GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ANALISIA }

Gizon zuri haserretuak

Amerikako Estatu Batuetako gizon zuriak zergatik daude haserre? Zergatik hain era suhar eta orokortuan? Horren arrazoiak eta adierazpideak ulertu nahian, Kimmel soziologoak horietako ugari elkarrizketatu ditu.

Trumpen jarraitzailea den gizon bat oso haserre. (Andrew LICHTENSTEIN | GETTY IMAGES)

Liburu honek ez dihardu Donald Trumpi buruz: bere jarraitzaileei buruz dihardu». Honela iragartzen du Michael Kimmel soziologoak “Angry White Men” [Gizon Zuri Haserretuak] liburuaren azken edizioaren hasieran.

Liburuaren lehen edizioa 2013an idatzi zuen, Trump artean “celebrity” (edo xelebrity) aberaskume bat zenean. Amerikako Estatu Batuetako gizon zurien haserrea ulertzea zen xedea, fenomeno sozial orokortu bezain kezkagarria baitzen ordurako. Horretarako, gizon zuri heterosexual ugari elkarrizketatu zituen.

Argitzen zuenez, ez zuen goitik behera egin, gutxiespen edo penatik, «espezie exotikoren baten aleak aztertzen dituen zientzialari bat izango balitz bezala». Hasteko, elkarrizketatuak ez dira salbuespenezko “eroak”, ezta “irrazionalak” ere; kontrara, gizon gisa ezarritako normak era «konformistan» jarraitu eta haragiztatu dituzten gizon “normalak” dira. Segitzeko, ikertzailea (eta artikulu hau sinatzen duena) ez dago horiengandik kanpo eta gainean. Hori kontuan izanik, haserre horren nondik norakoak parez pare ulertzen saiatu zen.

Orduko analisiek ez dute gaurkotasunik galdu, hori gabe ez baitago ulertzerik Internazional Erreakzionarioen gorakada edota Trumpen indarra, ezta aurtengo hauteskunde-kanpainan aipagai den genero-arrakala ere. Hala izanik, horko zenbait irakaspen azalduko ditugu jarraian.

Erreala, ez zuzena

Amerikako Estatu Batuetako gizon zuriak haserre daude (ez hangoak bakarrik). Baztertuak, gutxietsiak eta isilaraziak sentitzen dira. Haserre daudenak zergatik dira gizonak, ordea? Eta zergatik zuriak? Eta zergatik era orokortuan?

Beste edozein kolektibo edo minoriari gertatuz gero (adibidez, gizon beltzei edo emakume asiarrei), horri buruz arituko ginateke etengabe: «Baina, hain zuzen ere, bere nabaritasunagatik, apenas izan den eztabaidagai serioa». Gizon zuriak hiritar amerikarraren irudi neutroa izan direnez, ez da generoaren eta arrazaren araberako irakurketa espezifikorik egiten. Gutxiengoa izanagatik, haiek ez dira, nonbait, minoria. Horren aurrean, Kimmel gizon zurien haserrea propioki aztertzen saiatu da.

Hori aztertzerakoan, soziologoa honako premisatik abiatu da: sentimendu horiek ez dira zuzenak, baina errealak dira. Bere hitzetan, «gizon zurien amorrua ‘benetakoa’ da; hau da, sakonki eta zinez sentitzen da. Hala ere, ez da ‘legitimoa’; alegia, ez du bere egoeraren analisi zuzena islatzen». Beraz, egoeraren inguruko gezur edota erdi-egietan oinarrituagatik, haserre hori ez da gezurrezkoa. Oso erreala da, nola bizipenean, hala ondorioetan (askotan tragikoki erreala). Zentzu horretan, Kimmelen helburua ez da gizon horien argudioak gezurtatzea soilik, baizik eta argudio oker horien atzean dauden arrazoiak ulertzea, ondoren marko alternatibo bat eskaintzeko.

