Gernika, funtsezko plaza lurrari eusten dion sektorearentzat
Neguko azoken atari den Gernikako Urriko Lehen Asteleheneko plazara gerturatu da GAUR8, tradizioaren gainetik lehen sektorearen argazki zehatzago baten bila. Baserriaren kulturari eusten dion plazan, erreleboa badagoela diote, baina baldintza duinak behar dira.
Urriko Lehen Astelehenak neguko azoken egutegia ireki du Gernikan, gabonen bueltan izaten ohi diren azoka handien atariko lehen data gorriz seinalatuz. Abereei bereziki eskainia, Urriko Azken Astelehenaren ahizpa txikia da hau, urteekin bere burua eraldatzen joan dena, gauza batzuk atzean utziz eta eduki berriei ateak irekiz. Santa Anako aparkalekura bertaratu da GAUR8 Pirenaika Arrazako Euskal Herriko txapelketa hartzen duen Urriko Lehen Astelehen horren xarmaz galdetzera. Abere eta baserriko produktuen erakusleiho handi horretan, ekoizle, abeltzain eta artisauekin hitz egin dugu azoken bilakaeraz, merkatuek jokatzen duten paperaz eta horien protagonista den sektoreaz... Bistan da gaurkoak ez direla lehengoak, baina esan digutenez, funtsezkoak izaten jarraitzen dute, ekoizleentzat eta publiko zehatz batentzat. Hitz ezberdinekin, hemen, produktuen kalitatea, gertutasuna eta gauzak egiteko era bat estimatzen dituen bezero klase bat dagoela nabarmendu dute bildu ditugun testigantzek.
Urriko azkena bezala, lehena ere oso egun seinalatua izan da Gernika-Lumon, orokorrean, herrialdeko baserri giroan eta abeltzainen artean batez ere. Garai berriekin, tradizioaren zati bat eta izaera gorde ditu, baina plaza harengandik urrundu da hitzordua. Antzina, etxeko animaliak biltzen zituen, eta plaza bera zen baserritarren arteko tratuen lekuko. Neurri handi batean atzean geratu dira garai haiek, baina abeltzain askorentzat huts egin ezin duten plaza izaten jarraitzen du Gernikakoak.
Abeltzaintzari dedikatutako esplotazio kopurua nabarmen txikitu da, animalien gaitzen aurrean beharrezko prebentzioak ere erakustaldiak mugatzearen alde jokatu du, eta agerikoa da zailtasun ugari pilatu zaizkiola lehen sektoreari. Hala ere, oztopoen gainetik, bada gaur arte iraun duen sen moduko bat, ofizioarekin lotutako afizioa edota etxean ikusi eta ikasitako lanarekin jarraitzeko gogoa, nahia... Izan ere, hainbat gazte ikusi dugu Gernikan behi azienden inguruan, ganadu hazleak horietako asko, baina guztiek diote, lanbide eta bizimodu den hori gustuko izan arren, ez dutela batere etorkizun erraza. Nahiko lukete abeltzaintzan jarraitu, baina baldintzek ez dute laguntzen.
Nekazaritza eskolak baina errelebo falta
Aurtengoa Euskal Herriko Pirenaika Arrazako Lehiaketaren 37. edizioa izan da. Hego Euskal Herriko hamabi abeltzainen ehun abelburu baino gehiago bildu ditu hitzorduak. Sariak Iurreta, Orozko eta Senosiainera joan dira, Jon Koldo Bikandi, Arbaiza Anaiak eta Juan Antonio Urtarrozek aurkeztutako animalientzat.
«Berez, tradizioan, ganaduko azoka bat izan da hau, lehen inguruko ganadua ekartzen zuten, batzuk saltzera etortzen ziren... baina gaur egun arraza zehatz baten erakustokia da. Zerbait salduko da agian, baina berez ez dago salmentara bideratuta», azaldu du Xabier Arriaga “Txiplas” abeltzaintza ekologikoan oinarritutako produktuen ekoizleak. Bizkaigane elkartearen marka daramaten gaztak saltzen ditu abereen karparen ondoan egokitutako saltokietako batean. Euskal pastela, ogia, eztia, gazta eta artisautza zenbait ere biltzen ditu hirigunetik gertu egokitutako guneak.
Abere azoka bat izanik, publikoaren profila ere horren araberakoa izaten dela aipatu du Arriagak. Dioenez, bisitarien artean ganaduzaleak dira azokak izan ohi duen publikoaren zati handi bat, baina jaia, produktuen saltokiak eta azoken giroa gustuko dituen beste jende bat ere gerturatzen da.
