Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

‘Fighting for American’ Euskal Herrian?

Estatu Batuetako hauteskundeen bezperan BBCren dokumental guztiz gomendagarria ikusi dut. Euskal ikuspegitik sinesgaitza dirudien fenomeno bat aztertzen du: emakume gazte ultraeskuindarrak. Erreportaje honetan erakusten dena zeharo irrigarria eta aldi berean oso kezkagarria da, biak batera. Umorezko pelikula bat bezala ikus litezke pasarte batzuk… dena benetakoa ez balitz.

 

Hiru protagonista nagusi ditu dokumentalak. Bata youtuber-instagramer-tiktoker arrakastatsua da, familia tradizionalaren apologia egiten duena; emakumearen rol bakartzat, ama, emazte eta sukaldari izatea. Beste gazte nerabe batek sari bat jaso du trans pertsonen aurkako manifestazio bat antolatzeagatik, eta 16 urterekin mitinak ematen hasi da: gurasoek etxean hezi dute, ez eskolan, funtsean Bibliarekin, horrekin baino ez. Beren pentsamenduaren zutabea hau izanda, gizonarekiko erabateko mendekotasuna eta emakumeei boto-eskubidea kentzea planteatzen dute lotsa izpirik gabe. Berriro diot, sinestezina dirudi, baina gertatzen ari da.

Hirugarren protagonistak Christie Hutcherson du izena eta pauso bat harago eman du. Bere buruari eman dion misioa arriskutsuagoa da, zuzenean parapoliziala. Mexikoko mugara joaten da, batez ere Arizona aldera, Estatu Batuetara sartzeko harresia zeharkatzea lortzen duten migratzaileak detektatzeko eta salatzeko. Denaren berri ematen du, ahal dela zuzenean, milaka jarraitzailerentzat, “Women fighting for American” izeneko kanal baten bitartez. Lehen sekuentzian, etorkinen kanpaleku batean sartzen da, baimenik, errukirik eta damurik gabe; gero, GKE solidario bateko kideak jazartzen ditu; eta, azkenean, atxilotuta amaituko duen venezuelar baten «ehizan» parte hartzen du, poliziakideen ondoan bera ere korrika ibiliz.

Layla Wright kazetariaren lana (hauek hirurak bezain gaztea, eta emakumea) itzela da, bikaina. «Ultraeskuinarekin zer egin» eztabaidari -ezkutatu edo ikusarazi- erantzuna ematen dio, bide batez. Kasu honetan, behintzat, argi dago onena errealitatea bere gordintasun osoz islatzea dela. Ezezagunari dion jatorrizko beldurrak bultzatuta jokatzen du Hutchersonek (Afrikaren aipamenak berak amesgaiztoak eragiten dizkio). Hortik, gezur handi bat sortzen da: etorkin guztiak terroristak dira. Eta guztia gorrotoan amaitzen da, gorroto hutsean. Era berean, gezur berriekin elikatzen da gorroto hori: aho zabalik geratzen da Wright, bere aurrean zuzeneko emisio batean Hutchersonek 150 migratzaile atxilotzea lortu duela ziurtatzen duenean, hesiaren beste aldean hiru bakarrik daude eta.

Gure irizpideek Estatu Batuetan asteartean gerta daitekeena aztertzeko ez dutela inolaz ere balio ondorioztatzen da BBCren dokumentala ikusita. Baina, batez ere, justiziaren, berdintasunaren edo egiaren beraren aldeko borroketan atzera metro bat bera ere ez egiteko gonbita da. Christie Hutcherson guztiak ez batira ezerezetik sortzen eta puzten: euskal hiri bateko auzo batean txiroen aurkako kontzentrazio baten bidez pitz daitezke, eta erakundeen axolagabekeriarekin ahaldundu. Eta gero oso berandu izango da damutzeko. •