OCT. 19 2024 Ziraunak itzuri egiten du Ziraunak izan du bere fama puntua; ez uste! Jainkoarekin hitz egiten duena ez baita edonor. Eta diotenaren arabera, ziraunak jaun ahalguztidunarekin izan zuen elkarrizketa bat. Eskuz esku eta ahoz aho ibili dira, belaunaldiz belaunaldi, zirauna eta hari loturiko kondairak Euskal Herriko etxe askotan. Narrasti isil honek eman du zer kontatua. Joan dira, ordea, belardiak gertu ziren garaiak. Gizakiak belazeak egunerokoan zapaltzen zituen egunak. Asfaltoan bizi garenetik, zirauna urrundu egin zaigu, eta ahaztu, ez dela edonor. Narrasti irristari honek bai baitu bere sekretua. Nola lortu, bestela, famaren erdian zientziari iskin egitea? Zientzialarien begietara arretarik ez deitzea? Erantzuna Hernaniko baserri batean eman ziguten: ziraunak itzuri egiten du. Ziraun arraren argazkia. (Egoitz ALKORTA) Iñaki Sanz-Azkue Ziraunaren argazkia erakutsi diote pantailan eta irribarre txikia agertu zaio aurpegian. «Ziraba», esan du. «Makina bat aldiz izan dut nik hori eskuetan». Belardi, belaze edo belai; baso ertz, baratze edota harri tarte askotan topatua, ezaguna izan da, dagoen eremuan, animalia hau Euskal Herrian. Hala erakusten dute ikerketek, eta hala, ziraunari buruz jasota dagoen ahozko tradizioak ere. Izena duena ba omen da, eta ziraunak (Anguis fragilis) baten faltan batzuk pilatu ditu Euskal Herriko hainbat txokotan: “ziraba”, “siroi”, “zirain” eta “zigun” mendebaldean. “Sugeitsu” eta “sugemutu” ekialdean, haiei loturiko hainbat aldaerarekin: “subeütsi”, “sügütse”, “sugemute”… Eta noski, izenari zentzua eman behar eta, “sugeitsua” itsua dela arrazoitzeko ere, bada ahozkotasunean kontakizunik. Eta ez nolanahikoa; pisuzkoa: «Zirauna suge itsua da, jainkoak hala egin zuelako». Urdiñarben, behintzat, hala diote. Ziraunak eta jainkoak elkarrizketa serio bat izan omen zutela. Jainkoak galdetu omen zion: - Hik usukiko duk? - Bai! Atzamanak oro! - A bai? Ordin bista elkhiko daat. Hala, Jainkoak bista kendu omen zion ziraunari, hark harrapatzen zuen orori hozka egiteko mehatxua egin ostean. Eta horregatik bihurtu omen zen zirauna “sugeitsua”. Bistarik gabeko sugea. Jainkoak beti izan du indarra eta… kontakizuna zabaldu egin zen, belaunaldiz belaunaldi, herriz herri. Urumea bailaran, zirauna “zirau”, eta “ziraua” “ziraba” bihurtu zen gunean, izenak ez zuen itsu bihurtzen, baina istorioak hartu zuen pisua, ziraba ere itsutzeraino. Hala kontatzen dute hernaniarrek: Jainkuak subiai galdetu omen ziyon: - Hik zeini egingo diok koska. Eta sugeak erantzun: - Kalterik egiten ez badit, inori ez. Eta zirabak, berriz: - Nik, ikusten deten guztiyai. Eta hala bihurtu omen zen, Hernani aldean ere, ziraba itsua. Sondikan, berriz, arriskutsua bezain gaiztoa: «Itzue nasen moduen banintike argie, nik akabauko neuke munduen erdie». Bakion bezala: «Sugoie paño beneno geau dekola esaten deure». Kontakizunak kontakizun, fakenews-ak ez dira oraingoak eta istorioa zabaldu egin zen, ziraunari sugetasuna eta itsutasuna eman arte. Baina ez suge, ez itsu; zientziak esan zigun zirauna hankarik gabeko muskerra dela eta ikusi egiten duela. Eta zientziari asko entzun gabe ere, Margari Santa Kruzek zioen ziraunak ez duela horzkarik egiten: Zirabak itzuri egiten du. Ongiaren eta gaizkiaren artean Ziraunak itzuri egiten du. Alde egiten du; ihesi. Belar artean ibiltzen da narrasean, sugea bailitzan, izan gabe. Isilean ibiltzen da arrastaka, ezkata leun eta distiratsuak lurrean irristatuz. Mantso, baina pixkanaka aurrera, harik eta gizakia ikusten duen arte. Orduan egiten du itzuri. Ez baitu hozka egingo. Ez du heldu gaiztorik, ez pozoirik, ezta leku askotan jarri dioten fama txarrerako arrazoirik ere. Zirauna narrasti zomorrozale lasaia da eta bere arma oharkabean igarotzea