Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
GEURETIK SORTUAK

Udalbiltzaren beka deialdia zabalik da sortzaileentzat azaroaren 25era bitartean

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren hirugarren edizioa martxan da. Azaroaren 25era arte sortzaileek proposamenak egiteko aukera izango dute lau alorretan; literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkigintza. Udalerrien zerrenda osatuta, sortzaileak eta herriak korapilatuko dituzten egonaldi artistikoak paratuko dira.

Aritz Ibarra, Beran egindako erakusketan. Udalbiltzaren sormen bekak sormena bera eta hedapena laguntzen ditu.
Aritz Ibarra, Beran egindako erakusketan. Udalbiltzaren sormen bekak sormena bera eta hedapena laguntzen ditu. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Geuretik Sortuak sormen bekaren hirugarren edizioa martxan da. Udalbiltzak bultzatzen duen ekimenak euskal kulturari ekarpena egitea du erronka, eta horretarako, sortzaileentzat egonaldiak errazten ditu. Egonaldi artistiko horiek osatzeko, sortzaileak aukeratu behar dira lehendabizi, eta fase horretantxe dago ekimena. Azaroaren 25era bitartean, interesa duten sortzaileek beren lan proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte Udalbiltzaren webgunean. Lau alorrei begirako lanak lagunduko ditu bekak; literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkigintza.

Udalbiltzak azaldutakoaren arabera, «funtsezkoa da Euskal Herrian arte eta kultura plan bat eta ardatz argi bat markatzea», eta bide horretan sortu zen Geuretik Sortuak orain lau urte. Euskarazko artea eta kultura indartzea eta herri kontakizuna garatzea dira bekaren erronketako batzuk, «herri bakoitzak bere historia eta istorioak kontatu behar ditu, eta gure kasuan euskaraz egin behar dugu lan hori», nabarmendu du Udalbiltzak.

Bide horretan dabiltzan sortzaileek, beraz, aukera dute beren proposamenak egiteko. Urtarrilean emango du jakitera Udalbiltzak hautatutako sortzaileen zerrenda eta parte hartuko duten udalerriena. Hortik aurrera, sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarriko ditu Udalbiltzak, egonaldiak antolatu ahal izateko.

Bi urteko beka da, 2025 urtea izango dute sortzaileek beren lana garatzeko, eta urte horren amaieran aurkeztuko dira sortutako lanak. Bigarren urtea, berriz, hedapenerako izango da. Izan ere, bekak lana herriz herri ezagutzera emateko Euskal Herri mailako zirkuitu bat ere aurreikusten du. 2026. urtea izango da, beraz, egindako lana erakusteko urtea.

Hirugarren edizio honetan berrikuntza bat izango da antzerkigintzaren eremuan. Aukeratutako lanetako bat kale-antzerkia izango da eta sortzaile hasiberri bati aukera eskainiko zaio. Erronka horretan profesionalen laguntza jasoko du sortzaile edo konpainia hasiberri horrek.

Lehen edizioan 26 sortzailek parte hartu zuten (16 idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia) eta 39 udalerritan izan ziren egonaldiak. Bigarren edizioan sortzaileak 22 izan ziren (hamar idazle, bost komikigile, lau zinemagile eta hiru antzerki konpainia), eta udalerriak, 39. Egonaldiak hiru astekoak izaten dira.

Aritz Ibarra marrazkilaria

Aritz Ibarra marrazkilariak (Gasteiz, 1992) Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren barruan osatu zuen “Aldaxka pozoituak” komikia, 2023-2024 edizioan. Edizio horretan parte hartu zuten beste lau marrazkilariren lanekin batera argitaratu zen “Hona bostekoa” izeneko bilduma (Iñaki Martiarena Mattin, Unai Gaztelumendi, Eñaut Aiartzaguena, Kote Camacho eta Aritz Ibarra bera).

Ibarraren bigarren lana da “Aldaxka pozoituak”. «Komikilari izateaz gain, historialaria ere banaiz, eta saiatzen naiz bi pasio horietatik ogibide bat egiten». Sortzaileak dioenez, lan horietatik «bizi baino biziraun» egiten da, horregatik dira garrantzitsuak Geuretik Sortuak bezalako bekak. «Nire bigarren proiektuak laguntza horri esker egin du aurrera. Niri izugarri eman dit bai pertsonalki eta baita profesionalki ere. Toki eta jende berria ezagutu ditut eta nire bigarren lana kaleratzea ahalbidetu dit Udalbiltzaren proiektuak».

