OCT. 19 2024 HAZIAK EGITEKO GIDA Nekazaritzaren oinarria den hazigintzari ekiteko gonbita, «Argia»-ren eskutik Hazigintza izan da mendez mende nekazarien eguneroko lanaren zutabe nagusietako bat, mimoz landutako baratze eta soroen biziraupena ziurtatzeko modua delako. Azken hamarkadatan, ordea, ezagutza hori galtzen ari da pixkanaka. «Haziak. Zergatik eta nola egin zureak» liburuak egoera aldatzeko gakoak eskaintzen ditu. Miguel «Kelo» Arribas (ezkerrean) eta Marc Badal (eskuinean), liburuaren aurkezpenerako egindako argazki saioan. (Dani BLANCO | ARGIA-CC-BY-SA) Asier Aiestaran Haziak memoria ontzi txikiak dira. Haietan dago gure bilakaera biokulturalaren kontakizuna, eta haiekin lan eginez, ahantzitako historia horren zati bat berreskura dezakegu». Horrelaxe hasten da "Argia" aldizkariak berriki argitaratu duen "Haziak. Zergatik eta nola egin zureak" liburu mardula -"Argia"-ren webgunean dago salgai, 26 euroren truke-. Miguel "Kelo" Arribas eta Marc Badalek idatzi dute, eta hazien kudeaketak agroekologian duen garrantziaz ohartaraztea du helburuetako bat. Baina horrekin batera, eta liburuaren izenburuak argi dioen bezala, teoriatik praktikara igarotzeko bidelagun izan nahi du, baratzeko lanari heldu eta hazigintzan jardun nahi duen edonorentzat gida erabilgarri. Liburua osatzen duten 275 orrietan, koadro teorikoak egileen esperientzia praktikoekin txirikordatzen dira, lanari osotasun bat emanez. Hiru atal nagusi banatu dituzte: hazigintzari ekiteko oinarriak -landareen ugalketa prozesua ulertzeko gakoak eta hazigintzan jarduteko oinarri teknikoak-, Euskal Herriko barazki nagusien zerrenda -bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak deskribatuz-, eta bizi dugun testuinguruaren analisia -hazigintzaren inguruan dauden mugimendu eta araudiak hobeto ulertzeko-. «Gure proposamena izan zen. ‘Argia’-rekin harremana bageneukan, lehen sektorean eta agroekologian gabiltzanon oso gainean egon ohi direlako. Marc eta biok urte dezente daramatzagu ‘harrikada’ honekin eta buruan geneukan proiektua zen, pentsatzen genuen dirua lortuz gero garrantzitsua izango litzatekeela egiten ari ginen lan guztia liburu batean jasotzea», azaldu digu "Kelo" Arribasek ideia nola sortu zen galdetuta. «Esku zabalik hartu gintuzten. Oso harrera ona izan zuen ideiak eta lanean hasi ginen. Kontuan izan behar da “Argia”-k baduela liburu bat argitaratuta Garbiñe Larrearekin sendabelarrei buruz ("Sendabelarrek dakitena", 2021), eta Durangoko Azokara begira elkarlan bat eskatu ziguten liburu bakoitzarekin bezeroei gure hazi poltsatxoak oparitzeko. Hor harreman bat sortu zen eta pentsatu genuen “Argia”-ri proposamena egitea», gaineratu du. Egileen esperientzia Bi egileek agroekologian egin duten ibilbide luze eta oparoa, aspektu askotan ia paraleloa izateaz gain, garrantzitsua da horrelako lan bat posible egin ahal izateko. Arribas (Madril, 1979) duela 16 urte iritsi zen Euskal Herrira, Beizamako Leunda Berri baserrira. Hainbat urtez Uztaro kooperatiban aritu ostean, Aleka proiektua martxan jartzea erabaki zuen, hazia modu kolektibo eta profesionalean ekoiztea helburu zuena. Marc Badal (Bartzelona, 1976) ere duela ia 15 urte etorri zen Euskal Herrira -Luzaiden finkatu zen azkenean-, Katalunian agroekologiari lotutako mugimendu autogestionatuetan esperientzia pilatu ondoren. Aspalditik dabil hazigintza lantzen eta gaur egun Haziera proiektua dinamizatzen du, Cristina Eneako hazien artxiboa, eta Nafarroako Hazi Sarean ere parte hartzen du. Hizkuntzari dagokionez, biak