Pauso bat EBn, emakume afganiarrek baldintzarik gabe asiloa eska dezaten
EBko Justizia Auzitegiak dio Afganistango emakumeek jazarpena jasateko duten arriskua nahikoa arrazoi dela blokeko herrialdeetan asiloa izapidetzea aztertzeko, eta, beraz, aurrerantzean euren sexuaz eta nazionalitateaz aparteko beste baldintzarik ez dute frogatu beharko. Hala ere, helmugako herrialdeena izango da azken hitza.
Berri lasaigarria izan daiteke, azken unean salbamendu ontziaren karelari heltzearen parekoa zenbaitentzat: ur ezagunak zakar direnean, ez dago, ahal den eran, lur ezezagunera jo beste aukerarik, edozein dela ere barkuak topatuko duen ertza. Bada, halako erabaki bat hartu du Justizia europarrak: erregimen talibanak hain ditu itota Afganistango emakumeak, ezen aurrerantzean ez baitute jazarpenik sufritzen dutela frogatu beharko Europako Batasuneko herrialdeetan asiloa eskatzeko. Sexua eta nazionalitatea egiaztatzea nahikoa izango da Europan lur hartzeko. Bestela esanda: ziurtzat jotzen da Afganistanen bizi diren emakumeak, andre izate soilagatik, jazarpena pairatzen dutela. Horratx erabakiaren alde gazia.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak urriaren 4an eman zuen erabakiaren berri. Epai batean adierazi zuenez, Afganistango emakumeek jazarpena jasateko duten arriskua nahikoa arrazoi da Europako blokean asilo eskubidea izapidetzea aztertzeko. Hala ere, auzitegiaren ebazpenak ez ditu asiloa ematera derrigortuko blokeko herrialdeak, kontrara, haiena izango da azken hitza. «Estatu kideetako agintari eskudunek erabaki dezakete ez dela beharrezkoa egiaztatzea eskatzaileek jazarpen-egintzak jasateko arrisku eraginkor eta espezifikoa dutela jatorrizko herrialdera itzultzen badira», adierazi zuen auzitegi europarrak erabakiari buruzko epaian.
Austriako agintariek errefuxiatu estatutua aitortzeari uko egin zioten bi andrazko afganiarren kasua aztertu ostean ebatzi zuen epaitegiak Afganistango emakumeen kasuan nahikoa dela haien nazionalitatea eta sexua aintzat hartzea asilo eskaerak izapidetzeko. Afganistango bi emakume horiek Austriako Auzitegi Gorenera jo zuten agintariek errefuxiatu estatutua ukatu ondotik. Salatzaileek argudiatu zutenez, talibanen erregimen berrian emakumeen egoerak berez justifikatzen du asiloa ematea.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen behartutako ezkontza, zeina «esklabotza modu baten pareko» hartzen duen, eta «genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren aurkako babes falta», biak ala biak, «jazarpen ekintzak» direla.
Horrela, neurri diskriminatzaileen «metatze efektuak» eta hauek «nahita eta sistematikoki» aplikatzeak «giza duintasunari lotutako oinarrizko eskubideak nabarmen ukatzea dakarte», gaineratu zuen.
EBko herrialdeen jarrerak
Europako blokearen barruan, Suediak, Finlandiak eta Danimarkak errefuxiatu estatutua ematen diete jadanik Afganistango emakumeei.
Bestalde, auzitegi honen epaiaren aurretik, Estatu frantsesean, Asilo Eskubidearen Gorte Nazionalak ebatzi zuen «Afganistango emakume guztiek», «talde sozial» gisa, asiloa lortu dezaketela.
Europako Batasuneko estatu kideek asiloa eman edo ez erabakitzeko eskumena izaten jarraituko badute ere, Luxenburgoko auzitegiak hartu duen erabakiak aurrekari bat ezar dezake, eta kontinenteko iparraldeko herrialdeek nahiz Estatu frantsesak hartu duten jarrera zabaldu.
