«Tresnek euskaraz bizitzeko aukera emango dute, baina norbaitek hautatuz gero»
Itzulinguru proiektuaren egileak pozik daude lanak sortu duen interesagatik. Eduardo Apodaka (UPV/EHU) zuzendariarekin eta Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra) koordinatzailearekin bildu da GAUR8.
UPV/EHUko eta Soziolinguistika Klusterreko kideek, Itzulinguru proiektuan parte hartu duten bertze eragile batzuekin batera, haien artean komentatzen zuten hizkuntza teknologiak gauza anitz aldatzen ari zirela, baina inor ez zela erreparatzen ari horren eragin soziolinguistikoari. Hilabeteak eman zituzten gaiari nola heldu gogoetatzen. Itzultzaile neuronala aukeratu zuten ikertzeko, eta zehazki hizkuntza jarduera arautuei jartzea arreta, hor ikusten delako nola aldatzen den funtzionamendua tresna berri bat sartzean.
Egin dutena ikergai hagitz zabal baten parte txiki bat dela argi edukita, egitasmoa mugatu nahi izan dute, eta emaitzak urte eta erdian atera dituzte, tresnak agudo baitoaz aitzinera eta ezagutza iraungi egiten baita.
Itzultzaile neuronalak tentsioa eragin du helburuaren eta gertatzen ari denaren artean.
Eduardo Apodaka: Ohartu ginen ez zirela helburuak betetzen ari, neurri batean tranpak egiten zirelako. Adibidez, gaztelaniaz idatzitako testuak aurkezten ziren euskaraz Unibertsitatean, itzulpena txarto eginda gainera, itzultzaile bat erabilita. Hedabide batzuek ere arrangura zuten haiek euskaraz idatzitako testuak gaztelaniaz irakurtzen zirelako, berriro ere makinak egindako itzulpen trakets baten bidez. Makinek itzulpen onak egin ahal dituzte, baina edizioarekin, bestela oso testu txarrak heldu ahal zaizkio irakurleari, eta hedabideak ez du testua kontrolatzen, baina egilearen izena hor azaltzen da. Beste adibidean kontrakoa gertatzen da: ikasleak entregatzen duen testua ez da berea. Euskarazko hedabide baten helburua euskara zabaltzea bada, horren aurka doa gaztelaniazko itzulpena irakurtzea, eta hezkuntzako xedea euskaraz ondo idaztea bada, hori ere ez dugu betetzen.
Hainbat erakundek osatutako Garapen Taldeak gidatu du ikerketa: Osakidetza, Lakuako Hezkuntza Saila, AEK, Elhuyar, Hekimen, Innoklab ikerketa taldea (UPV/EHU) eta Soziolinguistika Klusterra.
Asier Basurto: Talde bat osatu dugu zazpi sektoretara iristeko: enpresak, administrazio publikoa, hedabideak, osasungintza, euskaltegiak, bigarren hezkuntza eta unibertsitateak. Zazpi erakunde inplikatu gara, eta leku egokiak bilatzera joan gara proba hauek egiteko; jendea prest egoteaz gain, aniztasun pixka bat ematen diguten tokiak. DBHn, esaterako, testuinguru soziolinguistiko ugaritako ikastetxeetan izan gara. Pozgarria izan da ze prestutasun aurkitu dugun. Interesatuta egon dira hasieratik, eta esku hartzeak asko egokitu ditugu bakoitzaren errealitatera. Nola lan egiten duten ezagutu, eta gero haiekin batera diseinatu ditugu esperimentuak.
Sare neuronalak guztiok erabiltzen ditugu.
E.A: Bai, eta batzuetan ez dakigu; hori da txarrena. Lanean argi eta garbi, baina smartphonean ere badaude, sare sozialetan, telebistan edota musika entzuteko plataformetan. Itzultzaileak Euskal Herrian hemengo talde eta enpresek garatu dituzte. Guk euskalgintzaren ikuspegitik ikertu ditugu: zer ekarri diezaiokete euskararen biziberritzeari? Zertan izan daitezke oztopo eta zertan lagungarri?