da. Gaizkiaren eremuan baino, ongiarenean beharko luke. Jainkoak hala nahi izan balu... Eta asko horren jakitun dira. Poltsikoan izaten omen zuten: «Patrikan e ibili diñet nik hoi amakiñat aldiz!». Belardiak herrietatik gertu zirenean edota etxeen arteko zelaiak landarez osatuak zirenean, zirauna ikustea ohikoa izaten baitzen. Belarra ontzen aritzen zirenean, arrunta. Hala behatu omen zituzten, esaterako, hiru-lau kuku meta puntetan pausatzen Hernani eta Lasarte arteko Jauregi auzoan. Eta hasi omen ziren meta-ziritik lurrera eta lurretik zirira kukuak, harik eta baserritarrak konturatu ziren arte hegazti hark zirauna maite zuela. Maite, mokadu ona delako, alegia. Belarra ontzen hastean, kukuak bazekien nora joan. Ziraunak itzuri egin behar berriz ere. Emea, haurdun, zulotik atera eta eguzkia hartzen. (Iñaki SANZ-AZKUE) Urrundu zaizkigu, ordea, landa eremuak herrietatik eta herritarrak landa eremuetatik. Belardiak etxebizitza bihurtu dira eta parke urbanoetako belar ezin motzagoek ez diote aukerarik ematen haietan barrena narrasean ibiltzeko; eta hala, memoria kolektibotik desagertu da zirauna. Belaunaldi berriek ez dute sekula ikusi, eta ez hain berriek sugearekin nahasten dute. Hori, ordea, bere kontra doa. Saihesten ez duenak, akabatzeko saiakera egingo duelako. Sugea delakoan. Arriskutsua delakoan. Behin ikusiko eta… Zientziaren hutsunea Zientziak gezurtatu zuen aurretik jada ahozkotasuneko istorio askok ziotena. Baina Jainkoak eman zion fama ez zen nahikoa izan, antza, zientziak ziraunari arreta jartzeko. Gezurra dirudien arren, sugeitsua espezie nahiko ezezaguna da Euskal Herrian. Badira, noski, Europa mailan, han eta hemen egindako ikerketak, bere biologiari buruzko orokortasunak erakusten dituztenak, baina espezieari begira egindako azterketa espezifikorik ez da sekula egin gurean. Iheskorra izateak zailtzen du ahalegin hori, batetik; eta bestetik, arrunta izateak utzi du lehentasunen zerrendaren atzealdean animalia hau. Zirabak itzuri egin dio, Margarik zioen bezala, baita zientziari ere. 2023ak, ordea, atera zuen argi izpi bat laino artetik, eta ziraunak bere burua erakutsi zuen, zientzialarien arreta piztuz. Aurten, artikulu zientifiko motz moduan publikatu dira espezieari loturiko Euskal Herriko bi behaketa berezi, biak anfibioei eta narrastiei loturiko aldizkari espezializatu batean; biak ziraunaren ugalketari loturiko behaketa bereziak. Bekatua Ziraunarekin hitz egin zuen Jainkoaren begietara bekatua litzatekeena gogoz hartu zuten zientzialariek. Ugal garaiari loturiko datu berriek ziraunen etologia eta biologia gehiago ezagutzen lagunduko baitute. 2023ko maiatzaren 6ak goxotik hasi zuen eguna. Urko Azpiazuk, eguzkia lagun, Oialume auzoa (Astigarraga) aukeratu zuen paseotxoa emateko. Hala, belardi baten azpialdetik zihoala, arreta eman zion espaloiaren gainean ikusi zuen irudiak. Hiru ziraun ziren. Bi ar eta emea. Argazkiak eta bideoa atera zituen eta lagun bati bidali zizkion. Haren bitartez iritsi ziren gure eskuetara. Irudiak bi ziraun ar erakusten ditu elkarren aldamenean. Biek ahoa erabiltzen dute emeari lepotik heltzeko. Estalduraren aurretik ziraunek izaten duten jarrera ohikoa da hori; arrak emeari lepotik heltzearena, alegia. Ohikotik kanpo gelditzen zena, ordea, bi ar eme beraren lepoan egotea zen. Arruntak izaten dira espezie horretan arren arteko borrokak ugal garaian. Kasu horretan, baina, bata bestearen ondoan ziren arrak, batak bestea ukitu gabe, baina emeari gogor eusten. Urko Azpiazuk 2023ko maiatzaren 6an Astigarragako Oialume auzoan ateratako argazkia: bi ar eme berari lepotik helduta. (Urko AZPIAZU) Urkok egin zuen beste behaketa bat ere. Bost minutura, berriz pasatu zenean, ar bakarrak jarraitzen zuen lepotik helduta. Une horretan, emea