OCT. 05 2024 AHOTS-LAGUNTZAILEAK Teknologia berriak, adineko pertsonen bakardade sentimendua arintzeko «Merkatuan eskuragarri dauden ahots-laguntzaileek potentzial esanguratsua dute adineko helduen bakardadea murrizten laguntzeko». Halaxe baieztatu dute Alexa edo Google Home bezalako aplikazioen eragina sakon aztertu duen Universitat Oberta de Catalunya (UOC) unibertsitateko ikertzaile-taldeko kideek. Alexa edo Google Home bezalako ahots-laguntzaileek adineko pertsonen bakardade sentimendua arindu dezakete. (GETTY) GAUR8 Azken hamarkadatan, bakardadea garrantzi bereziko gizarte-arazo bihurtu da. Emozio horrek eragindako sentimenduek, bilatua ez den kasuetan, zuzenean eragiten diote pertsonen ongizate psikologikoari, eta lotuta daude isolatzeko arrisku handiagoarekin, bizi-kalitatea galtzearekin, osasuna murriztearekin eta hilkortasuna handitzearekin ere. Testuinguru hori are larriagoa da adinekoen kasuan, fenomeno horren aurrean bereziki zaurgarria den kolektiboa baitira. Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) ikertzaile-talde batek azterketa bat egin du adineko pertsonengan nahi ez den bakardadeak eragindako sentimenduak murrizteko ahots-laguntzaileek duten gaitasunari buruz. «Gure lanaren helburu nagusia ahots-laguntzaileen erabilerak adinekoen bakardadean duen eraginari buruzko adierazleak aztertzea zen. Jakin nahi genuen gailu horiek tresna eraginkorra izan daitezkeen egungo gizartean gero eta handiagoa den problematika horri aurre egiteko», adierazi du Elena Castrok, UOCko Osasun eta Psikologia doktoretzako programako ikasleak. Ikerketa egin ondoren, adituek egiaztatu zuten aztertutako lanen %85ak ondorioztatu zuela aparatuen erabilerak zuzenean lagundu zuela bakardadea murrizten. «Adineko pertsonen eguneroko bizitzan ahots-laguntzaile komertzialak erabiltzeak rol positiboa izan dezake haien ongizate psikologikoan, eta haien osasun mentala hobetzen lagundu dezake, bakardade-sentimendua arintzen», zehaztu du Castrok. Zehazki, azterlanetan parte hartu zutenetako batzuek «lagun edo konpainia» bezala definitu zituzten ahots-laguntzaileak, eta «gizaki» moduan aipatu zituzten. Horrela, elkarreragina fisikoa ez bada ere, egunerokoan erantzuten eta laguntzen duen «presentzia» izateak lotura emozional esanguratsua sor dezake, bakardadearen pertzepzioa murriztu eta ongizatea susta dezakeena. Gainera, interakzio mota honek isolamenduari lotutako larritasuna arindu dezake eta adineko jendearen egonkortasun emozionala hobetu. Gainera, gailu horiek informazioa eta entretenimendua azkar eta erraz eskuratzeko aukera eman dezakete, eta pertsona lagunduta senti daiteke. «Kontua ez da giza interakzioa ordezkatzea, baizik eta irtenbidea eskaintzea sistema horiek bizi-kalitatea hobetu dezaketen egoeretan», azaldu du adituak. Hala ere, oraindik badira horretan oztopoak; hala nola teknologiarekiko ezagupen falta, aldaketarekiko erresistentzia eta mesfidantza. «Horrez gain, laguntzaile horiek pertsonalizatu egin behar dira, norbanakoaren beharretara egokitzeko, eta elkarrizketa konplexuak izateko gaitasuna hobetu behar da», gaineratu du Elena Castrok. Gaur egun, espainiar Estatuko biztanleen ia %11k erabiltzen ditu ahots-laguntzaile birtualak, Komunikabideak Ikertzeko Elkarteak (AIMC) emandako datuen arabera, eta kopurua urtez urte handitzen da. Hala ere, adituek diote ikerketa gehiago egin behar direla onurak ziurtatzeko eta arriskuak aztertzeko.