Alessandro Ruta

Amerikako Estatu Batuak etxetik ikusita, 20 geltokitan

Bizitza «amerikarra» izan daiteke, inoiz bertan egon ez arren? Bai, mundu globalizatu eta hiperkonektatu honetan bereziki. Hauteskundeen bezperatan, «sofatik» egindako bidaiatxo bat prestatu dugu, 20 estatu ezberdin zeharkatuz.

Washingtongo Kapitolioa.
Washingtongo Kapitolioa. (Aaron Schwartz | AFP)

Aurretik doa: ez naiz inoiz AEBetan egon, eta egia esan ez dut bisita egiteko presa handirik. Gonbidapen asko jaso arren, ez dut pazientziarik izan, ez dakit, hegaldi bat hartu, plan bat osatu, ibilbide bat marrazteko. Eta, hala ere, AEBetakoa gure bizitzan oso sartua den errealitate bat da. Gehiegi? Agian bai. Ez dakit txarra edo ona den, baina egunero dugu “made in USA” den harremanen bat, hangoa kontsumitzen dugulako, irakurtzen dugulako, telebista edo zinema bidez ikusten dugulako...

Bertako hauteskundeak lau urtean behin sartzen dira gure bizitzetan, era berean, pelikula baten modura. Demokratak eta errepublikanoak, oraingo honetan Kamala Harris versus ‘Thedonald’ Trump, ‘Liberal’ eta ‘The Grand Old Party’.

Badu bere xarma, azken finean, bertan inoiz egon ez arren norberaren nortasunean AEBetako zenbait gauza iltzaturik izateak. 50 estatu biltzen ditu, eta bakoitzak zerbait eman digula antzeman daiteke. 20 hartu ditugu ibilbide honetan, gehienak «txikiak» edo «kanpoaldekoak», hauteskundeen bezpera hauetan paperezko bidaia bat osatzeko, etxetik ikuspegia eratzeko. Kasu honetan, nire bizitzari nolabaiteko ekarpena egin dioten 20 estatu.

New Jersey: ‘The Boss’ eta ‘The Voice’

AEBak oso goiz sartu ziren gure Milango etxean. «Ale, badakizu oso txikia zinenean zu lokartzeko zurekin dantzatzen nuela, Bruce Springsteen entzuten?». Nire amaren hitz hauek aztoratu ninduten, are gehiago berak ingelesa ez zekielako.

 

‘Dancing in the dark’ zen, portzierto, nire mamma-ren kantarik gogokoena, eta egia esan orokorrean niri ere The Boss gustatzen zait. «Eta gainera, zure aitarekin antzekotasun handiak ditu», azpimarratu zuen amatxok. Nik ez nuen irudikatzen nola, baina ez nuen eztabaidan jarriko. Bitartean, bitxia da hau, nire aitari askoz gehiago gustatzen zaio beste New Jerseyko abeslari bat, mister Frank Sinatra, The Voice, baina, lokartzeko, berak ez zuen dantzatzen nirekin.

Texas: Berlusconi JR-ren pare

Italian, eta mundu osoan beharbada, Dallas Los Angeles baino ospetsuagoa bihurtu zen pare bat belaunalditan. Guretzat, lotura Silvio Berlusconi da, oraindik telebistaren erregea ez zenetik. Mediaset sortu ondoren emisio orduak nolabait bete behar zituen eta lira gutxiren truke hainbat telesail erosi zituen ‘Il Cavaliere’-k. Besteak beste, horixe: ‘Dallas’.

 

Hitz gutxitan laburbilduta, Ewing familia petroleo-zalearen gorabeherak, Texaseko hirian. Milioika ikusle astero-astero prest ziren J.R. eta Sue Ann pertsonaien abenturak irensteko, soinu-banda ahaztezinak lagunduta. Eta Berlusconi, JR bezala, dirutza apurka-apurka harramazkatzen joan zen.

Kansas: Nonbait ostadarraren gainean

Liburua ala pelikula? Zein da hobea, ‘Ozeko Aztia’-z ari bagara? «Toto, uste dut honezkero ez gaudela Kansasen», aipatzen zion bere txakurtxoari Dorothyk, ‘Somewhere over the rainbow’ abestu aurretik. Magiaz beteta dago ipuin hori.

Bide batez esanda, Kansas City hiria ez dago Kansasen, Missourin baizik, geografiaren misterioak. Missouri eta Kansasen arteko harremanak ez dira onak. Eta bide batez...

