EUSKARAREN KRISEILUA

Hizkuntza eta jarrerak transmititzeko beroa eta erabilera indartzeko argia

Euskara jagoteko kriseiluak piztuko dituzte Laudion datozen egunetan. Su epelaren argitan, euskarak etxean duen tokiari buruz hausnartzeko aitzakia izango da su hori, baita hizkuntza ohituretan euskararen alde urrats gehiago egiteko konpromisoen abiapuntua ere. Herriko ikastetxe guztiek parte hartuko dute esperientzian.

Udazkenarekin, Laudioko etxe batzuetan euskararen erabilera indartzeko su berezi bat edukiko dute piztuta. Astebetez, kriseiluak ematen duen argi epelaren magalean, euskararen erabilera handitzeko konpromisoak konjuratzea da esperientziaren helburu nagusietako bat, eta transmisiorako ezinbesteko espazioa den familiaren barnean egingo da, sentsibilizaziotik ere asko duelako dinamikak. Etxekoen artean hausnarketarako aitzakia eskainiko duen elementua izango da kriseilua, eta sortutako konjuru moduko horiek euskara ahotan gehiagotan edukitzeko urrats berriak ekarriko dituzte. Bultzatzaileek argi diote bide horretan inor ez dagoela soberan. Izan ere, euskara gehiago erabiltzeko gogoa da abiapuntua, beste lehen pauso batzuk ekarriko dituena, eta hori etxe euskaldunetan zein euskara ez duten etxeetan gertatuko da.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du “Euskararen Kriseilua” izena duen proiektua, baina izatez, herriko ikastetxeak, haurrak, gurasoak... dira esperientziaren protagonista nagusiak. Oraindik oso hastapenetan dagoen egitasmoa da, baina oinarriak jada jarrita daude, eta datozen asteetan egin beharreko bide horretaz eta mahai gainean egon daitezkeen espektatibez hitz hitz egin dio GAUR8ri Nagore Gomara Laudioko Udaleko Hizkuntza Politikak udal arloko zinegotziak.

Azken egun hauetan, egitasmoan parte hartzeko izena emateko fasean daude familiak, eta 25ean abiatuko da esperientzia, egun horretan hasiko baitira lehen kriseiluak etxeetara heltzen. Ikastetxeek garatuko dute dinamika, eta izandako harrera ona azpimarratu du udal ordezkariak. Herriko ikastetxe guztiek hartuko dute parte: Areta Herri Eskola, Laudio Ikastola eta Lamuza, La Milagrosa eta Latiorro ikastetxeak. Guztira 150 familia inguru inplikatzea da helburua. Haur txikien mundu horren euskararen erabileran eragin nahi du ekimenak, familia euskaldun eta ez euskaldunetan.

Laudion, euskararen aldeko politiken mapa argiztatuko balitz, beste argi txiki askoren ondoko bat izango litzateke kriseiluarena. Izan ere, ez da erabilera indartzeko helburuz martxan jarri den programa bakarra. Gasteizen ondoren Arabako herri populatuena den Laudion ekimen desberdinak jarri izan dira abian, adin tarte eta arlo desberdinetan eragiteko.

Gomarak zehaztu duenez, ikasketetan zailtasunak izan ditzaketen ikasleei laguntza emateko programak daude, besteak beste, eta nerabeei bereziki eskainitakoak ere bai, adibidez. Nabarmendu du «jada urte batzuk dituzten ekimenek jarraitzen» dutela abian, Sorgin Zapatuak kasu; edo Sorlasean, antzerkiarekin lotuta; Etorparri, familia migratzaileen seme-alabei zuzenduta; kirol taldeetan euskara planak bultzatzeari begirakoak; merkataritza arloan euskararen erabilera areagotzera bideratuak... eta ekimen horien guztien artean, laster Lakuako Gobernuak proposatutako familia bidezko transmisioari buruzko beste ekimen bat martxan jartzea espero dute. Esperientzia horien guztien artean, nerabeen ondoan lantzen den Xare jardunaldia aipatu du bereziki. Lakuako Gobernuaren eta Foru Aldundiaren laguntza dauka egitasmoak. Erantzun berezia izan duten dinamiken artean aipatu du; digitalizazioarekin lotuta, Laudioko eta Amurrioko 310 ikasleren parte hartzea lortu baitzuten.

