GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Urriaren 7a, Israelen ispilu iluna

(Ilia Yefimovich EUROPA PRESS)

Irudian, Hamasek Israelen 2023eko urriaren 7an egin zuen erasoan Sderoteko polizia komisaldegia nola geratu zen eta egungo berreraikitze planak ikus daitezke. Iazko argazkia erakutsiz, egileak talde palestinar islamdarrak egin zuen sarraskia azpimarratu nahi du. Hala ere, Hamaseko kideek egun hartan hainbat kasutan erakutsi zuten bortizkeria ukatu gabe, argazkilariak asmatu ez duelakoan nago.

Israelek erasoaldiaren biharamunean ekin zion Gazaren suntsiketak bere benetako irudia itzuli dio herrialde honi, munduko iritzi publikoaren begietan behintzat. Irudi ilunena, gainera.

Netanyahuk, gainera, urtebetetze hau baliatu izan du Hezbollah erakundea bururik gabe uzteko, Libanon Gazako “odol-errezeta” bera egiteko eta Irani mehatxu egiteko. Ekialde Hurbil osoari su eman nahi omen dio, Israelek bere historian jasan izan duen kolperik latzena ezkutatzeko eta bere erantzukizuna saihesteko. Baina kontuz, erantzuna etor dakiokeelako, U-7an bezala. Ispiluaren eztanda.