OCT. 12 2024 Mugimendua logeletan Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE Han eta hemen entzun izan dut unean uneko logelaren txukuntasun, organizazio eta ordena mailak “logelatarraren” aldartearen inguruko informazioa eman dezakeela. Adibidez, idazmahaiaren gainean bola bat eginda ikusten ari naizen jertse zikinduak zerbait esan nahi du oraingo nire barruko egoerari buruz. Eta ohea egiteko-desegiteko eguneroko modu desberdinak, eta zapatilak gordetzeko-baztertzeko logikak, eta etxeko txapinak ohe ertzeko lur zatian kolokatzeko posizioak. Den-denak esan nahi omen du zeozer. Logela bat norberarena duenak propio jartzen du, mudantza garaietan, ohea hemen, armairua hor, mahaia han. “Feng shui” teoriaren aholkuak irakurtzen ditu badaezpada. Edo ez ditu irakurtzen, baina lagun batek zerrendatzen dizkio logela antolatu berritan. Mugitu egiten ditu altzariak, probak egiteko, eta berriz itzultzen ditu hasierako posiziora, “horrela ondo”. Logela bat ahizparekin konpartitzetik logela bat oso-osorik niretzat izatera igaro nintzenean, horixe egin nuen. Eta lehenengo ikasle-pisuan berdin. Eta bigarrenean. Eta ez-ikasle-pisu honetan bizitzen jarri ginenean ere bai: gauzak aldatu, aldatu, aldatu, eta erabaki, “horrela ondo”. Logela bat logela egiten dute barruko hiru-lau-bost altzarik, bai, baina gauzaz betetakoan bihurtzen da egiaz norbere. Mugimendua bizi da logeletan; egunero-egunero hor barruko gauzen txukuntasuna, organizazioa eta ordena hausten duten emozioen mugimendua. Eta ikusi egin omen daiteke hori. Han eta hemen entzun izandakoak erabat sinetsita, etxeren batera heltzen naizen aldiro joaten zait orain begia ate erdi irekien zirrikituetatik ikusten diren logela zatietara. •