GAUR8 - mila leiho zabalik

Argi izpiak

Azaben, Loft Estudio Houses. AMA-ren Garabiak instalakuntza. ELE-ren San Antonio jolasgunea eta BeAr-en Mallabiako jolas parkea.

Kurtso berria proposamenez beteta iritsi ohi da. Udako eguzkiak arima garbitu eta urte luzearen nekeak arindu dituela esatea gustatuko litzaidake, baina ez da guztiz horrela; errutinara itzultzeak motibazio behar du, besterik gabe. Hala ere, gogo onez hasten saiatuko naiz udazkeneko lehen euriek animoa goibeldu aurretik.

Duela aste gutxi Ander Zangituk BeAr estudio bilbotarrak Mallabian eginiko jolas parkeari buruz idatzi zuen “Deia”-n. Artikuluan eraikina eta bere nondik-norakoak azaltzen dira, beraz, ez dut esandakoa errepikatuko, baina proiektu hau eta haren inguruan arkitektoek egiten duten gogoeta pozgarriak egin zaizkit. Arkitektura proiektuetan emaitzan fijatzen gara normalean, eta atzean dagoen eduki teorikoa bigarren planoan geratu ohi da. Hain da horrela, non eztabaida hauek gero eta urriagoak bihurtu diren, baita profesionalen artean ere. Baina Ane Arce eta Iñigo Berasteguik proiektu honi buruzko solasaldian erreferente eta kontzeptu interesgarriei buruz jarduten dute. Cedric Price, Herreros eta De la Sota bezalako pertsonaiak aipatu dituzte, aurreko mende erdialdetik hasi eta gaur arteko arkitekturan eragin handia izan duten erreferenteak, egitura modular arinaren eta erabilera aniztasunera bideratutako eraikinen aldarrikapena egin izan dutenak. Bilbotarren lanean ezinezkoa da Pricen Potteries Thinkbelt proiektu teorikoaren azpiegitura bizigarria edo De la Sotaren egitura arinen zantzuak ez antzematea. Proiektuaren atzean gogoeta eta eztabaida zehatzak daudela agerikoa da, eta emaitza, itxuraz behintzat, bikaina da.

Arkitekturaren garapen formal eta estetikoa garapen teknologikoarekin estuki lotuta egon dira beti, baina eztabaida artistiko eta politikoek ere influentzia nabarmena izan dute harengan. Azken hamarkadatan teknikaren garapenean etenaldi bat egon dela esan daiteke. Duela 50 urte eraikitzen genuen modu berean eraikitzen dugu oro har, eta honek estetikaren garapen urrian ere eragin du. Gutxi dira proiektu apurtzaile eta interesgarriak, eta pozgarria da iruditeria berri bat dakarten eta joan zen mendeko eztabaida teorikoetatik edaten duten proiektuak loratzen ari direla ikustea. BeAr-ekin batera, badago Euskal Herrian arkitekto gazte belaunaldi bat euren proiektuetan forma, kolore, material eta eduki berritzaileak sartzen hasi direnak. Honek ez du inondik inora aurreko arkitektoen lana gutxietsi nahi, belaunaldi berriaren potentziala azpimarratu baizik.

Proiektuok, oraindik txikiak badira ere, oso erakargarriak dira eta, gizartearen gustuan eragitea lortzen badute, datozen urteetan Euskal Herriko panorama arkitektonikoan onerako aldaketa bat egon daitekeen susmoa dut. Zenbait erakunde hasi dira honetaz ohartzen, oso gutxinaka bada ere. Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskasiari aurre egiteko Loft Study Houses proiektua garatu zuen Bilboko La Mina auzoan, urte luzez hutsik egondako baxu komertzialak etxebizitza bilakatzeko. AZAB bulegoaren lan bikainak, etxebizitza duin batzuk lortzeaz gain, kaleari kolore eta bizitza ematea lortu zuten. Diseinu eta gustu onaren ondorio diren proiektu hauek bide berriak irekitzen dituzte gure hirien ulerkera aldatu eta gauzak ezberdin egiten hasteko.

Ez nuke erakutsitako optimismoa ilundu nahi, baina onartu behar dut oraindik administrazioek eta bereziki enpresek nahiko interes gutxi erakusten dutela arkitekturaren inguruko gogoetan. Ekonomiaren pragmatismoari horren daude lotuta, non gogoetari denbora eta dirua eskaintzea beharrezkoa ez den luxu kontsideratzeko joera duten. Mallabia eta Bilboko proiektuek erakusten digute proiektu onak programa zehatz bat bete baino askoz gehiago egiteko gai direla, paisaiak eta bizimoduak aldatzeko gai dira, eta hori ezin da dirutan ordaindu.

Gizartearen alor gehienetan geldialdi, lokartze eta anbizio falta sentsazio bat orokortzen ari den bitartean, arkitekto belaunaldi gazte honek etorkizunari kolore eta ideiaz beterik begiratzen dio. Egunsenti berri baten lehen argi izpiak ote? Hala espero. •