Bere jarraitzaile bat Trump jasaten ari den «jazarpena» salatzen. Andrew LICHTENSTEIN | GETTY IMAGES

Agrabio konparatua

Gizon zuri estatubatuarrak zergatik daude haserre? Marka da, gero, beraiek izatea haserrearen monopolioa dutenak, historiako klaserik pribilegiatuenetakoak izan direnean: «Amerikarrak izate hutsagatik, Lurreko pertsonarik aberatsenen artean daude. Zalantzarik gabe, herentziazko aristokraziatik kanpoko talderik pribilegiatuena dira». Adibidez, munduko biztanleriaren %5 izanagatik, baliabideen %40 xahutzen dute amerikarrek. Gizona eta zuria izanez gero, zer esanik ez.

Paradoxa iruditu badakiguke ere, akaso pribilegio horietan bilatu behar da suminduraren arrazoia. Izan ere, Kimmelen ustez, gutxitasuna ez da abstraktuki neurtzen, baizik eta erlatiboki sentitzen da, espektatibekiko eta besteekiko erlazioan. Ezer ez dutela merezi uste dutenei, gutxi asko iruditzen zaie; dena izateko eskubidea aurresuposatzen dutenei, aldiz, asko gutxi.

Horri lotuta, haserrea ere konparatiboa izaten da. Agrabio sentsazioa izateko, ez da aski desjabetzea; horrez gain, kendu dizuten hori eskubidez zuri dagokizula sentitu behar duzu aurrez. Nagusitasuna orduan eta handiagoa eta naturalizatuagoa izan, handiagoa izango da sumindura: «Ironikoki, zilegitasun sentimendu hori ez da txarkeriaren sintoma bat, baizik eta pribilegioena. Ezer ez dutenek ezer ez dutela merezi uste dute; zerbait dutenak dira horretarako eskubidea dutela uste dutenak».

Zentzu horretan, agrabioa sentitu eta adierazten dutenak askotan ez dira «galtzeko ezer ez dutenak» izaten, baizik eta «galtzeko zerbait izan badutenak… eta, hain zuzen, galtzeko zorian ote dauden beldur direnak». Hala izanik, Kimmelentzat klase dekadenteek abiatu ohi dituzte oldarraldiak (onerako edo txarrerako).

«Non dago ordaina?»

Soziologoak azaltzen duenez, Amerikako Estatu Batuetako gizon zurien haserrea ere agrabio konparatuaren arabera ulertu behar da. Kasu honetan, «amets amerikarra» agindu zieten: bakoitzak bere aspirazio, talentu, diziplina eta lanaren araberako oparotasuna izango du. Gogor lan egin, arauak bete eta zergak ordainduz gero, familia eta nazioa aurrera aterako zituztela sinetsarazi zieten.

Esaneko gizon zuriek fermuki sinetsi dute. Springsteenek “The promised land” abestian adierazten zuenez, «Jauna, ez naiz ume bat; ez, gizon bat naiz / Eta agindutako lurrean sinesten dut». Halaxe, gizonki beharrezkoa den oro egin dute, ondoren eskubidez zegozkien onurak jasoko zituztelakoan.

Alabaina, gizon arrakastatsua izateko amets eta exijentzia hori mantendu bada ere, hori gauzatzeko baldintza politiko, sozial eta ekonomikoak hankaz gora jarri dira. Batetik, azken hamarkadatan aberatsen eta klase ertainaren arteko arrakala handitu egin da: enplegu industrialak suntsitu egin dira, ganadutegiak, betiko komertzioak eta bestelako negozio familiar txikiak itxi egin dira... Independentzia ekonomikoa galdu dute eta jada ezin dute beraien kabuz etxea erosi eta familia aurrera atera. Semeei, etorkizun oparo bat beharrean, zorrak utzi dizkiete (agidanez, alabarik ez dute).

