OCT. 12 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Zer (go)goratzen den Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN Umetako kontuez itaunka hasi zaizu iloba eskolako parkean. Zuk ere han ikasi zenuela kontatu diozu, eta berak galdera sorta amaigabearekin erantzun dizu: lagunen izenak, irakasleenak, jolasak, liburuak... Batzuei erantzuteko gai izan bazara ere, laster ohartu zara ez dituzula gogoan berak behar dituen xehetasun horiek guztiak: koloreak, formak, usainak... Pasadizo guztiak xehe-xehe oroitzen dituen eta istorio bera mila aldiz hitz berberekin kontatzeko gai den kuadrillako lagun hori izan nahiko zenuke, iloba asetzeko. Ordea, haurtzaroko oroitzapen txatalak dituzu zuk memorian, elkarrekin nahasian, modu desordenatuan. Amonak memoria galtzen ari zela ohartzean errepikatzen zuen esaldiak hartu dizu gogoa: «Buru zahar hau... gauzak ahazten zaizkidan». Antza, ez diezu behar beste espazio eta denbora eskaini txikitako kontu haiei, eta beste gomuta batzuek hartu diete lekua. Ziur asko, azken horiek gogoratzeko ahalegin handiagoa egingo zenuen, nahita edo nahi gabe. Ezen, memoria ez baita ausaz sortzen eta eraikitzen den zerbait, ezta bete eta bete egin daitekeen plaza neurrigabe bat ere. Eta gaur, urriak 12, bada Hispanitate Eguna gogoratzeko helburuz (edo, hobeto esanda, goratzeko) hartuko duten plaza bat, Gasteizko Plaza Berria, hain justu. Guardia Zibilak okupatuko du, Santsomendiko kuarteleko ospakizunak hiriaren erdigunera eramanda. Espainiako indar armatuaren erakustaldi erraldoia, Gasteizko Udalak hala baimenduta. Eta, guardia zibilak eurak ez ezik, ordezkari politikoak ere bertan egongo dira. Gutxitan izaten da egotea bera hain ekintza aktiboa eta politikoa... Gainera, gaurkoa ez da gertakari soil bat, norabide jakin baten isla den enegarren katebegi bat baizik. Azken hilabeteetako erabakiek (Gasteizko Udalak hiriaren urrezko domina Terrorismoaren Biktimen Zentroari emateak eta Gogora Institutuko izendapenetan Pilar Garaialde bazter uzteak, esaterako) argi erakusten dute zein den Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen, memoriaren eta biktimen arloetan hartutako norabidea. Kontakizun bat inposatzeak eta biktima eta min batzuk ahanzturara kondenatzeak ez dakarkio onurarik Euskal Herriari. Gauza batzuk goratu, beste batzuk ez gogoratzeko. Guardia Zibilak 5.000 euskal herritar baino gehiago torturatu ditu, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak agindutako txosten teknikoen arabera; 5.000 izen-abizen baino gehiago, 5.000 gorputz eta bizitza baino gehiago. Zorionez, ahotsa hartu dute espainiar estatuaren indarkeriaren hainbat biktimak, eta Gasteizko Plaza Berriko Guardia Zibilaren erakustaldia salatu dute. Isilarazi nahi badituzte ere, argi esan dute halako gorazarreek euren umiliazioa eta birbiktimizazioa dakartela, diskriminazioa areagotzen dutela. Desira eta memoria, bi hitzak biltzen ditu bere baitan gogoak. Bietan behar dugu herri ikuspegia, aitortza eta errespetua. Ez da biktima eta min batzuk ahanzturara kondenatzeko garaia, ez eta kontakizun bat inposatuz plazak okupatzen jarraitzekoa ere. Memoria, zerbait izatekotan, etorkizuna da; eta euskal jendartea horri begira dago, horretarako garaia da. Euskal Herrian memoria osoa eraiki behar dugu, hemendik bizpahiru hamarkadatara ez diezaiogun geure buruari errurik bota, memoria galdu zuen amonak bezala; eta, bereziki, parkean galdezka ari den umeak erantzunak izan ditzan. • «Ez da biktima eta min batzuk ahanzturara kondenatzeko garaia, ez eta kontakizun bat inposatuz plazak okupatzen jarraitzekoa ere. Memoria, zerbait izatekotan, etorkizuna da»