Zimitzarena
Mandeuli bat izango zela pentsatu nuen hasieran. Hegaldi astun bat entzun nuen, zaratatsua, mantsoa. Leihoan pausatu zen jarraian, hego haizeak astindutako inguruak kristalaren segurtasun geruzaren atzetik arakatzera. Ez zen mandeulia, ez zen liztorra. Ez nuen mehatxutzat hartu. “Zera” deitu nion. Eta bizitza barkatu.
Pare bat urte igaro dira ordutik. Garai hartan, kafe baten babespera ikaratuta bildu zitzaidan lagun bat. Bera ez zela arrazista, baina. Ezkertiarra zela, baina. Kontraesanez gainezka zebilela azken aldian. “Zerak” zebiltzala auzoan; lapurretak asko ugaritu zirela, bere bizilaguna gauez harrapatu eta jipoitu egin zutela karteraren aitzakian. “Zera”-k entzun eta nire sukaldeko leihoko bisitariarekin akordatu nintzen ni, baina berehala baztertu nuen ideia. “Badakizu” esan zidan. Arabiarrak. Magrebtarrak. Zerak. Bera ez zela eskuindarra, ez zela arrazista, ez zuela VOX-en hizkerarik erabili nahi. Baina.
Etxera bidean, bizilagun baten etxe atarian auto zuri bat ikusi nuen. “Securitas Direct”. Berehala atera zitzaidan bizilaguna, bere burua zuritu asmoz. Telebistak esan zuela nola “zerak” zebiltzan bazter guztietan. Andre batek kontatu omen zuen oporretara astebeterako joan eta etxera sartu zitzaizkiola, eta itzuli zenean hantxe zeudela, gotortuta. Poliziari deitu omen ziola, baina hauek ez zutela ezer egin, legeak etxejabeen kontra eginda daudelako. “Zera”-k zer ziren galdetu nion nik, inozentziaz. “Badakizu” esan zidan. Okupak. Alarma jarrita lo lasaiago egingo zuela.
Etxera itzuli nintzen ni. Eta hantxe zegoen, sukaldeko leihoan, “zera”-ren aldamenean. Beste “zera” bat. Aldi-txartuta nentorren, eta hatzarekin lehertu nituen biak. Plaf. Plaf. Eta berehala sumatu nuen. Usaina. Kiratsa. Hezetasun mindu baten lurruna, zurrumurru bat bezala etxeko zoko guztietara barreiatu zitzaidana. Google-ra jo nuen erantzun eske. Eta hantxe, “zera”: Zimitz kirasdun marroia, Pentatomidoen familiako kidea, Asia ekialdetik mundu osora hedatu eta nire etxean maizter sartua. Mehatxuen aurrean kiratsa zabaltzen duena.
Geroztik, zintzilikatutako arropetako poltsikoetan agertu zait, ohean, ordenagailuko teklatuan. Plaf. Plaf. Plaf. Nire lagunak Whatsappera bidaltzen dit lapurreten berri, auto zuriak ikusten ditut bizilagunen atarietan. Leihoak itxi ditut, pertsianaren zirrikituetan zimitz-habiak azaldu zaizkit. Plaf. Plaf. Plaf. Zimitzak mehatxu ikusezinaren aurrean kiratsa zabaldu eta zabaldu. Bizilagunen manifestazioak okupen kontra, ertzainak manteroen kontra, eskuin muturra gure gorputzetako zirrikituetan habia egiten. Plaf. Plaf. Plaf. Eta hezetasun minduaren usain hedakor hau. •