askatu eta alde egin zuen, estali gabe. Behaketa berezi horrek azalpen bat behar zuen: zer zen gertatu zena? Irudiak jarrera berezi baten aldaera ezohikoa erakusten duela pentsa daiteke. Izan ere, ezaguna da narrastien munduan “eme zaintza” (mate guarding-a), non arrak, estali ostean, emeari eusten dion lepotik, bere esperma obuluetara iritsi artean, beste ar batek eme bera estali ez dezan. Arrak bere geneak defendatzen ditu. Astigarragan ikusitakoak une hori erakutsi dezakeela pentsatu dute adituek. Orain arte, ordea, ez zegoen dokumentatua bi arrek eme bakarraren lepoari heltzen dioten momentua. Neguko haurdunaldia Bigarren behaketak Hondarribia izan zuen eszenatoki. Urte berean, abenduaren 25ean, Mikel Sanz Mitxelena izan zen zirauna ikusi zuena baserri gune bateko ezponda soildu batean. Arreta eman zion, garaia ez zelako aproposena, eta hala jakinarazi zigun. Ziraunak gorputzaren zati bat erakusten zuen, ezohiko neguko tenperatura epelen erdian. Orientazioak laguntzen zion eguzki izpi ahul batzuk hartzen. Gorputza berotzen ari zen, zalantzarik gabe. Zientzialarien begietara, baina, Mikelek emandako datuak zuen interesa: zirauna haurdun zegoen. Ziraunen ugal garaia udaberri eta uda amaiera artekoa izaten da. Nafarroan, ekainean, ikusi izan dira eme ernalduak, bai eta aleren bat edo beste aktibo abenduko egun epeletan ere. Estatu osoan, ordea, ez zegoen neguko haurdunaldien behaketarik. Hondarribiko kasua, dudarik gabe, berezia zen. Behaketak hausnarketa interesgarriak azaleratzen ditu. Batetik, izan daitekeelako ziraunak udazkenean ugaltzeko gaitasuna izatea, orain arte ezaguna ez bazen ere. Bestetik, litekeena delako, aspis sugegorriarekin Nafarroan ikusi den bezala, negua haurdun pasatzeko gaitasuna izatea, udaberrian kumeak izateko. Horiek guztiak, berezko gaitasunak izanda ere, hala gertatzen al ziren orain arte ere? Edo klima aldaketari aurre egiteko moduari erantzun diezaiokete? Bide berri interesgarriak zabaldu dira ikerketarako. Zirauna belar artean Gaur tarte bat hartu dut niretzat. Belardian aurrera noala ikusi dut ziraba kumea sigi-saga, eta behatzen gelditu naiz. Distiratsua du bizkarraldea. Zurixka da, marra beltz nabarmen batekin erdian. Jaioberria da. Ez du ezagutuko bere ingurua. Dena da berria belardi zabal honetan. Eta niri begiak iltzatu zaizkit mugimendu eder horretan. Ikusi nau, ordea, eta alde egin du. Itzuri. Ikasi gabe ere bazekien zer egin. Margarik arrazoia zuen. Ziraunak lasaitasuna maite du. Eta herritar askok maite izan du zirauna Jainkoarekin izan zuen elkarrizketaz haratago. Orain, alabaina, gure begien fokua kendu diogunean, ezezagun izate hori onerako edo txarrerako izango ote den zaila da jakiten. Zientziak hartu beharko luke lupa, eta belar artean sugeitsu bila jarri. Ezagutza zientifikoaren aurrean, beti aurrera egitea baita onena. Itzuri egitea ez da aukera bat. Emea haurdun. (Iñaki SANZ-AZKUE) Jainkoak bista kendu omen zion ziraunari, hark harrapatzen zuen orori hozka egiteko mehatxua egin ostean. Eta horregatik bihurtu omen zen zirauna ‘sugeitsua’. Bistarik gabeko sugea Kontakizunak kontakizun, fakenews-ak ez dira oraingoak eta istorioa zabaldu egin zen, ziraunari sugetasuna eta itsutasuna eman arte. Baina ez suge, ez itsu; zientziak esan zigun zirauna hankarik gabeko muskerra dela Ziraunak itzuri egiten du. Alde egiten du; ihes. Belar artean ibiltzen da narrasean, sugea bailitzan, izan gabe. Isilean ibiltzen da arrastaka, ezkata leun eta distiratsuak lurrean irristatuz. Mantso, baina pixkanaka aurrera Urrundu zaizkigu, ordea, landa eremuak herrietatik eta herritarrak landa eremuetatik. Belardiak etxebizitza bihurtu dira eta parke urbanoetako belar ezin motzagoek ez diote aukerarik ematen haietan barrena narrasean ibiltzeko