Bestetik, beheran zeuden “besteak” gizon zurien pare jartzea aldarrikatzen ari dira. Pentsa, 2042an zuriak gutxiengoa izango dira. Elkarrizketatuen hitzetan, feminismoa «urak gainezka egiteko falta zen tanta» izan da. Horren ondorioz, emazteek «arrazoirik gabe» uzten dituzte eta semeak «kentzen» dizkiete. Jada gizonak ez ei dituzte «plazererako eta umeak ekartzeko ere behar». Hori gutxi balitz, ez diete patxadaz eta askatasunez hitz egiten ere uzten. Zuzentasun hertsagarriaren mende, gizonak «kastratuta» daude.

Aldaketa horiek medio, ameslari amerikar horietako asko arrakastatsuak beharrean “looser”-ak dira. Soldataz harago, familiaburu bezala zegokien izena ona eta ohorea galdu dituzte. Eta «umiliatuta» sentitzen dira. Izan ere, gizonak, gizon izateko, boteretsu eta nagusi izan behar du, etengabe irabaziz. Galtzea eta ahul agertzea desohorea da, gizontasuna bera galtzea. Bidenabar, momentuz irabazleak direnak ere «antsiak jota» daude, balizko porrotaren ikaraz: aukera berdintasuna bera «beldurgarriegia da bere identitate guztia beti eta aldi oro irabaztean oinarritzen duen genero batentzat».

Izututa ez ezik, «traizionatuta» sentitzen dira. Izan ere, beraien ustez beraiek bete dute beraiei zegokiena; arazoa da orain ez dutela «merezitako» ordainsaririk jasotzen. Sindikatuek ere ez dituzte babesten. Nazio amerikarra beraiek altxatu ondoren, orain inor ez da beraiekin akordatzen. Are okerrago, «de facto errudun» izendatuta, traba gisa ezaugarritu dira. Ondorioz, galtzaileak beharrean «biktimak» omen dira: dagokiena kendu diete eta ezin dira kexatu ere egin.

Job elkarrizketatuaren testigantzan ezin argiago ikusten da hori. Promesa batzuk egin zizkioten: «Nik uste nuen, zuzen jokatuz gero, eskatu zidaten guztia eginez gero, ondo joango zitzaidala, ulertzen? Gogor lan egin eta aberastu egingo zara, larrutan egingo duzu». Berak arauak galanki bete ditu: «Hogeita hamar urtez, sekulako soldadua izan naiz». Baina orain ez du dagokion ordainik jasotzen: «Eta orain etortzen zara eta botatzen didazu: ‘Sentitzen dut, inork ez dizkizu sari horiek guztiak emango’. Nola ausartzen dira besterik gabe kentzera? Irabazi egin dugu!». Hori gutxi ez, «eta, gainera, gu al gara etsaiak?».

Bistan denez, biziki sinetsi dute amets amerikarrean, biziki egin dute lan hori gauzatzeko eta, ustez dagokien hori kendutakoan, biziki haserretu dira.

Trumpen jarraitzaileak Kapitoliora indarrez sartzen, 2020ko hauteskundeetako ustezko «lapurreta» salatzeko. Lev RADIN | EUROPA PRESS

Gu edo haiek

Norekin haserretu? Nork jo die adarra? Kimmelek galdera hori erantzun nahian sumatzen ditu gizon zuri estatubatuarrak. Bere hitzetan, horretarako errelato «paranoikoa» josten dute askok. Horren arabera, abiapuntua idilikoa zen: norbere lan, etxe eta nazioaren jabe ziren estatubatuarrak, askatasun eta oparotasunean. Aitzitik, konspirazio handi batek egoera natural hori atzekoz aurrera jarri du. Minbizi bat bailiran, «indar arrotzak» instituzioetan eta gizarte zibileko esparru orotan «infiltratu» dira eta dena kutsatu dute. “Beraiena” zen boterea lapurtu eta “haiengana” eskualdatu dute: «‘Guk’, oparotasun amerikarraren oinordeko zilegiek, ikusi dugu nola burokrata ezgai eta anonimoen kuadrilla batek eskubidez gurea dena kendu digun, ‘haiei’ emateko: eskean ibiltzen diren minoriak, immigranteak, emakumeak, gayak eta jendaila hori dena».