Itzultzaile neuronalaren aukerak esploratu dituzue.
E.A: Alferrik da teknologiak onak edo txarrak diren planteatzea, pentsatu behar duguna da nola erabili ekarpen positiboa egin dezaten.
A.B: Inertziak hizkuntza hegemonikoen aldera eramaten gaitu, eta horren aurrean irizpide batzuk hausnartzea eta finkatzea komeni da, etxe bakoitzean tresna nola erabiliko den zehazteko. Forma ezberdina har dezakete: arau formalena, gomendioena edota praktika eredugarriena, maila ezberdinetako zorroztasunarekin. Guk hainbat modu proposatzen ditugu euskararentzat mesedegarrienak diren irizpideak finkatzeko.
E.A: Gako bat formazioa da. Erraza dirudi: kutxa batean sartzen duzu hizkuntza bat, eta beste bat ateratzen da, baina komeni da ulertzea zein operazio egiten duen makinak, ze akats errepikatzen dituen, ze joera. Zuzendu beharreko joera bat generoarena da. Euskaraz genero markarik gabe lanbide bat jartzen baduzu, defektuz, makinak sartuak dituen aurreiritzien arabera, gizon edo emakume bezala itzuliko du.
A.B: Formazio horretan lagungarri izan daiteke irakurketa errazeko teknikak ezagutzea. Esaldien ordena nola jarri, eta beste hamaika truko, gero idazketa eleaniztuna errazago eta hobeto egiteko.
E.A: Arlo hauetan guztietan ez da bakarrik euskara erabiltzen. Hezkuntzan, adibidez, erdaraz irakurri behar izaten dira askotan testuak, gero lana euskaraz egiteko. Osasungintzan ere hizkuntza batetik bestera ibiltzen dira etengabe. Jendeak hanka sartzeak egiten ditu, eta makinek ere bai. Horren gaineko kontzientzia bat eduki behar dugu: makinari testu txar bat emanda emaitza txarra izan daiteke, baina ona emanda ere bai, hori ere orraztu eta zuzendu beharko duzu zure helburuen arabera, bestela helburuen eta emaitzen arteko tentsioa gertatuko da.
Itzultzailea euskara irakasteko erabili ahal da. Tresna ona izan daiteke gure behar eta egoeretara egokitzen badugu. Baina horretarako ezagutu egin behar da.
Oro har badago ezagutzarik?
A.B: Orokorrean ez dago formaziorik. Hau arautzeko beharrik ez da sentitu eta oso tresna potente hau erabiltzaile bakoitzaren esku utzi da. Gainera, praktika txar batzuk kutsatu dira. Euskaraz idazteko segurtasunik ez zuen jende batek, itzultzailearen laguntzaz, testuak idatzi eta plazaratu ditu. Beste norabidean, alferkeriaz, “tresnak egingo du” pentsatu da. Ez zaio eman garrantzirik, eta erakundeek ez dute beren ardura gisa hartu. Arazoak sortu dira hainbat erakundetan. Eta horiek identifikatzen lagundu du proiektuak. Aldaketa handiak eragin dituzte itzultzaile neuronalek leku askotan, eta itzultzaile horien erabilerari buruz erabaki gehiegi hartu gabe gertatu dira aldaketa horiek.
E.A: Batzuetan arau bat jarri da, eta besteetan esan da: «Erabili ezazue». Hezkuntzan, debekuaren ideia beti gainean dabil hegan, baina hori ez doa inora, ikasleek erabili erabiliko dute, nahi gabe ere bai. Gure gelatxoan mugak jarri eta kontrolatu ditzakegula ez da guztiz egia. Kontrolatu nahi baduzu, barrura sartu behar duzu, eta erabaki.
A.B: Kontzientzia bat sortu behar da, zer gertatzen ari den konturatu, ez ukatu.