Ibarrak beka deialdira aurkeztu zuen proiektuak abiapuntu bat zeukan: «Duela pare bat urte buruan sartu zitzaidan Lehen Mundu Gerrak Ipar Euskal Herrian izan zuen eraginari buruzko komiki bat egin behar nuela. Oso gai ezezaguna iruditzen zitzaidan, bereziki Hegoaldean, eta sekulako hondamendia izan zen». Bide horretan aurkeztu zuen “Aldaxka pozoituak” lanaren proposamena. Hauxe, sinopsia: 2014ko azaroaren 11 da, Lehen Mundu Gerraren armistizioaren urteurrena. Urtero bezala, Urruñan gerla hau oroitarazten duen monumentuaren pean bildu dira zenbait herritar. Gauean, baina, iluntasunak kaleak estali dituenean, oroitarriko pertsonaiek bizia hartuko dute eta gertatutakoaz mintzatzen hasiko dira, orain arte itzaletan izan diren bizipenak argitara ateraz.

Udalbiltzak Euskal Herriko udaletxe desberdinekin jartzen ditu harremanetan sortzaileak, aurkeztu duten proiektuaren arabera. «Nire kasuan, lau herriko etxeekin jarri ninduen harremanetan. Nik Lehen Mundu Gerra landu nahi nuenez, ezin hobeto zetorkidan kokapen bat hautatu zidaten; Iparraldeko bi herri, Sara eta Urruña, eta Hegoaldean mugatik gertu dauden eta gaiarekin lotura daukaten beste bi, Bera eta Lesaka».

Ibarrarentzat landa lan hori oso interesgarria izan zen. «Ni ohituta nago etxean eta bakarrik lan egitera, kasik gotortuta. Beka honek behartu ninduen hiru astetan lau lantoki desberdin izatera lau herri desberdinetan. Eta bertako jendearekin harremanak izatera, batzuk herritarrak, besterik gabe, eta beste batzuk lantzen ari nintzen gaiarekin zerikusia zutenak; historialariak, arbasoak frontean izan zituztenak...».

Liburuetan jasotako informazioarekin, egonaldian herritarrekin izandako elkarrizketekin, arbasoak frontean izan dituztenen testigantzekin... osatu du lana Ibarrak. «Gauza bitxi batekin konturatu naiz. Bera, Lesaka, Urruña eta Sara oso gertu dauden arren, Iparraldekoetan oso presente dagoen gaia da Lehen Mundu Gerra, eta hegoaldekoetan, aldiz, oso ezezaguna da. Kilometro gutxiren buruan, asko aldatzen da kontua. Hegoaldean Madrilera begira bizi gara eta Madrilek ezartzen digu gure marko ideologikoa eta historikoa. Iparraldean, berriz, Parisek ezartzen du. Eta Frantzia oso ondo arduratu da gai horren inguruan, bereziki azaroaren 11ren inguruan, bere diskurtsoa hedatzen. Apurka-apurka ari gara errelatoa osatzen eta gure iragana guretik aztertzen. Lan handia dago egiteko norabide horretan».

Lehen Mundu Gerraren inguruan Estatu frantsesak egiten duen irakurketa jarri du mahai gainean Ibarrak: «Kontakizun horren arabera, euskaldunak Lehen Mundu Gerrara joan ziren Frantziarekiko patriotismoagatik, eta milaka hil ziren bertan Frantziaren alde beren borondatez. Hori ez da egia, baina hori da mende oso batean gailendu den kontakizuna. Asmoa da horri buelta ematea eta ezkutatu dituzten euskaldunen bizipenak ere kontatzea; iheslarienak, intsumisoenak, Euskal Herrian geratu ziren emakumeenak...».

Ibarraren ustez, egiari gehixeago hurbiltzen zaio honakoa: «Frantziak euskaldunak baliatu zituen fisikoki eta gerrara joatera behartu zituen. 183.000 bat biztanle zituen Iparraldeak, eta horietatik 6.000 hil ziren gerran, erdiak 28 urtetik beherakoak. Horrez gain, 10.000 bat zauritu izan ziren. Frantziak hondamendi fisiko hori baliatu zuen Iparraldea frantsesteko, soldadu horiek denak heroi eta hildakoak martir eginez. Etxe guztietan edo gertu hildako bat zegoenez, Iparraldeko herritarrak Frantziari gehiago lotzea ekarri zuen horrek. Hori oroitarazteaz arduratu dira geroztik azaroaren 11 guztietan, armistizioaren egunean».

“Aldaxka pozoituak” komiki historikoa da, «historia guretik aztertzeko tresna bat». Izan ere, sortzaile gasteiztarraren ustez ezinbestekoa da «guk guretik gure marko propioa ezartzea eta, ahalduntzen garen neurrian, gure historia kontatzea».