Sinboloaren samurtasuna

Euskararen Kriseiluaren kasuan, proiektua txikien ohituretan eragiteko bokazioarekin jaio da, eta hainbat berezitasun ditu. Haur txikien familietan euskararen aldeko urratsak bultzatzeko efektu horren barruan, lanketa egiteko tresna den kriseiluaren elementuak berak transmititzen duen goxotasuna azpimarratu du Nagore Gomarak. Antzeko gogoeta egin du Maite Agirre Laudioko Euskararen Kriseiluaren koordinatzaileak, dinamika atsegina den kriseilua bezalako tresna baten inguruan egituratzen dela azaltzean.

Era berean, azpimarratzekoa da, bere ustez, egitasmo honek familia barruko euskararen erabileran edo hizkuntza ohituretan eragiteko duen helburua, eta hori etxe barrutik egingo duela.

Nagore Gomara, Laudioko Udaleko Hizkuntza Politika arloko zinegotzia. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Laudio ez da proiektua garatu duen lehen herria, ezta bakarra ere. Hondarribian, adibidez, bi urterik behin egiten dutela azaldu du Agirrek. Pasa den urtean egin zuten bertan, baita Mungian eta Berrizen ere, eta aurten Bidasoaren beste aldean ere izan dute esperientzia, Urruñan. Urretxu-Zumarragan ere garatzen ari dira une honetan.

Laudion, izen-emate fasean dago orain proiektua, eta izango duen funtzionamenduaren inguruko zertzelada batzuk eman ditu Agirrek. Berez sei eta zazpi urte bitarteko haur guztiek eramango dute kriseilua etxera, baina beharrezkoa da familiekin inskripzioa egitea, horrek ahalbidetzen baitu kontaktuan egotea eta bitartekaritza lana egitea, baliabideak jaso ahal izateko, adibidez.

Diagnostiko on baten laguntza

Euskararen zaintzaren sinboloa izango da kriseiluaren sua, eta etxe bakoitzean euskara ahotan gehiago izateko konpromisoak hauspotuko dituen aitzakia. Prozedura ulertzeko, adibidea jarri du Agirrek: «Demagun kriseilua ekarri dudala etxera eta nire etxeko hizkuntza ohitura euskaraz egitea dela, diagnostikoa egingo dugu etxean eta ikusiko dugu zer momentutan, zertarako erabiltzen dugun euskara... Egiten dugun diagnostiko horretan oinarrituta proposamen bat egingo dugu zer urrats berri egin ahal ditudan zehaztuz».

Etxe bakoitzean planteatu daitezkeen urratsak ezberdinak izango dira, euskarak haienean duen egoeraren arabera proposatuko direlako. «Demagun nire etxeko autodiagnostikoa egin dudala eta, kasu honetan, gure etxeko hizkuntza ez dela euskara eta, gainera, gure egunerokotasunean euskara ia ez dagoela presente, hor eman ditzakegun pausoak desberdinak izan daitezke: agian seme-alabekin euskarazko marrazki bizidunak ikustea edo datorren urteko eskola-aisialdi eskaintza aztertzen ari naizenean euskaraz zer dagoen ikustea eta hori kontuan hartzea...».

Agirrek nabarmentzen duenez, autodiagnostikoa egitea oso pauso garrantzitsua da bakoitzak bere etxeko errealitatea behar bezala koka dezan eta horren araberako erronka berriak jar ditzan. Autodiagnostiko hori egiteko, «tresna bat eskaintzen zaio familia bakoitzari, lanketa egiteko, azterketa hori egiteko, eta hori galdetegi baten bitartez egiten da, galdera zehatzen bidez errazagoa suerta daitekeelako atzematea edo identifikatzea zein puntutan egin ahal dugun urrats bat edo beste».