Missouri: Italiako zinema Kansas Cityn

… Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBetako «kolonia» bat bilakatu zen Italia. Zenbait saiakera lanek eta ikerketek nabarmendu dute, baina ziur aski zinemak beste ezerk baino hobeto islatu zuen egoera berria. Italiar erara, noski, barregarri, alegia: ‘Un americano a Roma’ (‘Amerikar bat Erroman’), Alberto Sordi handiarekin.

 

Pelikula itzela da. Nando Mericoni Erromako gazte bat da, baina amerikar baten antzera hitz egiten eta jokatzen du, Kansas City amets duela. Azkenik ohartu da, ordea, bizimodu italiarra askoz hobea dela. Sordi hil aurretik Kansas City hiriak ohorezko herritartasuna eman zion aktoreari.

Arkansas: Clintonen... «itxaropena» 

Gizartearen mirariak: inortxok ere ez luke Estatu hau kanpoan ezagutuko bertan oso pertsona famatua jaio izan ez balitz. Egia esanda, AEBetako erdi-erdian kokatuta, Little Rock hiriburu, Arkansasek ez du ezertan eragiten. Baina bat-batean, 1992ko hauteskundeetarako, hautagai fresko eta moderno bat iritsi zen handik: William ‘Bill’ Clinton. Bere aldamenean, familia ideala itxuraz: Hillary (Rodham) emaztea eta Chelsea alaba. Clinton, gainera, Arkansaseko Hope hirian jaioa zen, nonbait «itxaropena» zekarren berarekin, patu gisa. Gero etorri zen Monica Lewinskirekin afera, baina hori beste kontu bat da.  

Washington: Musikan eta janzkeran estilo bat

Washington ez da AEBetako hiriburua bakarrik, Estatu bat ere bada, ipar-mendebaldean kokatua, Kanada azpian, hain zuzen ere. Seattle, ‘Rainy city’ (hiri euritsua), azken bi-hiru hamarkadak ezaugarritzeko ezinbestekoa bilakatu da. Musikaren alorrean, adibidez, estilo bat erditu zuen, grunge-a, «oso zikina», alegia: Nirvana, Pearl Jam, Soundgarden... talde esanguratsuak oso.

 

Janzteko moduan ere garrantzi handia izan zuen; izan ere, denok Washington Estatuko basozainen alkandora koadrodunak eta praka gogorrak eta astunak eramaten hasi ginen, Kurt Cobain imitatzeko-edo.

Maryland: Zappa for president

«Ronald Reagan baino okerragoa izango naiz akaso?». Argi eta garbi zuen Frank Zappa handiak. Musikari bat? Gehiago, jenio bat zen. Lehen kolpean ez da batere erraza entzuteko, baina saiatu, adibidez, ‘Hot Rats’ diskoarekin eta ez zarete damutuko.

1992ko hauteskundeei begira, Marylandeko Baltimore hirian jaiotako Zappak bere izena eman nahi izan zuen, erdi serio eta erdi brometan. Eta sekulako esaldia utzi zuen hil aurretik: «Politika? Industria eta Armadaren entretenimenduaren sektorea da».  

Oregon: Chuck Palahniuk-en bidean

Nire idazlerik gogokoenetakoa da Chuck Palahniuk. ‘Fight Club’ eleberriari esker famatua da, jakina, baina beste maisulan mordo bat utzi du: ‘Choke’ (‘Itolarria’) edo ‘Survivor’ (‘Bizirik ateratakoa’), besteak beste. Palahniuk-en gordintasuna eta bere umore beltza paregabeak dira, eta hain ezaguna ez den beste saiakera batean nabarmentzen dira: ‘A walk in Portland’. Ez da ohiko gidaliburu turistikoa, bidaia alternatibo bat baizik, Chuck bizi den hirian barrena, Washingtondik hegoaldera dagoena. Ez duzue sekula hainbeste barre egingo.

Maine: «Erregearen» Estatua

Nork ez du Stephen King idazlearen eleberriren bat irakurri? Asko daude eta urtero argitaratzen du zerbait berria. Norbaitek esan lezake nahikoa dela, baina ‘Erregeak’ tinko dirau, ‘On writing’ saiakeran aipatzen duen bezala, egunero-egunero (urtebetetze egunean eta Eguberri egunean izan ezik) idazten duelako.