E.A: Testuen garrantzia eta eginkizun soziala oso ezberdina izan daiteke. Lege bat itzultzean oso zorrotza izan behar da. Testu literario bat edo norbere mezu bat ezberdina da. Ezaugarri horiek kontuan hartu behar dira, eta ez dira hartzen. Testuaren kalitatea zaintzeko, hainbat hizkuntza jokoan daudenean, trazabilitatea komenigarria da: jakin beharko luke erakunde batek zenbat esku eta hizkuntza egon diren tartean, kontrolatu, bukaeran, esan nahi duena eta nahi duen modura esaten dela, erakundeak estilo bat badauka, hori ere zainduz.
“Erredakzioan itzulia” jartzen dute hedabide batzuek. Horrekin erakutsi nahi da testuaren egiletza ez dela bakarrik sinatzailearena. Itzulpenaren ardura norena den azaltzea garrantzitsua da, batez ere okerrak daudenean tartean.
A.B: Eredu ezberdinak egon daitezke. Hezkuntzan, lanetan egokia izan daiteke jartzea: “Ingelesez zegoen testua eta euskarara itzuli da Eliarekin”.
E.A: Kasu horretan ez da erantzukizuna Eliaren esku uzten, nik egin dut Eliarekin.
Ardura testua aurkezten duenarena da.
E.A: Horregatik da gakoa egite prozesuan dauden urrats horiek jakitea. Eta batzuetan egokia da horien berri ematea. Mugikorra euskaraz jarrita baduzu, Kataluniako hedabide batzuek berehala euskarara itzultzen dizute eta zuk esan behar diezu katalanez nahi duzula. Hedabide horiek ez dute itzulpena kontrolatzen, baina jarri behar dute irakurtzen ari zarena ez dela jatorrizkoa, makina batek zuretzat egindako itzulpen bat baizik.
Hor bertze erronka bat ikusi duzue: zergatik ikasi hizkuntza gutxitu bat?
A.B: Imajinatzen jartzen bagara zer tresna etorriko diren, joera ahozkotasuna indartzea izango da, testutik ahotsera eta alderantziz, teknologiak asko garatu direlako. Teknologia hauek ikusezin izatera jotzen dute, botoi bati sakatuta webgune oso bat itzultzen da, aurikularrekin itzulpena jasotzen da. Gauza horiek badatoz, eta itzulpena hain erraza, azkarra eta kalitatezkoa bihurtzen bada, zer inportako du hizkuntza batean ala bestean idazteak edo esateak?
Horretara iristen bagara, zergatik ikasi hizkuntza bat baino gehiago? Zergatik ikasi hizkuntza gutxitu bat? Hizkuntzaren balio sinbolikoari eta identitateari lotutako argudioak sartzen dira hor, hizkuntza komunitatea, gure inguruarekiko atxikimendua, gu zer garen erakutsi nahi izatea, bakoitzak bere modura bizi dituenak eta ez direnak esparru tekniko eta praktikokoak.
E.A: Euskaraz irakurriko da edo erabiliko da baldin eta komunitate bat euskaraz bizi bada. Ez da bakarrik nola agertu nahi dugun munduan, nola bizi garen da, eta hortik nola agertu nahi dugun munduan. Euskaraz bizi den jendeak euskara erabiliko du. Balio ideologikotik kanpo, balio estetiko edo kultural batzuk egon daitezke tartean. Euskaraz egiten bada film bat, euskaraz ikusiko du jendeak? Hizkuntza horretan bizi den komunitate bat badago, bai, bestela ez.
Komunitate txiki bat bagara, ahula, bizitzeko arazotan beti, teknologia hauen mende euskara ihartu eta hilotz bat izango dugu, eta euskara ondo erregistratuta geratuko da, jakingo dugu nola egiten zen Erronkarin, baina ez da erabiliko, atzean ez delako komunitaterik egongo. Paradoxikoa izan daiteke: edozer ikusi eta irakurri ahal izango dugu euskaraz, baina ez da egongo horretarako motibaziorik duen jenderik. Lehen alderantziz gertatzen zen: bazen bizi-komunitatea, ahozkoa batez ere, baina idazterakoan erdarara jotzen zuen, eta euskarari corpusa falta zitzaion. Orain kontrakoa gerta dakiguke: corpusa hainbestekoa izanik, gerta daiteke ez izatea bizi-komunitate bat eta euskara gogo gabeko gorputz bat izatea, zonbi bat, arimarik ez duen baina mugi daitekeen gorpu bat.