Agerikoa denez, errelato horretan argi zedarrituta dago “gu” eta “haiek” arteko ardatza. Batetik, “gu” bat dago, estatubatuar autentikoez (hau da, gizon zuriez) osatuta; bestetik, “haiek”, era guztietako minoriek osatutako jendilaje inbaditzailea. Tartean, gobernuko burokrata odolgabeak, “haien” menera dauden elite “progre”, “maritxu” eta kosmopolitek gidatuta.

Behin batzuk eta besteak bereizita, berdintasun sexual eta arrazazko ekinbide oro porrot bezala bizi da. Zero-baturako logikan, «‘haiek’ irabazten badute, ‘guk’ galdu egiten dugu». “Haiek” agintzen badute, “gu” horrek ezingo ditu bere enplegu, etxe eta emakumeak kontrolatu. “Gu” edo “haiek”, izan ala ez izan, hori da ataka.

Batzuen eta besteen arteko deman, “haiek” lortutako eskubide oro “gu” horren kontrako ebaste ilegitimo bezala salatzen da. Hautaketa prozesuan enplegua beste bati emanez gero, «emakume beltz bat nire lanarekin geratu da» esaten da. Enplegua eskubidez beraiena denez, ez ematea kentzea da. Emakumeek espazioak irabaziz gero, beraien eremuetan «muturra sartzen» dutela gaitzirizten da. Obama presidente hautatzea, berriz, «estatu-kolpe» onartezintzat jotzen da. Instituzioak naturaz beraiei dagozkienez, botoak boto, “haien” garaipen oro «lapurreta» izango da (horixe izan zen Kapitolioa hartzeko argudioa ere).

Gizon zuri haserretuentzat, oro har, hori da beraien ezinen azalpena: “haiek” esparru orotan infiltratu dira eta beraiei zegozkien bizimodu eta nazioa lapurtu dizkiete.

Donald Trump kanpainako ekitaldi batean. Lev RADIN | EUROPA PRESS

Berrezarpena

Egoera horretan gizon zuri asko norbere baitan oskoltzen dira. Atsekabetuta, minduta eta galduta badaude ere, ez dute halakorik adierazten, hori baita gizontasunaren mandatu nagusietako bat: ez agertu zaurgarri, norbere miseriak norbere kolkorako gorde. Kezkak pilatu ahala, azkenerako lehertu egiten dira batzuk: depresioak, suizidioak...

Guru eta tertuliakide ezberdinek errepikatzen duten eran, baina, amerikarren aurkako gurutzada feminista eta multikulturalaren aurrean, ezin da etsi. Rambok nola, erantzun eta mendekua hartu behar da: «Fight, fight, fight», Trumpen hitzetan. Zilegia ez ezik, betebehar morala da: «Gizon askorentzat, umiliazioak mendekua eskatzen du; bestela, gizon izateari utziko liokete». Kultura amerikarrean ere erabat errotuta dago hori: lehen kolpea jotzea ez da zuzena; erantzun eta mendekua hartzea, aldiz, ohoragarria da. Hala, errelato konspiratzaile horretan borrokarako deia egiten da beti: kolpea jaso ondoren, egoera «larria» denez, «berehala erantzun behar da». Adibidez, Obamaren hautaketa «arraza arteko gerra global eta apokaliptikoaren» abiapuntu bezala sentitu zuten askok.

