OCT. 12 2024 PANTAILA TXIKIAN Sexu-abusuak fikzioan: bost telesail eredugarri Urriaren 17an Alauda Ruiz de Azua-ren «Querer» telesaila iritsiko da. Onespenaren eta tratu txarren inguruko telesail honek bikainki deskribatzen ditu honelako egoera latz batean agertu daitezkeen kasuistika guztiak: telesaila eredugarria da. Asko hunkitu eta ukitu nau, eta horregatik, gaiarekin lotura duten zenbait telesail eredugarritan sakonduko dut. «Querer» telesaileko zuzendaria eta zenbait aktore, Zinemaldian egindako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU) Gaizka Izagirre Azken urteotan, sexu-abusuen gaia jorratzen duten ikus-entzunezkoen gorakada nabaria izan da. Grafiko orokor honetan ikus dezakezue urtez urte zer-nolako hazkundea izan duen. Argibidea nahiko agerikoa da: oso gai larria da eta gizartean gero eta kezka, amorru eta ezinegon handiagoa sortzen du. #MeToo erako mugimenduek bultzatuta, milaka istorio pertsonal azaleratu dira. Eduki sortzaile askok gaiari ikuspegi feministatik -hala izango ez balitz ez luke inolako zentzurik izango- eta modu zuzenagoan heltzeko ordua dela erabaki dute: iraultza feminista izango da, baita ikus-entzunezkoen munduan ere, ala ez da izango! Gai nagusi horretatik jaio den beste adar bat “Rape and revenge” (euskaraz “bortxaketa eta mendekua”) delako azpigeneroa da, gero eta arrakastatsuagoa izaten ari da: bortxatuak edo erasanak izan ostean mendeku bila ari diren emakume ahaldunduak protagonista dituzten filmak izaten dira, “Blink Twice” edota “Promising Young Woman”, esaterako; baina gaurkoan ikuspegi errealistago bat jorratzen duten edukietan soilik zentratuko naiz. Honatx gaiari lotutako bost telesail eredugarri: ‘Querer’ MOVISTAR + Zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hipererrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen duen ekoizpena da. Antzeko gaiak jorratzen dituzten telesail britainiarren kutsu estetiko eta narratiboa antzeman diot. Miren-en (Nagore Aranburu) bidaia judizial eta familiarra azalduko du; emakumeak Iñigo Gorosmendi (Pedro Casablanc) senarra salatuko du, 30 urtez ezkonduta egon ostean, egindako bortxaketa jarraituengatik. Honelako istorioetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten, sarritan, gehiegikerietan erortzeko arriskua egoten da; muturreko jarrerak dituzten pertsonaiak, antzezpen lan esajeratuak, musikaren erabilpen tranpatia emozioei eragiteko, kamera mugimendu zakarrak urduritasuna areagotzeko, eta abar. Baina Alaudak justu kontrakoa egin du, eta maisuki, gainera: edukia soila eta neurritsua da, apaingarririk gabea, eta sotiltasun etengabean mugitzen den gidoia du oinarri -Eduard Sola eta Julia de Paz-ekin batera idatzi dutena-, eta pertsonaiak eremu grisetatik atera gabe aritzen dira une oro. Hauen portaerak eta ekintza gehienak -bizpahiru sekuentzia salbu- keinu oso txikien artean mugitzen dira. Gidoiak familia horretako lau kideen ikuspuntuen gainean pibotatzen du, eta hauek dituzten beldur zein zalantzen testigu bilakatzen gara. Pertsonaiak aipatzen hasita, aktore guztien lana itzela da, baina guztien gainetik Nagore Aranburu aipatuko nuke: zenbat ñabardura, zenbat xehetasun… ikaragarria da. Kokalekuak ere garrantzia izango du; Bilbon girotua dago eta, botere ekonomikoaz eta prestigio sozialaz ere mintzo denez, bertako ezkerraldeak eta eskuinaldeak zeresana izango dute traman. Ospea duen familia tradizional batek horrelako salaketa bati nola egiten dion aurre erakusten du. Boterea eta beldurra bezalako terminoak jaioko dira. Lan heldua, sotila eta oso ausarta egin du Ruiz de Azuak. ‘Sambre’ MOVISTAR + «Biktimei omenaldia egitea du helburu telesail honek. Ez du gertatutakoa zehatz-mehatz azaltzeko asmorik». “Sambre” telesailaren atal bakoitzaren amaieran azaltzen den oharra ikusita, argi geratzen da telesail bikain honen xedea zein den. Frantziaren historian emakume gehien bortxatu dituen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide; 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. 