NOV. 16 2024 Ekonomikaren markesa Amagoia Mujika Goizean oso goiz sukaldera sartu eta beheko sua piztu. Ekonomikaren gainean babarrunak martxan jarri. «Sekretu bakarra denbora da». Lapikoko kafea eta irratia. Bakardaderik existitzen ez zen baserri iskanbilatsu hartan, bakarrik egoteko aukera bakarretakoa zen. Suaren ondoan jarri, kafesne-zopak gozatu, isiltasuna entzun. Irratiaren goizeko erritmo lasai hartan puntu pixka bat egin eta Bixkor zakur txikiaren konpainia isila igarri oinen inguruan. «Amona, zergatik esaten diezu Bixkor zakur guztiei?». «Eta zuk zergatik egiten dituzu hainbeste galdera?». Ekonomikaren denborak beste zapore eta testura bat dauka. Lapikoen inguruan beti bazen norbait, atzera eta aurrera, beste hamaika lan erdizka egiten zituen bitartean, lapikoari zeharka begira. Tarteka koilarakada bat gatzaren puntua hartzeko. Tarteka ogi-koskorra saldaren gorputza testatzeko. Orain arrautza frijitu parea honen hamaiketakorako; orain urdaiazpiko xerra parea zartaginean buelta eta buelta beste harentzat. Eta bitartean babarrunak gozo-gozo su suabean, etxeko martxaren lekuko isil eta usaintsu. Makarroien “moda” iritsi zenean, ekonomikaren markesak ezin zuen ulertu nola egon zitekeen 10-13 minutuan kozinatzeko moduko zerbait. “Badaezpada” hobe beste hamar bat minutu utzi. Total, zer dira, bada, hamar minutu? Elkarrengana estu pegatzen ziren makarroiak eta dena masa bihurtu. «Ez dakit nola gustatzen zaizkizuen hainbeste... alde ederrekoak babarrunak!». Pasta egosten ari naiz. Hiru minutu. Gero eta denbora gutxiago. Tokitan geratu dira ekonomikako bor-bor orduak. Erosoagoa omen da dena orain. Azkarrago eta erosoago sinonimo bihurtu zaizkigu derrigor, “denborarik gabeko” munduan ematen baititugu gauak eta egunak. Telefonoko ahots mezuak eta podcastak erritmo azkartuan entzuten dituztenak arraro begiratu izan ditut. “Erotzen ari al gara?”, neurekiko. Eta orain hemen nago pasta egosten, hiru minutu. Eta bitartean sukaldetik atera naiz beste gauza pare bat egitera. Hiru minutu. Gustura galdetuko nioke ekonomikaren markesari zer iruditzen zaion . •