Amaierarik gabeko elkarrizketak
Michael Parkinson kazetari, idazle eta aurkezlea Erresuma Batuko kazetaritza eta ikus-entzunezkoen munduan izan den erreferente esanguratsuetako bat da zalantzarik gabe. Besteak beste, BBC and ITV etxeetan lan egin zuen eta milaka elkarrizketa egin zituen, garai bakoitzeko pertsonaia ospetsu askori, tartean. Iaz zendu zen laurogeita zortzi urterekin.
Mike Parkinson bere semeak “Virtually Parkinson” izeneko podcast baten berri eman du azken asteetan, Youtuben emango zaio hasiera abenduan. Zortzi kapituluetako bakoitzean pertsona sonatu bat izango da gonbidatua. Michael Parkinsonek gidatutako bi mila elkarrizketa erabiliko dira sintetikoki podcasta eraikitzeko, adimen artifiziala erabiliz. Gidoirik gabeko elkarrizketa inprobisatuak izango dira, Michael Parkinsonen “AI bertsioaren” eskutik.
Agidanez, aita-semeek beti izan zuten elkarrekin podcast bat egiteko ametsa, eta hori da ekimen hau sortzeko arrazoi nagusietako bat; gainera, Parkinsonek telebistan utzitako ondarearen jarraipena dela esan du semeak, eta elkarrizketatu ez zituen hainbat pertsona ospetsuri ere esperientzia bizitzeko aukera eman nahi diela.
Antzekotasuna hain omen da zehatza, ezen semeak berak ere ezin baitzuen desberdintasuna antzeman. Ahotsaren tonuan, estiloan eta, horrez gain, koherentzian berdin-berdina omen da; eta Parkinsonen berezkoak ziren hainbat espresio eta adierazteko modu entzutean, ia ezinezkoa omen da pertsonaia birtual batekin hizketan ari zarela pentsatzea.
Alde etikoa zalantzan jarri dute askok. Semearen erantzuna oso zorrotza izan da: saio bakoitzaren hasieran garbi azaltzen dela adimen artifizialaren bidez sortutako hizlaria dela aurkezlea. Hala ere, dena ez da zuria edo beltza, eta hainbat galdera oraindik eztabaidagai daude: zein behar dago hori egiteko, ondorengo belaunaldietako aurkezle erreferenteak ere badaudenean? Hori zen, hain zuzen ere, azken hilabeteetan Hollywooden egindako greben atzetik zegoen argudioetako bat; inteligentzia artifizialak talentua gutxietsi eta hiltzen duela.
Orain artean ordezkaezinak ziren horiek heriotzak jartzen zituen oroimenean; orain errealitate ez-erreal bat sortzen da, bizitza luzatuz, oroimenak ukatuz eta, akaso, teknologiaren erabilera okerra eginez? Muturrekoak iruditzen zitzaizkigun aplikazioak laster edonoren eskura jarriko ote dira? Gai honen inguruko eztabaida batean, heriotzaren ostean familiako kideekin hizketan jarraitzeko aukerak zituzten hizpide. Nork ezarriko ditu kontrolatu ezin diren egoera pertsonal hauetan mugak?
Estatu Batuetako hauteskundeen osteko astean ezin utziko dut zutabe hau Trumpen erreferentzia bat egin gabe. Ukatu nahi badugu ere, Trump daukagu beste lau urtetan. Baina irudikatu orain betikotasun guztian gelditzen dela: “Virtually Trump”.
Beldurgarria da hau guztia.