euskaraz ederki moldatzen diren arren, nahiago izan zuten testuak gaztelaniaz idatzi, eta Markel Lizasoain izan da itzulpenak egiteaz arduratu dena. Dani Blancoren argazki bikainek ere asko janzten dute lana. Arribas, tipula gorriaren haziak erakusten, Alekaren inguruan 2019an egindako erreportaje baterako. (Gorka RUBIO / FOKU) Mamiari helduta, egileek argi uzten dute ez direla zientzialariak, eta duten ezagutza gehiago datorrela horrenbeste urtean pilatutako esperientziatik, nahiz eta bibliografia espezializatua ere oinarri izan duten lana aurrera eramateko. «Aleka elkartean egindako lana da batez ere horrelako liburu bat idazteko zilegitasuna ematen didana», onartzen du Arribasek bere aldetik, hasi eta buka euskaraz egindako elkarrizketan. «Hor esperientzia handia eskuratu dugu, bai dibulgazioan eta bai baratzean bertan. Aleka orain dela zortzi bat urte sortu zen, eta hazigintzari lotuta zegoen eta artisaua eta bertakoa zen lehen proiektua izan zen Euskal Herrian. Ekoizpen txikietatik hazigintza landu eta haziak merkaturatzeko proiektu bat da. Proiektu berritzailea izan zela esan daiteke. Izan ere, gaur egun hazi merkatua erabat monopolizatuta dago multinazionalen aldetik. Horrelako alternatiba bat sortzea gauza berria zen. Baserritarren elkarte bat gara, ekoizle txikiak, agroekologiatik landuta eta kolektiboki antolatuta. Eta aukera hori eskaintzen diogu Euskal Herriko merkatuari, haziak beste modu batera lortzeko aukera». Bultzatu egin den galera Liburuan ederki azaltzen den moduan, gizakiak nekazaritzari ekin zion unetik hazigintza laborarien ezinbesteko lana izan da baratzearen jarraipena ziurtatu eta komunitatearen biziraupena ziurtatzeko. Euskal Herrian ere, baserritarren jarduerarik garrantzitsuenetakoa izan da betidanik hazien lanketa: baratzeko alerik onenak mimoz aukeratu eta gordetzen ziren hazitarako. Azken hamarkadatan, ordea, ezagutza hori galtzen joan da eta hazigintza enpresa gutxi batzuen eskuetan gelditzen joan da. Ez dago oso azkarra izan beharrik ulertzeko komunitatearen biziraupena ziurtatzeko elementu gakoa dena esku pribatu gutxi batzuetan uztea oso arriskutsua dela. Eta "Kelo" Arribasek dioenez, ez da soilik arrisku bat, gaur egun bizi dugun errealitatea baizik. «Ez da etorkizunean gertatu daitekeen zerbait, baizik eta gaur egun gertatzen dena. Esango nuke 30 urte daramatzagula joera horretan. Alde batetik neoliberalismoak ekarri digun kontzentrazio hori dago: multinazional gutxi batzuek bereganatu dute merkatu guztia. Baserritarrok haien eskuetan delegatu dugu jakintza hori, haziak nola egiten diren. Baina, bestalde, legearen ardatza ere aipatu behar da. Aginteak legeen bidez bultzatu du egoera. Ez da soilik baserritarren erabaki bat, legez bultzatu den zerbait da. Adibidez, Alekaren proiektua, edo antzeko beste edozein, nahitaez desobedientziatik abiatu behar da. Legeak multinazionalen errealitatea bakarrik hartzen du kontuan haziak ekoizterakoan, eta horregatik, oso zaila da mundu horretan sartzea», azaldu digu. Liburuan ere araudiak bere atal propioa duenez, eta gehienontzat arlo ezezaguna denez, horretan apur bat gehiago sakontzeko eskatu diogu. «Haziak berez ezin dira trukatu edo oparitu, hori debekatuta dago. Haziak saltzeko baimen berezi bat behar da, eta baimen hori lortzeko eskakizunak irakurtzen badituzu, konturatzen zara erabateko harresia direla gu bezalako proiektu txiki batentzat. Adibidez, urtean 200 tona hazi lantzeko baliabideak eskatzen dizkizute. Noski, planteamendu horretan gurea