Faxismoa Donostiako Udaletxean
Urriaren 12an bloke antikolonialak “urriak 12, ezer ez ospatzeko” lemaren azpian antolatu zuen manifestazio antirrazistan egon nintzen Bartzelonan. Manifestazio osteko potean, lagun batzuk eztabaidatzen aritu ginen kolonizazioko Euskal Herriaren paperaz, gure herrietako enpresek hegoalde globaletan mantentzen duten estraktibismoaz eta gaur egun migratzaileen lan esklaboaren ondorioz ditugun pribilegioez. Gure zaurgarritasun zuria jokoan zegoen, eta hura salbatzeko genuen aitzakia bakarra hurrengoa zen: Euskal Herria ez da Espainia, gurean behintzat ez dago faxismorik.
Igandean hartu genuen Donostiara itzultzeko trena. Heltzean, lagunek Trintxerpen gertatutakoaren berri eman zidaten: faxistak kaleetan. Gazte migranteekiko utzikeria instituzionala eta beldur arrazistak batzen dituzunean sortzen den egoera da hau, gero eta ohikoagoa bihurtzen ari dena. Hasieran, gaizki antolatutako faxista taldetxo bat zen, “loquenotecuentandedonosti” bezalako sare sozialetako profilek bultzatua. Ondoren, patriarkatuaren indarkeriaren imajinarioa eredu duten faxistak, kaleetan migranteak jipoitzeko patruilak antolatzen. Urriaren 14an, lehenengo jauzi instituzionala eman zen, Alderdi Popularrak talde hauek babestea erabaki zuen Iztueta kalean egin zen “segurtasun falta”-ren kontrako kontzentrazioan.
Segurtasun faltaz hitz egiten dute zuzenean arrazistak direla esatea ez delako politikoki zuzena. Ainhoa Douhaibik dioen moduan, herrialde honetan ez delako arrazaz hitz egiten, arrazismoaren hizkuntza (post) modernoak ez du “arrazaz” hitz egiten. Segurtasunaz, demokraziaz eta legeez hitz egiten du; bizikidetzaz, aniztasunaz eta kulturartekotasunaz, baina ez arrazaz.
Egoera hau izanik, Donostiako Udalak erantzun beharra ikusi zuen. Eneko Goiak gazte migratzaileen pobrezia egoera hobetzeko neurriak har zitzakeen: etxebizitza, lana, ikasketak edo osasun mentala bermatzeko programak abiarazi; migratzaileak jipoitzera irteten direnak ikertu eta sasi alkandora beltz hauen jarduna eten edo, behintzat, faxismo herrikoiaren irudi diren manifestazioak debekatu. Baina ez, Kaleko Afari Solidarioak debekatzea hautatu zuen. Kale egoeran dagoen jendeari jatordu bero bat bermatzen zion herri antolakuntza kriminalizatzea, kontuan hartu gabe jende talde hau antolatzeko arrazoi nagusia udaletxearen zabarkeria dela. Instituzioen ardura izan beharko litzateke egoerarik prekarioenean dauden horien babesa bermatzea. Ohitu gara erakundeek ardura hori ez betetzera, baina hori egitetik udaletxearen ardura denaz kargu egin diren herritarren lana debekatzera salto handia dago.
Horrekin guztiarekin buruan, oso zaila egiten zait Bartzelonan defendatu nituen hitzak mantentzea. Jarraitzen dut pentsatzen gure herrian gehiengoa antifaxista dela eta Kaleko Afari Solidarioen alde agertzen ari den herri elkartasunak hori erakusten du, baina Eneko Goiaren neurriak ikusi ostean, ezin dut esan ez dugunik euskal faxismorik.
Douhabik dioen bezala, faxistak kontsideratzen ez garenok faxismoa erabiltzen dugu gure burua zuritzeko. Haiek, besteak, eskuin muturrekoak dira arrazakeria mantentzen eta indartzen dutenak, eta haiek seinalatzean, guk ere onartzen dugun erregimen kolonialaren salbuespen gisa erakusten dugu geure burua, gure erantzukizuna albo batera utziz. Eskuin muturra izango da erasoak egiten dituena, hilerri bihurtu den meditarreneoan egiten ditugun politikak justifikatzen dituena. Gainerako fakzio politikoek, bitartean, bi aukera izango dituzte, edo atsekabe handiz eskuin erreakzionarioaren programa onartu edo, Goiak egin duen bezala, zuzenean haien programa betearazi. Hori guztia guk gure inozotasun kolonialetik diogun bitartean: “Euskal Herrian ez dago faxismorik”. •