Euskararen Kriseilua. LH 1eko (Lehen Hezkuntza) ikasleek eramango dute etxera. (EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA)

Beste adibide bat jarri du Topaguneko kideak: etxeko hizkuntzak bi baino gehiago izan daitezke, orduan, pertsonaren arabera hizkuntza bat edo bestea erabil dezakete. Horregatik, azpimarratzen du oso garrantzitsua dela hizkuntza ohituren gaineko argazki zehatz bat izatea, eta horretarako, ikustea ea etxekoen artean zenbatek erabiltzen duten euskara, helduen artean zein hizkuntza erabiltzen duten, zein modutan... Horrelako galderak planteatzen zaizkie. Etxeetako askotariko errealitateen barruan, gerta daiteke euskara etxeko hizkuntza izatea, baina erreferentzia den helduak kalean beste heldu batzuekin euskaraz ez egitea. Ariketak proposatuko luke atal horretan urratsak egitea.

Tresnak eskaintzea

Ekimenak daukan beste berezitasun bat da etxeko kideek duten euskara maila edozein dela ere parte har daitekeela esperientzian, eta iraun bitartean, gainera, hainbat baliabiderekin zerrenda bat eskaintzen zaiela familiei webgunearen bidez.

«Gakoak ematea ere bada kontua, zeren askotan aldekotasuna badago baina tresna falta zaigu, nola egin jakitea»., zehaztu du. Oso anitza izan daitekeen agertoki batean, komentatu du batzuetan jakintzat ematen ditugula gauza asko, konturatu arte hain bistakoa den hori ez dela hain ezaguna, batez ere beste kultura eta errealitate batzuentzat. «Ematen du guztiok ezagutzen ditugula euskaraz bizitzeko baliabideak, baina ez da beti horrela izaten, familia batzuek ez dituzte eskura edo ez dituzte ezagutzen, eta horiek eskaintzea oso garrantzitsua da askotan, lagungarriak direlako euskararen erabilera bultzatzeko».

Eskuragarri dituzten tresna horien ondoan, etxean kriseiluaren presentzia izateak jendea euskara gehiago erabiltzeko erronka horretara animatu nahi du. Kate moduko bat izango da, zeren ikastetxe bakoitzak kriseilu bana izango du, ume baten eskuetatik besteen eskuetara pasatuko dena.

«Haurrentzat oso esperientzia polita izaten da, oso bitxia da ikustea beraiek zer gogo jartzen duten eta nola askotan helduei gogorarazten dieten sua piztuta dagoela eta euskaraz hitz egin behar dugula», aipatu du.

Azaroaren bukaerara arte helduko da dinamika Laudion, eta amaieran jaialdi bat egitea aurreikusi dute, azaroaren 29rako. Familia guztiak egongo dira gonbidatuta, hitzordua euskararen erabileraren alde hartutako konpromisoa aitortu eta eskertzeko baliatu nahi baitute. Aukera badago, bideo batean jasoko dituzte euskararen zaindariak izan diren horien esperientziak, testigantzak... dinamika nola joan den ikusteko, balorazio zehatzago bat burutuko baitute.

Euskal hiztun kopuru ezberdinak dituzten herrietan garatu da dinamika. Berez, datu horiek ere ez dira erabakigarriak esperientzia abiatzeko orduan. Agirrek planteatzen duenez, emaitza handiak ala txikiak izan daitezke, baina beti egongo da aurrerapausoa, beti izango du eragina». Herri bakoitzean, hizkuntzarekiko jarrera zein den kontuan hartuta, tamaina ezberdinekoak izan daitezke erronkak, baina erronka izaten jarraitzen dutela azpimarratzen du Agirrek, horietako bakoitzak egiten duen keinuak, txikia izan arren, izan dezakeen proiekzioa azpimarratuz. Dinamikak, dioenez, etxe guztietan eragiten du, eta etxean dagoen tarten ere efektu bat du hizkuntza ohituretan. Etxerik etxe joango diren kriseiluek argiztatuko dituzte euskararen bide berriak.