Erakusleihoa den heinean, sektoreko argazki horrek erakusten ez dituen zailtasunez galdetuta, hiru ardatz ikusten ditu Arriagak egoera deskribatzeko. Horien artean, lehen sektorean dabilen jendearen «adin altua» nabarmendu du: «Arazo handiak daude erreleboak sortzeko eta ez da nekazaritza politika argi bat egin». Arrazoi desberdinak daude arazoaren atzean, baina hausnarketa sakon baten beharra aipatzen du. «Hausnartu beharko dute gizarteak eta gizartearen ordezkariek, nekazaritza eskolak baldin badaude, zergatik ez dagoen erreleborik. Arrazoi ezberdinak daude, noski, baina benetan hausnartu beharko da sektorea zergatik dagoen egoera honetan; horrela jarraituta hiltzen joango da».
Azpimarra jarri du nahi dugun nekazaritza ereduan. Nabarmendu duenez, aukeratzen dugun nekazaritza ereduaren araberakoa izango da daukagun elikadura, eta horrek lotura zuzen bat du osasunarekin. Apustu sendo batek inbertsioak egin beharko dituela planteatzen du, baina argi dauka ondorio zuzena izango duela gizarte osasuntsuago batean, «dena dagoelako lotuta». «Argi badaukagu elikadura osasuna dela, zergatik ez dugu nekazaritzan inbertitzen, jaki osasungarriak sortzeko» eta nekazaritzaz bizi den jende gazteak «lan duina eta bizitza duin bat» izan ditzan. «Uste dut hori dela politikariei bota behar zaien mezua, ezkerretik hasita eskuinera, osasuna janaritik hasten dela eta jaki onak sortzeko inbertsioak behar direla, inbertsio horiek sendatzeko erabili behar ez izateko».
Eredu agroekologikoaren aldeko apustua
Arriagak apustu argi bat ikusten du gazteen aldetik. «Jende bat ari da eraldatzen, sektorera bueltatzen, eta ikusten da eredu agroekologikoaren alde egiten duela gehiengo batek, iraunkortasuna eta elikadura burujabetzaren marko horretan; hor bide bat ari da egiten, baina aldi berean gabezia handiak ikusten ditu landa eremuan, azpiegiturei dagokienez... «Pentsatu behar dugu zer nekazaritza eredu nahi dugun, eta horren araberako baliabideak jarri sektorea gaztetzeko eta jende gaztearentzat erakargarri egiteko».
Gernikako azokara Pirinioetako arrazako sei abelburu inguru eraman dituen abeltzain gaztea da Xabier Ustarroz. «Egiten dugun lana erakusteko modu bat da azoka», esan du hazleak. Hitzordua arraza hobetzen jarraitzeko bultzada ere bada, eta sektorean horri ekiten dion jende asko dagoela nabarmendu du. Bere kasuan, etxean ezagutu du ofizioa eta gurasoengandik jaso du etxaldea, eta, hala ere, bidea ez da laua, «lan handia egin behar da eta txikiak dira etekinak». Onartzen duenez, lanbideak dituen zailtasunak direla-eta, etxean ere beste bide bat hartzeko esaten diote, baina bistakoa da balio handia ematen diela arrazaren hobekuntzan egindako urratsei.
Peru Lopez de Muniain albaitari jubilatua abelburuei begira aurkitu dugu, beste abeltzain batzuen ondoan. Haren ustez, zaletasun handia dago abeltzaintzarekiko, eta Pirinioetako arrazaren kasuan, gainera, arraza hobetzeko egin den lan handia nabarmendu du. Gogoratu duenez, duela berrogei urte ia desagertuta izatetik morfologia oneneko animaliak hazterako ibilbide garrantzitsu bat egin da, kalitate handiko animaliak lortuz.
37 urte ditu lehiaketak eta horrek zerbait esan nahi duela azaldu du Jose Antonio Gorbea Pirinioetako arrazako Euskal Federazioaren presidenteak. «Hemen erakusten duguna da hobekuntza genetikoaren ondorioz lortutako animalien morfologia, esplotazioetan norantz goazen erakustea», zehaztu du abeltzainak, eta nabarmendu du arraza autoktonoa dela. Izan ere, galtzeko arriskuan egon zen, «XX. mendearen hasieran baserrietan egoten zen behia zen Pirenaika, jarduera mistoa ahalbidetzen zuelako, idien eguneroko lanerako eta esnerako zerbait. Kanpoko arrazen iritsierarekin, produktiboagoak zirenez, desagertzen joan zen, nekazaritzaren mekanizazioarekin ere ez zegoen jada idien beharrik... Hala ere, berreskuratzen joan da eta gaur egun ia 100 urteko liburu genealogikoa dauka arrazak. Lan handia egin da, eta errendimenduko datu morfologikoak asko aldatu dira».
