Gorka ZOZAIA - @zotz_
Kimikaria

Ilargiaren uzta

Saturno ekuatoretik ikusi genuen azken aldia, 1995 eta 1996 artean.
Saturno ekuatoretik ikusi genuen azken aldia, 1995 eta 1996 artean. (ESA-HUBBLE)

Uztaren ilargia bezala izendatu ohi da heldu den ostegunean, hilaren 17an, izango den ilargi betea. Gauean ere udan onduriko fruituak jasotzeko aukera izango dugulako udazken betean. Urtaro polita datorkigu zeruari begiratzeko: Artizarrak arratsaldez begiratuko gaitu, Eguzkiaren atzetik. Jupiter eta Saturno handiak ikusgarriak izango baitira gau guztian zehar, baita Marte ere gautxorientzat. Hori bai, beti bezala, gaueko zeruko argien bestaz gozatzeko zentsore nagusiak hodeiak izango dira. Momentuz, aste honetan bertan, oso argitsua izango den C/2023 A3 (Tsuchinshan-Atlas) kometa ikustea ekidingo digute, lurralde osoan. Ez da 1997ko Hale-Boopp-etik halako kometa argitsurik izan. Badaezpada, eguraldiaren aurreikuspena okertuko balitz, edo inor hodeien gainetik ibiliko bada, gaur bertan izango du bere maximoa eta astebetez ikusteko aukera izango dugu begi bistaz; Eguzkia ezkutatu eta ordu batera, mendebaldean, Artizarraren eskuma aldean topatuko dugu, gero eta gorago egunak aurrera egin ahala.

Saturno aipatu dudala, ohartxo bat egin beharrean naiz: bere eraztun ikusgarriak ezingo ditugu heldu den urtean ikusi, eta aurten zein 2026an ere, mehe-mehe ikusiko ditugu. Izan ere, gure posizio erlatiboak direla eta, batzuetan “goragotik” eta besteetan “beheragotik” ikusten dugu Saturno, eta heldu den urtean, ekuatoretik ikusiko dugunez, ezingo dizkiogu eraztunak ikusi. Eraztunen ziklo hau 29 urte eta erdikoa da, Saturnoren orbita bezala, horregatik da 1995 eta 1996 artekoa artikulua laguntzen duen argazkia. Beste era batera esateko, ez galdu aukera teleskopioren batekin begiratzeko, hodeitzak baimentzen digunean... Portzierto, irakurri berri dudanez, Lurrak ere eraztunak izan zituen Ordovizar garaian, duela 446 milioi urte. Antza, normalean ausaz banatzen diren kraterrak une honetan ekuatorean zentratzen direla ikusi dute, eta ondorioztatu, Lurretik oso gertu pasa zen asteroideren bat zati askotan txikitu zela eta eraztun-sistemaren bat osatuko zutela, denborarekin Lurreratu eta kraterrok osatuz.

Kraterrak aipatuta, noan artikuluari izena eman dion gertaerarekin. Lerrootatik berri eman nuenez, Txinatarrek lehen aldiz ekarri dituzte Ilargiaren aurpegi ezkutuko arrokak, eta dagoeneko eman dute zer edo zer argitara. Ilargiaren azala bereziki mehea den gunetik hartu dituzte laginak, potentzialki zaharrak izango direlakoan, eta jatorri ezberdinetako mineralak direla ikusita, krater berrietatik heldutakoekin nahastu direla uste dute. AEB eta Sobiet Batasuna zenak ekarri izan dituzten 380 kilogramo laginekin alderatuz, bi kilogramo berri hauetan kolore argiko feldespato gehiago daudela ikusi dute, eta horrek Ilargia eta Eguzki Sistemaren eboluzioa ulertzen laguntzea espero dute. Ikusteke dago nondik nora joango diren Ilargirako hurrengo misioak, baina uzta honekin datu garrantzitsuak izango dituzte, ziur. Adierazi dutenez, gainera, beste herrialdeen eskura jarriko dituzte laginok Pekinen amaitzen dutenean.