Arauak gainditzeko zubiak
Egoera beltzenak ezinak iluntzen dituenak dira. Errealitate ankerrak gaindiezin dirudienean, zubi berriak behar ditugu aurrera egiteko. Eta arazoa, maiz, ez da zubiak eraikitzeko baliabide falta, baizik eta zubi berri horiek imajinatzeko ezintasuna. Arau jakinen bidez egituratzen dugu errealitatea, eta arauak berak mugatzen digu errealitate berriak irudikatzeko gaitasuna. Zientziak, batzuetan, muga horiek zeharkatzen ahal direla erakusten digu, eta itxaropen argi bat pizteaz gain, imajinazioa astintzeko bide ere izaten da. Horixe gertatu berri da kimika organikoaren eremuan, 1924. urtetik indarrean izan den Bredten araua urratzea lortu denean.
Kimikaren adar honek, organikak, karbono kateak ditu aztergai. Kate luze eta korapilatsuak eraikitzeko gai da karbonoa, elkarren arteko lotura sinple (alkano), bikoitz (alkeno) edota hirukoitzak (alkino) tartekatuz, askok institutu garaitik oroituko duzuen gisan. Besteak beste, egitura ziklikoak osatzen ahal ditu, baita irudira ekarritako ziklo bikoitzeko egiturak ere. Duela ehun urte arau gisa ezarri zena ondorengoa da: zubi bi elkartzen dituen karbono atomoak -zubi buru deritzanak- ezin du lotura bikoitzik izan. Hain zuzen ere, molekularen geometria distortsionatuaren barnean lotura bikoitzak duen disposizio zurrunak ezartzen zuen muga hau, eta mende bat eman dute kimikariek muga honen barruan lanean, anti-Bredt liratekeen molekulak ezinezkotzat joz. Irudiak erakusten duenez, lotura bikoitza debekaturik lukete “norbornene” konposatuaren eskuineko isomeroek.
Mota honetako molekulak, baina, oso interesgarriak dira kimikaren motor nagusienetakoa den farmakologiarentzat, euren ezegonkortasuna erreaktibotasun handi batera itzultzen baita. Bizitzaren oinarria karbonoaren kimika bada, bere egitura, geometria eta funtzio anitzeko molekula konplexuen multzoarekin, bertan eragin nahi duten farmakoek ere behar dituzte konplexutasun handiko geometria eta funtzioak. Hala, ekinaren ekinez, UCLAko (AEB) ikerlari batzuk heldu berri dira Bredt-en araua apurtzen duten molekula batzuk sintetizatzera; nahiz eta hain diren ezegonkorrak, ezin izan dituzte isolatu eta karakterizatu. Hain zuzen, beste molekula batzuekin errakzionarazi dituztelako dakite anti-Bredt molekula hauek sintetizatu dituztela. Nolabait, biziki ezengonkorrak diren molekula hauei une batez “eustea” lortu dute, nahi zuten erreakzioa gerta zedin.
Lan honek, beraz, Bredt-en araua aplikazio orokorrekoa ez dela erakusten du, eta bide berri eta oparoa zabaltzen du biziki distortsionaturiko alkenoak sintetizatzeko, zenbait farmakoren konplexutasun altuko egiturak sintetizatzeko oso erabilgarriak izan daitezkeenak. Alegia, farmakologiaren erreminta kutxan giltza berri eta oparo bat jarri da, ezina ekinez egina. Orain, testuliburuak berregin beharko dira, baina batez ere, imajinazio berriak landu, arauak gainditzeko zubiak zeharkatuz.