Gogorra irudikapena. Zer egin dezakegu ez betetzeko?
A.B: Biltzeko eta bizitzeko guneak dituen komunitate bat behar dugu. Sareak izan daitezke, baina beti beharko ditugu kaleak eta plazak. Lantokiek ere izan behar dute komunitatea, gure zerbitzuek, administrazioak, aisiak... Komunitatea zabaldu daiteke.
Irudikapenean aurrera joan gara, baina bide horretan guztian garapen teknologikoa hizkuntza gutxituaren ikuspegitik egiten duen industria bat behar dugu. Badugu indargune bat, euskaratik pentsatutako hizkuntza teknologiak garatzen ari gara, euskararen biziberritzea presente duten garatzaileak badaude. Garrantzitsua da horiek egotea eta egiten dutenari erne egotea komunitatea osoa, bestela, gero eta esku gutxiagok kontrolatzen duten garapen teknologikoaren karrera honetan, gureak ez badaude, beste interes batzuk gailenduko dira: merkatua eta ikuspegi globala.
E.A: Garapen teknologikoan kontuan hartu behar dugu zein testuingurutan ari garen. Txinan kontrol sozialerako demarekin bizi dira, baina ikusten da handien arteko lehian garapen teknologikoan nolako interesak dauden kapitalismoaren ikuspegitik. Hor kontrol gutxi eduki dezakegu, edo batere ez. Baina komunitate moduan barrura begira sendotzen baditugu ari diren indar horiek, horren gaineko kontzientzia bat lantzen badugu, oso jakintza eta ezagutza argia garatzen badugu, aukera bat dugu nor izateko eta gure interesak definitzeko: zertan ari garen, zer nahi dugun eta nola eramango dugun aurrera. Beste aukera da datorrena datorrela egokituko garela pentsatzea eta modu pasiboan eta atomizatuan jarraitzea, kontsumitzaile bezala.
Ba al dago elkarlanik euskal komunitatean arlo honetan?
A.B: Europako eta munduko beste hizkuntza gutxituekin konparatuta, hobeto gaude: unibertsitatean hona begira daude, gobernuek ere jarri dute fokua. Baina ikusi behar da dagoen elkarlana behar dugun bezain ona eta tamainakoa ote den. Erronka izugarria da eta behar duguna handia da.
E.A: Hiztun komunitatearen aldetik, aspalditik garatu dira hainbat ekimen eta ahalegin. Elhuyar nola sortu zen, hiztegigintza eta lexikotik, eta zelan joan den garatzen sinbolikoa da. Gure hizkuntzaren historiaren parte esanguratsu bat da, zelan joan zen euskalgintza ere profesionalizatzen, zientzia eta teknologia, ikuspegi humanista ere barne. Oso interesgarria da. Ahalegin horiek babestu eta bultzatu behar dira, eta ahal dela koordinatu, batu, trinkotu. Baina begirada zabaldu behar dugu, ekimen kolektiboago eta antolatuago bat behar dugu. Momentu honetan ez daukagu, gure hizkuntza komunitatea oso zatikatuta dagoelako: legeak, esparru juridikoak... Gainean daukagun olatu teknologiko honi aurre egiteko ordua da, inprentaren garaian bezala, dena aldatu dezakeen garai batean gaude. Denok sumatzen dugu gauza batzuk ez direla lehengoak izango; jada ez dira lehengoak. Kausa bihurtzen diren ondorioak oso bereziak dira. Oligarkia teknologikoek botere handia eta kontrol ikaragarria izan dezakete gure bizitzetan, eta herri gisa eta hizkuntza komunitate gisa sekulako erronka dugu. Ez dakit serio hartzen ari garen.