bezalako errealitate bat erabat ahaztuta dago. Horregatik, hasieran erantzuna beti da ezetz, ezin duzula baimen hori eskuratu. Baina gu tematu egin ginen, eta sektorearen babesarekin azkenean lortu genuen. Hala ere, espezie batzuk legez kanpo geratzen dira beti. Horregatik diot desobedientziatik abiatu behar dela, zeren baimenik gabe egin behar duzu; edo baimena izanda ere, bertako barietateak erregistratu gabe daudenez, berez ezin dituzu saldu hazi bezala», deskribatu du Aleka proiektuan bizi izan duten esperientzia gordina. Laburbilduz, hazigintzaren errealitate ilun hau hiru ardatzetatik bultzatu dela dio "Kelo"-k: «Ekonomikoki, neoliberalismoak bultzatzen duena, sistema kapitalistak bultzatzen duena, enpresen kontzentrazioa eta monopolioa da. Bestetik, baserritarrok galdu egin dugu gure hazigintza eta gure ezagutza: lehen egiten zen, baina gure zaharrak hiltzen ari dira eta hori galtzen ari da, inork ez duelako hartzen erreleboa. Eta hirugarren ardatza legearena da: aipatutako sistema kapitalista hori babestu egiten du haien neurrira eraikitako legediak». Dibertsitatearen aurka Hazigintza multinazionalen esku uztearen ondorio larrienetako bat tokian tokiko espezie dibertsitatearen galera da. Eta galera hori ekiditeko bide bakarra jakintza partekatu eta denborarik galdu gabe lanari ekitea dela aldarrikatzen dute. «Atal batean aipatzen dugu haziak nola gordetzen diren gaur egun, germoplasma bankuetan adibidez, sekulako teknologia erabiliz. Guri ez zaigu gaizki iruditzen, baina ez dugu ahaztu behar haziak mendez mende baserritarrek gorde dituztela eta beraiei esker iritsi zaizkigula gaur arte. Eta ez naiz gaur egungo baserritar profesionalei buruz bakarrik ari, baizik eta baratzean dabilen edozein pertsonaz. Gure planteamendua da jendea animatzea haziak egiten hastera, haziak trukatzen hastera, barietate desberdinak probatzera... Hori delako modu bakarra jakintza benetan berreskuratzeko, gure ingurunera ongi moldatutako barietateak lantzeko, eta barietate horietako askoren desagerpena ekiditeko», dio Arribasek. Haziak ezinbestekoak dira baratze eta soroen biziraupena bermatzeko. Irudian, brokoli haziak. (Gorka RUBIO / FOKU) Eta horregatik da garrantzitsua liburuak egiten duen gonbidapena, bertan jasotako azalpenak norberak praktikara eraman ditzan: «Gonbidapena da, bai, eta horregatik aipatzen dugu azpitituluan ‘zergatik eta nola egin’. Argudioak behar ditugulako, guk batzuk mahai gainean jarri ditugu, baina horrekin batera tresnak behar ditugulako hori nola egin jakiteko. Ez da gauza oso konplikatua, ez da sekulako ikasketarik behar, baina gutxieneko jakintza bat behar da eta, batez ere, beldurrak kendu eta lanean hasi. Nik ez daukat formazio akademikorik, baina hainbeste urte eramanda baratzean, hortaz zerbait badakit. Ez dugu ukatzen formazio akademikoa edo bibliografia zientifikoa. Gu horren irakurleak eta ikasleak gara, baina gure maisu handiena esperientzia da. Eta hori transmititu dugu. Guk liburuan gure jakintza konpartitzen dugu, baina garrantzitsuena baratzera joatea eta bertan lanean hastea da, praktikatik abiatzea. Eta liburu hau bidelagun bat izan daiteke horretarako». Liburuan 60 barazki lantzen dira xehetasun handiz, horietatik asko gaur egun nahiko ezezagunak direnak, eta barietate horien ezagutza zabaltzea eta haiek balioan jartzea ere ekarpen aipagarria da. «Agroekologian oso garrantzitsua da bioaniztasuna. Hori da guk bultzatzen duguna eta baserritar profesionalok egiten duguna. Euskal Herrian badaude zona batzuk