Miren AZKARATE BADIOLA

Taka-takaz etorri den postala

Amak oporretara doan aldiro ohitura zahar bati eusten dio: postala idazten du. Ez niri, amona titulua duenetik ni “rangoz” jaitsi bainaiz, bilobei idazten dizkie aipaturiko postalak.

Ohitura zaharra dela diot, iruditzen baitzait oso jende gutxik idazten dituela jada postalak edo gutunak. Baina niri, behintzat, galdu ezin dugun ohitura polit bat dela iruditzen zait, eta hori helarazten saiatzen naiz era berean nire haurrei. Teknologia berriek komunikazioa bat-batekoa bihurtu dute eta, tira, ongi dago. Baina batak ez luke bestea kendu behar. Laster gizakiari ahaztu egingo zaio zer den boligrafo bat hartu eta folio zuri baten aurrean jartzea! Susmoa dut AA-ri (Adimen Artifizialari) datu eta algoritmo batzuk esan eta ez dutela gutuna idatzi ere egingo!

Baina gaurkoan erabat asaldatua naukana da Lisboatik (eta ez postontzi batetik, e? Correos-eko bulegotik) etxera postal horrek bidean eman dituen egunen kopuruak. Zehazki 31 egun!! Amak esana, gainera, nahita ez zutela postontzira bota eta hango Correos-eko bulego batetik bidali zutela. Penintsula Iberikoaren barruan hilabete pasatxo… ÑO! Eta gero Amazon bidez Txinara zerbait eskatu eta ordu gutxitan etxean duzu eskaria. Ezin dut ulertu! Edo hobe esanda, ulertzen dut, baina ez zait gustatzen.

Amonak astebete egin zuen oporretan, eta postalak, ez dakigu non, baina portugaldar langileak pista bat emanda, Madrilen hilabeteko egonaldia egin du.

«Noiz iritsiko da amonaren postala? Gaur ere ez da iritsi?». Bada, ez, ohitura zaharra nahita ari dira zahartzen uzten. Taka-takan dator, baina postalak eta gutunak idazten jarraituko dugu. •