«Genero apartheida»
Hiru urte igaro dira talibanek Afganistanen kontrola berreskuratu zutenetik, eta, geroztik, herrialdeko emakume eta nesken eskubideak modu sistematikoan higatu dira. Aurtengo abuztuan, Gobernuak emakumeen aurkako errepresioa gogortzen duen moraltasun legea berretsi zuen. Arau horrek hainbat neurri jasotzen ditu, eta gogorrenetako bat da emakumeen ahotsaren soinua debekatzen duela espazio publikoan. Debekatuta dute, halaber, ahaideak ez diren gizonezkoei begiratzea ere.
«Xaria [lege islamikoa] eta hiyab-aren inplementazioa da gure marra gorria. Ezin dugu gai horiei buruz inorekin negoziatu», adierazi zuen Mohammad Khalid Hanafi Bertutearen eta Bizioaren ministroak abuztuan.
Funtsean, Talibanen erregimenak emakumeak etxeko eremura zokoratu ditu, bizitza publikoan parte hartzea debekatuz eta askatasunez mugitzeko eskubidea nabarmenki mugatuz.
Halaber, neskato eta emakume gazteen hezkuntzarako eskubidea ezabatu dute gobernuburu fundamentalistek, belaunaldi oso bat prestakuntza akademikorako sarbiderik gabe utzita. Enplegu gehienetatik ere baztertu dituzte emakume afganiarrak.
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) ustez, 2021ean talibanek herrialdeko boterera iritsi eta Konstituzioa bertan behera utzi zutenetik, emakumeen egoera «genero apartheid» gisa har daiteke. Richard Bennett NBEren herrialde horretarako errelatore bereziak adierazi zuenez, mundu osoko emakume eta neskatoen artean, egoerarik «okerrena» Afganistangoek bizi dute.
Herrialdeko agintariek abuztuan jakinarazi zutenez, 2023an 13.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten moraltasun legeak ez betetzeagatik, baina ez zituzten ustezko delituak xehatu, ezta atxilotuen sexua ere. Espetxeratze horien erdiek 24 ordu baino gutxiago iraun zuten.
Nazioarteak presioa egin arren, talibanek interes gutxi agertu dute euren politikak iraultzeko. Bitartean, Afganistango feminizidio kasuek gora egiten jarraitzen dute, inpunitatea arau den seinale.
Errefuxiatuak
Acnur erakundeak artatzen dituen sei errefuxiatutik bat emakume afganiarra da, Cear erakundearen arabera. Ondorioz, Afganistan da munduko lehena nahitaezko lekualdatzeei dagokienez: 6,4 milioi errefuxiatu afganiar daude 108 herrialdetan.
Horietatik %90 Iranen eta Pakistanen daude errefuxiatuta, eta gainerakoen artean gehienak inguruko beste herrialde batzuetan, hala nola Tajikistanen, Uzbekistanen eta Turkmenistanen.
Afganistanekin muga partekatzen ez duten herrialdeen artean, Alemaniak du nazionalitate honetako errefuxiatu tasa altuena: 250.000 baino gehiago ziren 2023ko amaieran. Hala eta guztiz ere, nazioarteko babesa behar duten afganiarren kopurua askoz handiagoa da Cear erakundearen arabera, askok ez baitute legezko estatusik.
Ildo horretatik, 2023an Afganistan izan zen bosgarren urtez jarraian Europako Batasuneko asilo eskatzaileen bigarren nazionalitatea: 119.555 izan ziren guztira. Hala ere, Eurostaten arabera, Europako Batasunean afganiarren asiloa onartzeko batez besteko tasa %55ekoa da.
Gainera, herrialdean bertan hiru milioi pertsona baino gehiago daude desplazatuta bertako indarkeriaren eta gatazkaren ondorioz. Horiei gehitu behar zaizkie klima-aldaketaren eta ingurumenaren kaltetzearen ondorioz beren etxeak utzi behar izan dituztenak; 1,5 milioi inguru izan ziren 2023an, herrialdeen barruko desplazamenduak aztertzen dituen Idmc erakunderen arabera, gehienak lehorteen eta uholdeen ondorioz.