiek emakumeen ikuspuntua behar dutelako. Eta jada ez bakarrik gizon edo emakume izateagatik, pertsona bakoitzak duen esperientziatik soluzio horri bere ekarpena egingo diolako da. Oso ebidentea da. Ni talde mistoetan egon naizenean modu horretan askoz gauza gehiago aurreikusten dira eta hobeto diseinatzen dira. Dibertsitate hori behar da, bai edo bai. Emakumeak egoteak inpaktu handia du proiektuetan», dio.

Argaratek zientzia eta teknologia munduan lanean dabiltzan erakunde desberdinen errekonozimendua jaso zuen. (Maialen ANDRES / FOKU)

Gaur egun Berlin da lan horretarako egoitza moduan hartu duen hiria. «Egia da Bilborekin antzekotasun batzuk badituela, baina abiadura handiagoan doaz. Une honetan Europan start-up gehien sortzen ari den hiria da, eta bertan egoteak abiadura hori ematen dit, teknologiak norantz doazen ikusteko aukera hori», adierazi du ekintzaile sena argi utziz.

«Ekintzailea izatea oso neketsua da, ez dut gezurrik esango. Beste alde batetik, oso emozionantea da. Egunero gauza berriak ikasten dira, egunero pertsona berriak ezagutzen dituzu. Pertsona berri horiekin sortzea niretzat plazer bat da. Egia da une batean ego indibidual batetik ego kolektibo batera igaro behar zarela, eta hori lortzen duzun momentuan prozesuaz gozatu dezakezu», aipatu du bere esperientziatik.

Eta gaur egun horrenbeste zeresan sortzen duen datuen erabilerari buruz eta adimen artifizialari buruz ere bere ikuspegia eman du: «Datuak ikusi egin behar dira, eskatu, interpretatu, eta gero istorio bat sortu behar duzu datu horien inguruan. Kasik idazlea zara, imajinazio pila bat behar duzu. Zure enpresa edo produktua ongi ulertu behar duzu, norentzat den jakin. Programatzea azken lana da, tontorra ukitzea, baina horra heldu arte lan asko egin behar da ordenagailua ukitu gabe».

Etorkizuna, musika ahaztu gabe

Ibilbide horri esker, foro askotan parte hartu du, eta sarritan gonbidatzen dute ingurune digitalaz hitz egitera, Gaztea irratian, esaterako. Eduki gehienak euskaraz egiten ditu, gazteei zuzenduak. Klarinete jotzaile gisa karrera egina du, baina azken urteotan ezagunagoa da musika elektronikoan egin duen bideagatik. “Las Tea Party DJs”, “Mazmorra” eta “Mauriziak ez du inor hil” proiektuetan hartu du parte.

«Ni beti ‘por amor al arte’ esaten dena ibili izan naiz, saltsa askotan. ‘Gaztea’-n ere saiatzen naiz musikaren bidez teknologia berriak lantzen, txapa txiki horiek botatzen, zirimiri efektu hori sortzen», dio apal. Eta etorkizunean bide antzekotik jarraitu nahi du.

«Beti eduki izan dut amets bat: musika instrumentuak sortzea. Hori hor daukat, nire bide bat izan behar du. Eta bestetik, niretzat oso garrantzitsua da hezkuntzan inpaktu bat sortzea. Teknologia helburu on baterako erabili behar dugula, teknologia ez dela neutroa... Gustatuko litzaidake Euskal Herrian horrelako ezagutza izatea, gazteek erabakiak hartzeko jakintza hori izatea».