Hizkuntza izan
Hizkuntzak ez daude giza bizitzatik at. Hizkuntzak ere jendarteak eta kulturak zeharkatzen ditu; balio-sistemak, bizimoduak, arteak, ohiturek, sinismenek. Eta hizkuntzarekin finkatzen ditugu balio sistemak. Solasean bizi gara. 7.000 bat hizkuntza darabiltzagu munduan; horietatik 6.700 inguru desagertzeko arriskuan ei daude.
Hitzak egin eta jaso, idatzi eta irakurri. Letrak eskurik esku; hunkiduraz jaso dut A. ikasleak eskaini didan liburu kutuna. Han irakurri dut hizkuntza partekatzeak ez duela ulermena bermatzen, begietan ikusten dela hori. Senak irakatsi diola hizkuntzaren mugak gaindigarriak direla, aditzeko asmorik ez duen norbaitek jarritakoak ez bezala.
Trenean, tapoiak jartzen ditut. Intimitatearen kontzientzia ez dutenen jarioa entzuten da hala ere. Enparauak ahoak mugitzen eskuekin batera, mugikorrari begiak iltzatuta bestela, atzamarra pantailan irristatzen, gutxiengoa betazalak pausatuta, lo guran. Zer izan, nola izan. Nagusiki espainolez.
Amets Arzallusek errana da: «Nik nire burua ikusten dut euskaraz. Euskarak ardazten du nire nortasuna, nire izatea, ikuspegia gauza askorekiko. Ni euskararik gabe ez naiz. Nire parteko, bizkarrezurreko, muineko zerbait da. Ez naiz hori bakarrik, baina parte handi batean bai. Eta ez daukat konplexurik, ez zait iruditzen gauza bat identitarioki itxia. Aldrebes, ikusten dut gauza bat zabalik, eta laguntzen didana beste errealitate askori begiratzen, sentsibilitate bat edukitzen beste errealitate batzuetara begiratzeko».
Nola egiten diozun berba zure buruari, bakarrizketan, hausnarketan. Zein hizkuntzatan amets? Egunean zehar darabilgun elea agertzen omen da arratsean; pertsona gorrek ere zeinu hizkuntzan amesten ote dute? Errealitatea konplexuagoa izanen da ziur.
Amatxi, bat da espainolez, eta bertzea galegoz. Espainolez, zurrunagoa, tonu errespetagarriagoa erabiltzen du, señoratu egiten da. Galegoz, bizia da, hitzek ihes egiten diote tiraka ibili gabe. Etxean beti ari da galegoz, alabari umetan egiten ez zion arren. Birbilobei ere, galegoz. Errezatu, ez dakit nola egiten duen.
Donostiako udaltzainek ez dute euskara behar izateko, ezta lan egiteko ere. Irunen ere ez. Epaileek erabaki dute hori. Haiek ere ez dute behar. Legez euskara erabil dezake herritarrak, baina epaileak, legez, ez du euskaraz jakiteko obligaziorik. Telebistan ere, baten bat baldar sumatzen da Teleberriko elkarrizketa tarteetan: ERREak trabatzen zaizkio, ESEAK kateatu, hitzak eskastu. Nabari du gaztelaniaz badakiela, baina ez dela gaztelaniaz.
Bikoizketarik ez da Portugalen. Salazarren erregimen garaian hartutako erabakia omen da. Herriak atzerriko pelikuletara jo ez zezan, film hauei azpitituluak jartzea erabaki zuten, garai hartan jende askok ez baitzekien irakurtzen. Egun, ikuslearentzat bikoizketa erosoagoa bada ere, Portugalen ez du arrakastarik, filmak errealismoa galtzen duela iritzita. “Friends” telesail estatubatuarra bikoiztu egin zuten, baina ikus-entzuleek ez zuten onartu, azpitituluak eskatu zituzten.
Trenean itzuli naiz etxera. Tapoiak jarri ditut eta imajinatu dut lo plantak egiten ari ez diren bidaiariak euskaraz mintzo direla, telefonoan euskaraz ari direla txateatzen. Ez da gertatuko euskara eta ingelesa modu berean irakasten baditugu. Zer darigu irakasleoi?
Zein hizkuntza hitz egiten duzu? Zein hizkuntza zara? Bi galdera diferente dira. •