Orrialdez orrialde Maine agertzen da nonahi gure barruko beldurrak astintzen, nahiz eta Estatu hori zinez lasaia eta berde kolorekoa den. Derry (‘It’ eleberrian, adibidez), Bangor, Chamberlain (‘Carrie’) edota Castle Rock dira protagonistek zapaltzen dituzten tokiak: jakina, Chamberlain eta Castle Rock ez dira existitzen.

Pennsylvania: «Bala bat baino ez»

Pelikula bat gogorra eta hunkigarria izan al daiteke, aldi berean? Oso gutxitan, ezta? Bururatzen zaidan bakarrenetako bat da ‘The deer hunter’, (‘Ehiztaria’). Polemika handia eragin zuen Michael Ciminoren lanak, Vietkong-a azaldu zuen moduagatik. Hala ere, protagonistak Pennsylvaniako lagun batzuk ziren, denak Errusiako migratzaileak, altzairutegian lan egiten zutenak. Haien egunerokotasuna, tabernaren zaratak eta ohiturak, oreinak ehizatzearena, «bala batekin bakarrik, bestela ez da zuzena». Eta Vietnamgo gerra, komunitate txiki batean dena hankaz gora jartzen. Hiru orduko iraupena du pelikulak, baina merezi du.

Minnesota: Komedia beltza mundu zurian

Minnesotako Coen anaiak bereziki maite ditut. ‘Barton Fink’-etik aurrera ez dut esango beren film guztiak maisulanak izan direnik, baina gehienak bai. Hauen artean, nola ez, ‘Fargo’, agian anaien manifestua: komedia beltza hasieratik bukaerara, une absurdoak, pasarte surrealistak, pertsonaia ahaztezinak. Frances McDormand ikaragarria da haurdun den polizia antzezten duena (guztiz merezita lortu zuen Oscar saria), Minnesota izoztuan, hiltzaileen bila. Bitxikeria moduan, eta hau oso normala da Coen anaien lanetan, Fargo hiria ez dago Minnesotan, Ipar Dakotako Estatuan baizik... eta ez da apenas agertzen pelikulan zehar.  

Wyoming: Estereotipoak apurtzen

Ennis del Mar eta Jack Twist: hasiera batean izen horiek ez zaizkizu ezagunak egingo. Baina leku bat erantsiz gero, misterioa argituko da: Brokeback Mountain. Orain bai, bi cowboy homosexual, bakeroen erreinuan, Wyoming-en, alegia. Ausarta izan zen Anne Proulx idazlea istorio hori asmatu zuenean (1997. urtean), eta bera bezain kementsua Ang Lee zuzendaria pantailaratzeko orduan, 2005ean. Saria izan zuen ausardiak: hiru Oscar. Brokeback Mountain ez da existitzen, baina nori axola zaio hori estereotipoak desagerrarazteko toki ezin hobea bazen?



Alaska: Lurralde basatiak

Zerk eramaten du bere etxetik heriotzara, literalki, gazte aberats bat? Obsesio batek. Christopher McCandlessena Alaskara joatea zen. ‘Into the wild’ 2007ko pelikulak berreskuratu zuen bere abentura. Familia eta egoera «normala», edo burgesa, hobeto esanda, atzean utzi eta helburu bakarra aurrean: Alaska.

Kalifornian jaiotako McCandlessek izena ere aldatu zuen, Alexander Supertramp bilakatuz (ez Trump, kontuz: ‘tramp’), ‘Alexander Superibiltaria’ alegia, eta Alaskako bazter batean hil zen, bakar-bakarrik; 30 kilo pisatzen zituen ordurako, ez besterik, gosez hil zen. Autobus baten barruan hil zen Chris, eta turista askorentzat bisita gune bihurtu zen.

Alabama: Gaueko berotasunean 

Tibbs inspektorea, edo «nola gerta daiteke protagonista bihurtzea hasieran izan ez arren». Egia da, ‘In the heat of the night’ pelikulak ia 50 urte ditu eta egitura aldetik sinplea da oso, baina era berean beste ezerk baino garbiago erakusten du nolakoa zen egoera 1950eko hamarkadan AEBetako hegoalde urrunean: leku hertsiak, zikintasun morala eta, nola ez, arrazakeria. Ongi etorri Espartara (honako hau Grezian ez, Alabaman dago): hilketa bat gertatuz gero susmoak berehala beltzarengana zuzenduko diren tokira.

