NOV. 16 2024 3 BEGIRADA: Arkitektura zirkularra Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Arkitektura Ekonomia zirkularretik hartutakoa da arkitektura zirkularrarena; eraikuntzak sortzen dituen materialekin arkitektura «berriz» egitearena. Zirkularra, sortzen den materialak “bere bizi bat” galtzen duenean ez delako hondakina kontsideratzen, beste bizitza bat izango duen materiala baizik. Arkitekturaren kasuan, pareta bat eraistean, pareta osatzen duten material zatiekin beste pareta bat eraikitzea esan nahi du, material gehigarriak gaineratuz behar izanez gero, edo ate zahar batekin ate mugikor berri bat osatzea, adibidez. Hondakinen kudeaketa sortu dugun bizimoduaren hutsunerik potoloenetariko bat dela aise baieztatu daiteke, eta eraikuntzan, hondakinekin zer egin gai larria da, sortzen den bolumen handiagatik, kutsakorrak edo toxikoak diren materialengatik. Araudia jarri da eraispeneko materiala sailkatzeko eta modu txukunean antolatzeko zabortegira eramatean, baina materia edo elementuen berrerabilpenaren ideia ez dago txertaturik oraindik. Garestiegia da. Motelegia da. Nekezegia da. Industrializazio prozesutik urrutiegi gelditzen da. Norbaitek pentsa lezake eraitsitako materia eraikuntzako zirkulazioan jartzea ez dela gauza aurreratu bat, beste esparru batzuetan jadanik egiten delako, baina arkitektura zirkularrean pentsatzeak iraultza handiak inplikatzen ditu eraikuntzarako eta, oro har, arkitekturaren proiekturako. Hasteko, eraispena, eraikuntza lanetan zakarren eta jakintza espezifiko gutxiko lan eskuarekin egiten den atala, arkitektura lanaren urratsik nagusiena bilakatzea esan nahi du. Pentsamendu prozesua iraultzea, literalki. Arkitektoak, ezer egiten hasi baino lehen, materialen biltegitik igaro beharko luke, sukaldari bat menu bat osatzeko baratzetik edo produktu freskoen merkatutik igarotzen den bezalaxe. Eta honek ekartzen du, ondorioz, materialaren berbalorizazio handi bat, maitasun eta mimo lengoaia bat ekartzen du arkitekturara. Aurretik bizitza izan duen materialarekiko sentsibilitate bat beharrezkoa da, materiak bere baitan jasota duen bizitza eta esperientzia baloratzea, inprimaturik duen energiaz eta auraz jabetzea. Arkitektura artisautzara gerturatzen da pentsamendu prozesuan. Arkitektura zirkularraren aitzindaria belgikar arkitekto bat omen da, Marcel Raymaekers, 60ko hamarkadatik gaur arte birziklaturiko elementu eta materialekin lanean ibilitakoa. Bere belaunaldiko kideak pareta zurien, forma zuzenen eta dekoraziorik gabeko espazio abstraktuen modernotasunean murgildurik zeuden bitartean, Marcel material zaharraren edertasuna deskubritzen aritu zen. Espekulaziorik gabeko antikuario baten gisara, berreskuratzen zuen material zaharrarekin espazioak eraikitzen zituen. Berak dioen bezala, materia zati bakoitza bakarra eta errepikaezina da, eta energia propioa duen materialez egindakoak berritasunak gainditu ezin duen emaitza bat dakar. •