nekazaritzarako aproposagoak, baina Kantauriko isurialdean badakigu ez dagoela monolaborantzarako lur aproposik. Elikadura burujabetza hortik abiatu behar da, gure baserrietatik eta bertako bioaniztasunetik. Eta hori bultzatu nahi dugu, gure elikadura bultzatzeko zenbat aukera dauden erakutsiz». Itxaropenerako argudioak Etorkizuna argi edo ilun ikusten duen galdetuta, "Kelo"-k tartetxo bat hartu du erantzuteko. «Itxaropena» aipatu du alde batetik, baina galtzeko denborarik ez dagoela ere argi utziz: «Itxaropenik gabe ezin dugu bizi, beharrezkoa da, eta liburua ez dugu planteatzen ezkortasunetik. Horregatik aipatzen ditugu hainbat proiektu desberdin, batzuk erresistentziatik gehiago dutenak eta agian beste batzuk propositiboagoak. Itxaropena badago. Nondik? Bizirik iritsi zaiguna berreskuratzetik. Eta hortik hasi behar da ibiltzen. Beste hazi batzuk bilatzen, egokitzen... lan egiten. Dena ez dago galduta, baina lanean hasi behar dugu». «Multinazionalek oso argi dute haziak direla garrantzitsuenak, eta horregatik bereganatzen dituzte. Guk behar duguna da egoera horri buelta eman. Zeren bien bitartean galtzen dugun ondarea betiko galtzen dugu. Galera hori lehenbailehen gelditu beharra dago, gero lanean has gaitezen. Komunitatea josi dezagun barietateak bizirik mantendu ahal izateko eta baserritarrei ere hortik bizitzeko aukera emateko. Ez Monsantoren tomate hibrido batera joz, zeina nondik datorren ere ez baitakigu, baizik eta gure barietateak landuz. Ez gureak direlako soilik, baizik eta egokituta daudelako hemengo baldintzetara. Eta hori ekonomiko ere interesgarria izan daiteke». Marc eta «Kelo», kamerari haziak erakusten. (Dani BLANCO / ARGIA-CC-BY-SA) Erronkaren garrantzia hobeto ulertzeko, liburuan aipatzen den adibide bat jarri digu Arribasek. «Kontatzen dugu nola esklaboen tribuek Mesoamerikan ihes egiten zutenean haziak ilean eramaten zituzten ezkutatuta. Haziak eta haurrak eramaten zituzten, etorkizuna bermatzeko. Guk askotan sentitzen dugu egoera antzekoan gaudela. Noski, ez da berdina, baina krisialdi gogor samarra badator, horren aurrean, ihesaldi horretan, zerbait jaso behar badugu, gure haziak jaso behar ditugu. Berriz hasi ahal izateko eta elikadura sistema berri hori eraikitzeko». Izan ere, agroekologiaz dezente hitz egiten den garaiotan, hazien afera nahiko ezkutuan geratu izan da. «Agroekologian eta elikadura burujabetzan asko aurreratu dugu azken hamarkadatan. Guk 20 urte baino gehiago daramatzagu mundu horretan eta ikusten dugu sekulako aurrerapausoak egin ditugula. Baina hazien gaia apur bat ahaztuta geratu da, eta gure ardura horixe da: gaia mahai gainean jartzea, apurka sartzea gure diskurtsoetan eta gertatzen ari denaz ohartzea». "Haziak. Zergatik eta nola egin zureak" ekarpen oso baliotsua da helburu horretan. «Marc eta biok urte dezente daramatzagu ‘harrikada’ honekin eta pentsatu genuen garrantzitsua litzatekeela egiten ari ginen lana liburu batean jasotzea», dio ‘Kelo’ Arribasek «Legeak multinazionalen errealitatea bakarrik hartzen du kontuan haziak ekoizterakoan, eta horregatik, oso zaila da mundu horretan sartzea», azaldu digu Alekaren esperientziaz Hazigintza multinazionalen esku uztearen ondorio larrienetako bat tokian tokiko espezie dibertsitatearen galera da. Hori ekiditeko, jakintza partekatu behar dela diote egileek «Itxaropena badago. Nondik? Bizirik iritsi zaiguna berreskuratzetik. Hortik hasi behar da ibiltzen. Beste hazi batzuk bilatzen, egokitzen... Dena ez dago galduta», iritzi dio Arribasek