30 urte baino gehiagoan garatzen den istorio honetan, gizartearen, erakundeen eta, jakina, biktimen bilakaera ikusiko duzue. Poliziaren eta sistema beraren etengabeko akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira. Kronika oso zehatza osatu du Lestrade-k; sotila bezain gordina da, biribila bezain aseptikoa, morbotik zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean kokatu ditu. Alice Geraud-Arfi idazle frantziarraren izen bereko liburua izan dute oinarri; Lestrade-k, Marc Herpoux-ek eta Geraud-Arfi-k berak osatu duten gidoia biribila iruditu zait, kasuaren erpin garrantzitsuenak ezin hobeto pantailaratu dituzte. Atal bakoitza ikerketaren garapenean funtsezkoa izan zen pertsonaia batean zentratzen da, eta gidoiaren egituran “nor izango ote da kriminala?” galdera hasieratik saihesten du; erasotzailea hasieratik ezagutzen dugu, eta, beraz, ez da “Whodunit”-en tankerako telesaila. Gainera, bortxatzailearen ekintza kriminalak ez ditu inongo momentutan erakusten, eta haren ondorio latzak baino ez ditugu ikusten. Nola izan zen posible, hain eremu txikian, 30 urtez gizon batek 50 emakume baino gehiago bortxatzea? Galdera horri erantzuna ematen saiatuko den miniserie biribila osatu du Lestrade-k, eta bortxaketaren kultura gure sisteman zergatik dagoen hain errotuta erakutsi du. Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen dituen ezinbesteko obra iruditu zait. ‘I May Destroy You’ MAX Michaela Coel aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea da honakoa. Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta da. Bera trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdina eta iraultzailea. Nabarmentzekoa da, lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldatzailetzat jo dute; ziurrenik gizarte gisa erabat prestatuta ez gaudelako gai horiei buruz gordinki hitz egiteko. Harrigarria da beharrezkoak diren gai ugari nola jorratzen dituen. Gizonen zein emakumeen aurkako sexu-indarkeria islatzen duten azpitramak ere txertatu ditu; trauma-osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten gizarte-isla, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa, depresioa, bakardadea eta antsietatea. Telesail hau sexu-hezkuntzako klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakonak egitea. Bizitzaz diharduelako, azken finean, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik begiratuta. ‘Three Girls’ RTVEplay Adingabeen trafiko eta abusu sare bat da “Three Girls” telesailaren gai nagusia. Erresuma Batuko fikzio honetan, gizon-talde batek harrapatuta sexu-abusuak jasan zituzten hiru neska gazteren istorioa azaltzen da. Nicole Taylorrek idatzia eta Philippa Lowthorpe-ek zuzendua, ekoizpenak hiru biktima nerabeen ikuspuntutik kontatzen ditu gertaerak. Hori gutxi balitz, burokraziaren, poliziaren eta gizarte-zerbitzuen estoldak ere erakusten dizkigu; arrazistatzat jotzeko beldurrez -erasotzaileak pakistandarrak direlako-, ez diete neskei jaramonik egiten. Klasismoa eta matxismoa agerian uzten dituen proposamena da, kasu honetan sistemarena berarena. Klase baxuko neskak zirelako, “problematikoak”, biktimak, berriro ere, epaituak. Zuzenean harira doan miniseriea oso interesgarria da, kasua eta gertaera guztiak hiru ataletan soilik erakusten baitira. ‘Unbelievable’ NETFLIX Marie-ren, bortxatu izana faltsuki salatzeaz akusatu duten nerabea, eta egiara iristeko bide bihurgunetsua egingo duten bi detektiberen benetako istorioa azaltzen duen telesail paregabea da. Emakume batek bortxatua izan ondoren aurre egin behar dion guztian sakontzen du; ez bakarrik ondorio emozionaletan, kasu honetan lagunekin edo harrera-familiekin dituzten harremanak ere erakusten ditu. Zenbat galdera erantzun behar ditu emakume batek bortxatua izan dela jakinarazi ondoren? Zenbat gizonek beldurtu behar dute “egia esateagatik”? Kasua 2008koa da, Ameriketako Estatu Batuetan girotua dago, eta kronologikoki jarraitzen ditu gertaerak: Marie-ren bortxaketa osteko sufrimendua, gizonezko polizien jarrera salagarria, neskaren aurkako etengabeko aurreiritziak eta, azkenik, guztia irauliko duten bi emakumezko detektibeen etorrera. Kutsu feminista duen drama kriminal paregabea da, edulkoratzailerik gabea. Neska gazteei gaizki ikertutako (edo zuzenean ikertu gabeko) bortxaketak ardatz dituena. Sistemaren aurkako kritika telesail osoan txertatuta dago, eta, egia esan, dardara eragiten duen kritika da. Telesail honek gizonezkoak interpelatzen ditu; errudunak, jakina, eta baita beste alde batera begiratzen dutenak ere. Errealista, zuzena eta gordina da.