Nevada: Jolas-parkearen beldurra

AEBetara joatekotan gertuen izan dudan aukera Las Vegas izan da. Zergatik? Lan kontuak. Tira, behin han egonda, saiatu zuek lan egiten. Horregatik baztertu izan dut aukera, azken finean. Las Vegas, besterik gabe: lagun askok «bizioaren hiriburua» ikusi eta berrikusi du, eta bertan diru dexente utzi ere bai, denbora kartetan edo erruletan jolasean azkar joan baitzaie.

Gauza gehiago ere kontatu didate bizitzan zehar: Mafiak kasinoak eraiki zituela -edo kudeatu zituela-, bero handia egiten duela kanpoan eta sekulako aire girotua dagoela barruan, zarata etengabeak... Arkaikoa izango naiz agian, baina jolas-parkeek beldurra ematen didate.  

Indiana: Norenak dira belarriak?

Hitz magikoa hoosiers da. Itzulpenik ez du, nahiko misteriotsua da. Hitzaren jatorriak desberdinak omen dira. Askotan agertzen da ‘hoosiers’, estatuko biztanleen ezizen gisa. Migratzaile asko etortzen ziren garaian du oinarria, itxuraz.

Komunitate ezberdinek ez zituzten euren artean munduko harremanik politenak, eta behin baino gehiagotan eztabaidek borrokei ematen zieten bide. Kolpeka hasita, zerbait lurrean gera liteke, belarriak adibidez, gorputzetik haginkadaz erauziak beharbada. «Whose ears?», «Norenak dira belarriak?». «Whose ears» hartatik, egungo «hoosiers» sortu zen. 

Hego Dakota: lau presidenteak eta Zaldi Eroa

Lehenengoz AEBetara joango banintz, Mount Rushmore izango litzateke bisitatuko nukeen lehenengo tokietako bat. Eta Black Hills orokorrean, Muino Beltzak. Kontraesan itzelak daude hor; alde batetik, lau presidenteren aurpegiak (Washington, Jefferson, Lincoln eta Teddy Roosevelt; Trumpek ere horien artean agertzea merezi duela aipatu du), eta bestetik, nahiko gertu, siux indioak bizi ziren lurraldea, menderatuak izan aurretik. Siux etniako buruzagi zen Zaldi Eroaren omenez sekulako oroitarria ari dira harritik ateratzen, aurrekoak bezala, korapiloa askatzen hasteko.

Zaldi Eroa harritik ari dira ateratzen, lau presidenteekin aspaldi egin zuten bezala. (Crazy Horse Memorial Foundation)



Idaho: Keanu Reeves euskalduna?

Euskal Herrira bizitzera etorri aurretik ez nekien Idahon honelako euskal aztarna zenik: baserritar, artzain eta cowboyen artean, ezagutu ondoren guztiz normala irudituko litzaidake. Dena den, niretzat Idaho ‘My own private Idaho’ zen, Keanu Reeves eta River Phoenix gazteak protagonista dituen pelikula sasi-madarikatua. Hor ez zen ezer euskaldunik ageri, Italia azaltzen da, baina zer axola du horrek?

Wisconsin: Nor da Dahmerren beldur?

Lurralde batentzat penagarria da hiltzaile batek fama ematea. Milwaukee honezkero ez da Harley Davidson motorren hiria, baizik eta, aspaldiko partez, Jeffrey Dahmerren ingurua. 2022ko Netflixen telesaila agertu ondoren hausnartu genuen orrialde hauetan horretaz: nola ez zuen Poliziak Dahmer kontrolatu? Kontua da kontraste ikaragarria dagoela Wisconsingo ohiko bakearen eta honelako hiltzaile baten artean. Jeffrey Dahmer, kanibala, AEBetako aurpegirik eta izenik beldurgarrienetako bat da, baina, une berean, ia pop ikonoa bilakatu da.

Ohio: Vance baino lehen, LeBron eta Steph

JP Vance, ze nolako tipoa, presidenteorde izateko hautagai errepublikanoa. ‘Hillbilly’ mitoa eraiki zuen, bere liburuari esker (irakurria dut, oso interesgarria da, egia esanda): laburbilduz, nola AEBetako erdiguneko Estatuak eta bertako langileak «atzean» utzi dituzten, laguntzarik gabe, alegia.

Ohikoa da Vance, hor ez dago ez muinorik ez mendirik, amaierarik gabeko lautada bat baino ez. Baina hiri bat oso emankorra izan da saskibaloiaren munduan: harrigarria da Akron hirian bi supertxapeldun jaio izana, LeBron James eta Stephen Curry. Jar itzazue hiru ezezagun gehiago bosteko berean, eta NBA irabaziko duzue agian.