OCT. 05 2024 [DATORRENA] Sukarra nola igotzen den erakusten duen telesaila Iñaki Soto Lasai, ez jarraitu niri osasun aholku gehiago jasotzeko. Era berean, ez dut Gaizka Izagirreri lana kentzeko inolako asmorik. Are gehiago, gure zinema kritikariaren lana errebindikatzeko aprobetxatzen dut, haren kritikak eta telesail eta filmei buruzko aholkuak luxu bat baitira. Jarraitu berari. “La Fievre” (“Sukarra”) telesaila ikusi berri dut, ordea, eta ezin diot hartaz pentsatzeari utzi. Saiatu naizen arren, ezin dut gaur beste ezertaz idatzi. Laburbilduz, serie honek gaur egun sare sozialen bitartez zabaltzen diren nortasun-arrakalak eta kultura-gerrak azaltzen ditu. Abiapuntu dramatikoa gala batean gertatzen den istilu bat da. Futbolari beltz batek bere entrenatzaile zuriari eraso egiten dio «toubab!» oihukatuz («zuri nazkantea»). Istiluaren arrazoia ez dago argi. Alde batetik, eskuin muturreko emakume komiko batek gertaera hau gorrotoa zabaltzeko erabiltzen du. Beste alde batetik, futbol taldeak kontratatu duen krisiak kudeatzeko agentzia eztabaida bideratzen saiatzen da. Bere garaian, Izagirrek politika testuinguru eta ardatz duten telesailei buruz idatzi zuen orrialdeotan. Bertan, Eric Benzekri gidoilariak eta Ziad Doueiri zuzendariak sortutako “Baron Noir” goraipatzen zuen. “La Fievre”-ren egileak dira. Lan hura politikaren ustelkerian eta botere-irrikan murgiltzen zen. Gizakiari buruz hitz egiten zuen, oro har, eta oso ondo islatzen zuen frantziar gizakia eta haren jendartea, bereziki. “Baron Noir” estilo bereko telesail klasikoak baino errealistagoa da. Bere jarraitzaileek mezu bat dute serie berri honetan (ez da spoiler bat, gonbidapen bat baizik). Ildo beretik joan arren, hau agian ez da hura bezain ona. Nire ustez, une batzuetan “La Fievre” manikeismoan erortzen da. Gidoiak mezu positibo bat indartu dezaketen baina sinesgaitzak diren zati baldar samarrak ditu (adibidez, futbol zelaian AEBetako neska gazte baten armei buruzko diskurtsoa). Niretzat, ordea, seriea interesgarria da; interesgarriagoa, agian. Bestea oso «señoroa» da, politikagintza bezala. Honetan, emakumeak dira protagonistak, nahiz eta beti ez duten asmatzen sinesgarriak izaten, gizon plantak egiten jartzen baitituzte maiz. Telesailak borondate politiko eta pedagogiko erradikala du, sei ataletan bizirik mantentzen dena. Jakina, ez da sareek polarizazioa elikatzeko duten moduari buruzko ikerketa akademikoa, baina nahiko zehatza da funtzionamendu hori agerian uzteko orduan. Adibidez, oso ondo azaltzen du «Overtonen leihoa»: pentsaezina zen ideia bat erradikala izatera nola igarotzen den, hortik onargarria izatera, gero zentzuduna, eta azkenik herrikoia izaten nola amaitzen duen. Futbolaren testuingurua egokia da gure jendarteetako eztabaida nagusiak mahai gainean jartzeko, hala nola arrazismoa eta matxismoa. Baina baita osasun mentala (“Crazy Ex-Girlfriend”-ekin konektatzen da hemen) eta kooperatibismoa ere. Estatu frantsesean igarotzeak sinesgarritasuna ematen dio, ultraeskuinaren gorakada azaltzen baitu, baita horri aurre egiteko ezintasuna ere. Teknologiak fenomeno hori indartzeko duen gaitasuna ere oso ondo azalduta dago. Lan horren izaera profesionala ere agertzen da. Horrela igotzen baita sukarra. • "La Fievre"-k borondate politiko eta pedagogiko erradikala du. Ez da sareek polarizazioa elikatzeko duten moduari buruzko ikerketa akademikoa, baina funtzionamendu hori ondo azaltzen du