Irailean aurkeztu zenuten Itzulinguru, EHUren uda ikastaroen barnean. Zein ideia atera ziren?
Begirada berezi bat egon zen hezkuntza, osasun eta enpresa industrialen eremuari zuzendua, eta bukaeran etorkizunaren irudikapen bat, adimen artifizialean zentratua. Hor, tarte handia hartu zuen inplikazio legalak eta etikoak. Gizakia ez den egile bat agertzen da. Hori nola jasoko da legeetan? Nola hartuko dira hautu etikoak? Zer dago ondo eta gaizki pertsona ez den egile bat dagoenean?
Ahozkotasunak berriro lehentasun bat hartuko duela dirudi, ikusiko dugu ea bueltatzen garen ahozkotasuneko gizartearen ezaugarrietara, non produkzio kulturala kolektibotzat jotzen zen eta herri kanta bat nork idazten zuen ez zitzaion inori axola.
Jarraituko du Itzulinguruk?
A.B: Gogoetatzen ari gara. Ikusten dugu jarraitu behar dela, dagoen interesagatik, eta aukera asko bururatzen zaizkigu, kezka multzo zabal batetik forma zehatz bat eman behar diogu proiektuari, ditugun aliantza eta baliabideekin.
E.A: Bi ikerketa eta gogoeta maila daude. Alde batetik, zabala. Behar dugu hori, gogoetari hegoak eman behar dizkiogu, ikusiko dugu noraino. Bestetik, zehatzagoa, interes eta beharrei lotua. Itzultzaile neuronalarekin lotuta bestelakoak agertzen direla ikusi dugu; adibidez, nola antolatu posta zerbitzu bat.
A.B: Apalera, txikira, joko dugu ziurrenik.
Ikerketa hau eginda, zerekin gelditu zarete?
E.A: Itzultzaile neuronala erabiltzeko, prestatu egin behar da. Jakin behar dugu lanabesa zer den, nolakoa den, zer aukera ematen dituen, eta gero jakin behar dugu erabiltzen gure helburu eta nahien arabera. Testua prestatu behar da itzulpenerako, eta ondotik editatu, zurea izan dadin.
A.B: Hori erakunde mailara eramanda, bakoitzak honetaz pentsatu, ahal bada adostu, eta bere erabiltzeko modua finkatu behar du.
E.A: Hizkuntza komunitatearen ikuspegitik, teknologia hauek gurera ekartzen jakin behar dugu. Euskalgintzaren ikuspegitik euskaraz bizitzea da helburua, eta teknologia horiek xede horretarako nola egokitu eta erabili ahal diren aztertu eta erabaki behar da.
Erabiltzaileari aholkurik emanen zeniokete?
E.A: Makinak ez du lan egingo zure ordez; zurekin egingo du. Testu bat idazten ari zarenean, paperezko hiztegi bat edo itzultzaile neuronala erabil dezakezu, baina testua zuk egingo duzu. Joera da makinek gure ordez lan egingo dutela pentsatzea. Eta gure ordez egin dezakete, baina hor kale egiten dugu.
A.B: Erakunde batek euskara hutsean funtzionatzeko aukera eman dezakete tresna hauek, hartzailearen esku jarrita itzultzeko aukera. Erabat euskaraz funtzionatzetik gertu dauden erakundeei aukerak zabaltzen dizkie.
E.A: Itzultzaile neuronalak oso onak izan daitezke euskara ikasteko eta euskaraz gehiago produzitzeko; atzerriko egunkari bat euskaraz irakurri dezakegu. Pelikulak ikusi ditzakegu makinek bikoiztuta, kongresu batean euskaraz hitz egin, zuzeneko itzulpenarekin. Tresna hauek euskaraz bizitzeko aukera ematen dute, baina norbaitek hautatzen baditu.