Azokak berak bizi izan duen eraldaketaz mintzatu da Gorbea. «Duela urte batzuk mota guztietako animaliak zeuden hemen, eta ganadua saltzen eta erosten zuen jendea, baina orain erakusleiho bat da, selektiboagoa den lan bat ezagutzera emateko hitzordu bat». Egungo komertzializazioak zerikusirik ez dauka lehengoarekin. «Lehen animalia ateratzen zen azokara komertzializatzeko, baserrian edo esplotazioan hazteko edo lanerako animalia berriak izateko. Orain, normalean, mundu guztiak dauka bere merkaturatzeko puntua», gaineratu duenez.
Sektorearen egoeraren inguruan, baikorra izateko gogoa bai, baina horretarako arrazoi gutxi daudela dio abeltzainak. Belaunaldi erreleboan kokatzen du arazo nagusia, eta dioenez, aurtengoa ez da urte txarra izaten ari, baina urte bat da. «Aurten egoera oso ona izan da bazka-ekoizpenean, pentsuetan... Animalien eta haragiaren prezioak oso altuak dira, ez dagoelako animaliarik, ez Estatu espainiarrean, ez Europan, gaixotasun eta arazo ugarirengatik. Baina urte bat da, iazkoa kritikoa izan zen. Klima aldaketaren mende gaude, gero eta gaixotasun gehiago ditugu mugimendu globalaren ondorioz... Sektoreak aurrera jarraituko du, baina erakundeen planteamenduak beste bat izan behar du, diru asko ematen digutela saltzen da, baina agian ez digute hainbeste diru eman behar, eta bai, ordea, sektorearen barruan lan egiteko eta autonomoak izateko tresnak, kanpoko merkatuen mendekoak ez direnak eta administrazioak laguntzak emateko izan dezakeen prestutasunaren mende ez daudenak», adierazi du.
Bezero tipo bat mantentzen du
Gernikakoa azokek biltzen ohi dituzten elikagaientzako eta artisautzarako plaza ere bada. Formatu txikiago batean, eskuz egindako poltsak, apaingarriak edota jantziak saltzen dituztenak mintzatu dira GAUR8rekin, ikusten dituzten aldaketen inguruan. Txaber Agirre Gorakat sinadura daraman sormen proiektuko arduradunetako bat da. Azokak aldatzen doazela dio, baina gaineratu du Gernika-Lumokoa hitzordu nagusietako bat dela. «Agian jendeak ez du horrenbeste kontsumitzen, baina hori beste arlo batzuetan ere gertatzen da, harategian gauza bera esango dizute... Guk ikusten duguna da hemen badagoela bezero tipo bat mantentzen dena, egiten dugun lana kontsumitu eta babestu gura duena. Urdaibai inguru honetan bada oso leiala den publiko bat. Guretzat Durangoko disko azokaren egunak eta azoka honen bi egun hauek oso garrantzitsuak dira. Durangotik Euskal Herriko jende pilo bat pasatzen da, eta hori oso garrantzitsua da guretzat», azaldu du poltsa eta motxilen diseinuan aritzen den proiektu elorriarreko arduradunetako bat denak.
Desberdintasunak ikusten ditu, halere, neguko azoken artean. «Erosketak apur bat arineketan egiten dira horietan, eta egun hauetan gehiago hitz egiten duzu erosleekin...».
Mutiloako Telleria Gaztak familiaren gaztandegi baten saltokian gelditu gara azokez hitz egiteko. Beñat Telleriak asteko azoken eta Gernikakoa bezalako azoka seinalatuen artean egin du bereizketa. Azaldu duenez, mota bietakoak dira garrantzitsuak ekoizleentzat. «Guk udaberrian eta udan egiten ditugu eta hemendik gabonak arte salmenta puntu hauetan saltzen ditugu. Azokak, beraz, garrantzitsuak dira gu bezalako baserritarrentzat». Hala ere, batzuetan eta besteetan aurrean duten jendea ezberdina dela uste du. Asteroko azoketan bezero finkoak daude, azoka handietan, aldiz, hiriko publiko handiago bat dago, festa giroan bertaratzen den jendea...
Dinamika antzekoa da Mikel Zudaire nafarrarentzat. “Lorez lore” eztiak eta erlezaintzako beste produktu batzuk saltzen aurkitu dugu. Dioenez, neguko azoketako izar handia da eztia. «Azoka hauek asko laguntzen digute bizitza aurrera eramaten. Euskal publikoak ohitura handiagoa dauka azoka hauetan erosteko. Badago publiko bat azokak bilatzen dituena produktu zehatz batzuk eskuratzeko, eta Gernika horietako bat da», nabarmendu du.