GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Goxo eta itsu, gizon musikariak


Irailaren 20an “El Diario.es” egunkarian Alex Sarduik egindako adierazpenek haizeak harrotu dituzte euskal musikaren panoraman, eta ez da gutxiagorako, harrigarria baita gizonez osatutako talde bateko kideak, gizonez josiriko ekitaldietan abestu izan duenak eta eszenatoki erdian askatasuna aldarrikatuz bere zakila erakustea zilegi dela uste duenak, «inoiz ez dela diskriminaziorik egon» esatea.

Irailaren 23an Euskal Herriko Musikagintzako Emakumeek* erantzun bateratu bat eman zioten Gatibuko abeslariari. Euskal Herriko emakume eta disidente musikarion komunikatua deiturikoan, artistek larritzat jotzen dute haien errealitatea eta musikan parte hartzeko izan dituzten oztopoak ikusezin bihurtzea, eta Sarduiren itsutasuna interes faltarekin lotzen dute: «Ez dira alferrik egin dokumentalak, mahai-inguruak, elkarrizketak, bizipenak azaleratzeko ekintzak, podcastak… Ez du ezer ikusi eta ez du entzun, ez zaiolako interesatu».

Artisten erantzuna gogor kritikatua izan da euskal manosfera digitalean, non “esajerazioa”, “gaizki ulertutako hitzak” edo “sorgin ehiza” salatzen zuten mezuak benetako arazoa estaltzen ahalegindu diren. Arazoa ez delako Sardui, baizik eta emakumeek euskal musikan bizitzen duten egoera eta gizonek horrekiko duten ardura falta.

Zentzu horretan, harrigarria egin zitzaidan urriaren 3an Xalba Ramirezi “Berria”-n irakurritakoa: «Epelkeriaren kontra egitea eta jarrera gogorra aldarrikatzen ditugu, bai, baina ez gizontasunetik abiatuz, baizik eta beste jarrera batzuetatik eta goxotasunetik». Kontu handia izan behar da honekin, badirudielako bestela gizontasuna kapa bat dela nahi duzunean jantzi eta erantzi daitekeena. Badakizue, gizonak, ez baduzue nahi industria musikalean dagoen matxismoa erreproduzitu: goxoak izan eta kito. Eszenatokiak eta fokuak zuentzat, baina goxoentzat soilik, festibaletako kartelak gizon goxoz beteta, 10 gizon goxoz osatutako taldeak, hori izango da euskal musikaren barruko iraultza feminista.

Kosta egiten da ulertzea, gizonei bereziki, gizontasuna ez dela jarrera bat, pribilegio bat baizik, eta pribilegioa eta zapalkuntza egin daitezke goxotasunetik eta konturatu gabe.

Pribilegio egoera hori argi ikus daiteke edonon, esaterako, herriko jaietako karteletan eta antzoki pribatuen edo instituzio publikoen programazio kulturaletan. Baina egitate hau onartu nahi ez duenarentzat, gomendio bat: irakurri Amaia Ispizuak idatzitako “Situacion de mujeres y hombres en la industria musical de la CAE” lana. Bertan, argi erakusten da (datuek babestuta) Euskadiko musika-industriako enpleguetan, emakumeen partaidetza, gorantz doan arren, oraindik ere %50ekoa baino txikiagoa dela, batez ere sektore pribatuan. Euskal musikaren industria mikroenpresek eta ETEek osatzen dute nagusiki. Enpresa txikietan ia langile guztiak gizonezkoak dira, eta emakumeen presentzia handitu egiten da enpresa ertainetan, baina gutxitan zuzendaritza-postuetan.

Eta hori ez da ez dagoelako emakumerik, ez direlako onak edo ez dutelako nahi parte hartu. Arrazoi asko daude, adibidez, gizonek ez duzuela lekurik uzten industrian, ez dituzuela zuen programazioetarako deitzen, ez duzuela teknikari emakumerik kontratatzen, gizonen artean praktikatzen duzuen anaitasunetik kanpo uzten dituzuela, zuen eraso sexualak jasan behar dituztela edo haien sorkuntza lanak eta zuzendaritzarako gaitasuna ez dituzuela aintzat hartzen.

Egoera horren aurrean, jarrera aldaketak baino, Euskal Herriko panorama musikala eraldatu behar duten neurri estrukturalak garatu behar dira. Gizonek zuen pribilegioak galdu behar dituzue: gehiago kobratzeari utzi, ikusgarritasuna galdu, espazioak murriztu edota zuen kideen eraso eta jarrera matxistak salatu. Ez dakit neurri hauek egoera asko aldatuko duten, baina beharrezkoa da aldarri hutsaletatik haratago zerbait egitea. Musikan dabiltzan emakumeek eta identitate disidenteek neurriak behar dituztelako, ez zuen «25 urtetako babesa», eta are gutxiago zuen goxotasuna. •