Borroka horretan biolentzia funtsezko aldagaia da. Izan ere, gizonek mutikotatik ikasten dute biolentzia gatazkak kudeatzeko modu zilegia eta miresgarria dela, gizonen birilitatea horren bidez berresten baita publikoki: «Indarkeria helburu baterako bitartekoa izango litzateke: ohorearen eta errespetuaren erreparazioa, umiliazio bat emendatzeko gaitasuna». Horrela ulertzen dira, besteak beste, seme-alabei ustez “onena” egiteko beraien emazte ohiei “okerrena” egiteko saiakerak; emakumeekiko kontrola berrezartzeko indarkeria matxista; migratzaileen “uholdeari” aurre egiteko miliziak; “maritxuen” aurkako jazarpena edota ingurukoak (eta ondoren norbera) akabatzen dituzten «masakrizidioak».

Mendeku horren bidez, “haiek” garaitu eta «gauzak bere lekuan» jartzea da asmoa: familiaburu gisa autoritatea berreskuratu, emakumeen gorputzarekiko jabetza naturala berrezarri, zurien nagusitasuna berriz konkistatu... Finean, “ber-” aurrizkiak adierazten duenez, konspirazioek kutsatu aurretiko iragan loriatsura itzuli nahi da. Trumpen leloak dioenez, “Make America Great Again”.

Beste norabide bat

Agerikoa denez, gizon zurien haserrearen arrazoiak eta adierazpideak ezin dira ulertu gizontasuna aintzat hartu gabe. Patriarkatuaren barruan, gizon izatea nagusi izatea da, eskubidez botere-posizio horren jabe izatea. Hori auzitan jarriz gero, umiliatuta eta erasanda sentitzen dira, bere izatea bera mehatxatutako biktimak. Horren aurrean, beren birilitatea berrezartzeko biolentziarako eskubidea eta, are, betebehar morala dutela sentitzen dute. Trump, funtsean, mendeku kolektibo eta biolento horren ikurra baino ez da.

Kimmelen iritziz, baina, haserre hori ez du zertan Trumpek (eta oro har, Internazional Erreakzionarioak) kanalizatu. Ezinegon hori bestelako arrazoi eta norabideen arabera bideratzeko aukerak egon badaude. Horren lekuko, gorrotoz betetako epai arranditsu askoren atzean hamarnaka konplexu eta beldur ere sumatu ditu bere elkarrizketetan zehar. Beraz, arrangura horiei nola eman dakieke bestelako erantzun bat? Auzia terapeutikoa baino politikoa dela kontuan izanik, pare bat ekinbide politiko planteatzen ditu liburuan zehar.

Batetik, bere irudiko gizonari lotutako posizio, ideal eta arauak birpentsatu egin behar dira. Gizon zuria eskubidez nagusi sentitzen den artean, eraldaketen aurrean ernegatuta jarraituko du; beti irabazi behar badu, oparotasunean ere antsiatsu egongo da. Bien bitartean, gutxiengo horren azpitik dauden guztiak zapalduta. Horren aurrean, soziologoarentzat «amorru hori lantzeak gizonak ‘gaitzea’ eskatzen digu, maskulinitatearen definizio berri bat bere egin dezaten, eskubidearen zentzu faltsu horretatik deslotuta, gizon zuriak etorkizun berdinzaleago eta saihetsezin baterantz konfiantzaz egin dezan aurrera».

Bestetik, «gizon estatubatuarren sektore zabalak eskubidez gabetzen dituzten eta borrokarako gogoz galbidera eramaten dituzten politika eta programei aurre egiteko lan egin behar dugu». Kimmelek aldarrikatzen duenez, gizon zuriek ez dute gehiago eduki eta izateko eskubidea, baina bai enplegu duin bat, segurtasun sare bat edota bizitza asegarri bat izateko eskubidea, beste herritar orok bezalaxe. Hortaz, gizonezko zuri aberatsen aurka eta etsaitzat jotzen diren “beste” mugimendu horien eskutik, denontzako bizitza duinak bermatzeko politika publikoak bultzatu behar dira.

Hitz lauz esanda, behera eta iraganera baino, gora eta etorkizunera begiratu behar da, denon eskubideak zabaltzeko. Trumpekin edo bera gabe, ez da erronka makala izango.