OCT. 12 2024 3 BEGIRADA: Positibo faltsuak Gorputzaren ikuspegi biologikoaz gain, egoera psikiko eta sozialari ere erreparatu behar zaio. (GETTY IMAGES) Oier GOROSABEL Fisioterapeuta Osasungintzan ziurgabetasunarekin lan egiten dugu. Bistan denez, diagnostiko eta tratamendu guztietan beti asmatu nahiko genuke, baina gaur dakigunarekin hori ez da horrela izaten. Ikasitakoa eta esperientzia baliatuz, ezagutzen ez ditugun faktoreak aurkitu eta balioetsi behar izaten ditugu, osatze prozesua bizkortzeko. Baina horretarako, gaueko nabigazioan bezala, itsasargi guztien artean interesatzen zaiguna bereizten ikasi behar dugu; bestela, positibo faltsuei jaramon eginda, behar ez den kaian sar gaitezke. Ezagutu dezagun Manuela, Euskal Herrira berriki etorritako emakume heldua. Lan gogorrera ohitua, urte batzuk eman ditu bere egoera legala konpontzeko buruhausteetan, azkenean lortu du lan-kontratua, zaharren egoitza batean. Halere, dena ez da zoriona: duela hil batzuetatik hona, Manuela artikulazio ezberdinetako minak sentitzen hasi da: orain sorbalda, gero eskumuturra, batzuetan bizkarra... Elkarrizketa kliniko batean, erraz suma daiteke ondoez hauen jatorria, Manuelari hitz egiten utzi eta galdera egokiak eginez gero: lan asko (egoitzan zein etxean), ergonomia kontuan hartu barik; lo gutxi; denborarik ez bere burua zaintzeko; familia handia bere diru-sariaren mende; ezin du baja hartzea pentsatu ere egin. Halere, bere medikuarenera joan denean, ez du hau guzti hau kontatzerik izan -osasun aseguru pribatu batetik izan da, agian ekainean hementxe kontatu genuenak zerikusia izango zuen-. Gorputzaren ikuspegi biologiko hutsarekin, osagileak proba diagnostiko sorta bat agindu dio, non artikulazioen higadurak, kaltzifikazioak, inflamazioak eta abar agertu diren. Ez dio erreparatu Manuelaren egoera psikiko eta sozialari. Eta arazo mekaniko bati soluzio mekaniko bat zor zaionez, ikusitako gauzen artean txartoen dagoela dirudiena (eskumuturra) seinalatu diote, karpoko tunelaren sindromea diagnostikatuz eta kirurgia aginduz. Fisioterapia egitera etorri zaigunean, baina, elkarrizketa kliniko labur bat nahikoa izan da konturatzeko Manuelaren sintomak ez direla karpoko tunelaren sindromearenak. Esplorazio klinikoak berretsi digu eskumuturrekoa positibo faltsua izan dela. Izan ere, erradiologoek ondo dakite hau gerta daitekeela, eta horregatik haien informeetan positibo faltsuak ekiditeko esaldi zuhur bat ikusi ohi dugu: "signo erradiologiko (edo ekografiko, edo elektroneurografiko) hauek klinikarekin kontrastatu behar dira". Alegia: proba hauetan "zerbait" ikusteak ez du esan nahi patologia bat dagoenik. Baina Manuela zurrunbilo katastrofiko baten ertzean dago: gaitz ugari, aldakor eta konponezinak dituela sinetsita, etxeko ekonomiaren hondamena aurreikusten du. Poz galanta hartu du bere higadura, kaltzifikazio eta inflamazioak 50 urteko pertsona batengan normaltzat har daitezkeela esan diogunean, eta bereziki jakin duenean sintomak ematen ez dituen artikulazio bat -bere eskumuturra bezala- ez dagoela zertan operatu. Orain zailena falta zaigu: min horiek atsedenik gabeko lan fisikoaren eta presio psikologikoaren konbinazioarengatik sortu direla ulertaraztea, horri soluzio bat aurkituz. Alegia: oraindik itsasontzia etxeko portuan amarratzea falta zaigu; baina, behintzat, ez gara sartu etxetik milia askotara dagoen kai arrotz batean. • www.abante.eus