NOV. 16 2024 ASTXIKIKO GAZTELUA Nafarroako Erresumako gotorleku bat Abadiñon, 791 metroko altitudean Harkaitzen gainean, harrizko eta zurezko egitura ikus daiteke. Astxikiko gotorlekua da, Nafarroako Erresumaren XII. mendeko egitura defentsibo bat tontorrean altxatuta. Ez dago ia aztarnarik, horretan ari da lanean Iñaki Sagredo historialaria, baina izan zezakeen itxura 3Dn ikusgai dago egindako errekreazio bati esker. This browser does not support the video element. Nerea Goti Magnetismo berezia dute Durangaldean begien aurrean altxatzen diren Untzillaitz, Alluitz eta Astxiki Anbotoko mendiguneko tontorrek. Higadurak zizelkatutako gailur horiek paisaia marraztu dute, kondairak elikatu, inspiratu… Eta orain, gainera, horietako batean, Astxikin, gaztelu bat egon zela jakin dugu. Nafarroako Erresumaren egitura defentsibo bat izan zen, XII. mendean, 791 metroko alturan. Denbora azaleko aztarnak ezabatzen joan da, baina aurkikuntzek emandako datuekin eta garaiko antzeko egitura batzuek zuten forma zein zen jarraituz, gaztelu zahar hark izan zezakeen itxura ere ikusi dezakegu. Bilatzailean “astxiki” idaztea baino ez dago, Iñaki Sagredo historialariak eta Udalak ondutako lanarekin gozatzeko: inguruko irudi paregabeak, datuak, informazioa... Denboran atzera egin, memoria historikoa berreskuratu, eta oso era bisualean gorde dute Astxikiko gazteluaren historia, herritarrei itzultzeko. Ikerketa ez da gelditu Astxikin. Iñaki Sagredok gidatzen du azterlanaren fase berri bat han goian, eguraldiak lanean aritzeko beta ematen duenean. Sagredok urte asko eman dizkio Astxikiko ikerketari, baina ez da gaiari heldu dion lehen aditua. Badago aurretik egindako lan bat, 90eko hamarkadan, Armando Llamosas buru izan zuena. Gailurraren inguruan aurkitutako objektuek eman zituzten eraikuntzaren existentziaren lehen pistak. «Han goian, ezpata laburrak, gezi puntak eta bestelako objektu metalikoak aurkitu dira. Objektu horietako batzuk Bilbon daude ikusgai, Arkeologia Museoan», azaldu dio GAUR8ri Monika Iglesias zinegotzi abadiñarrak. Planteatzen duenez, memoria historikoa berreskuratzea herritarren eskubidea da, askoz gehiago zure herrian bertan izan den historia hori, eta bide horretan, bi ekimenetan ari da laguntzen Udala: Astxikiko hau eta 1936ko gerrak Abadiñon izan zituen ondorioekin lotutako beste ikerlan bat. Duela urte asko hasi zen Sagredo Astxikin lanean. «Momentu batean, autogiro batekin etorri zen, goitik argazkiak atera ahal izateko, zeren orduan ez zegoen dronerik, eta horrela lortu zuen kokapenaren irudiak hartzea... Herriko pertsona batzuk jarri ziren harremanetan Sagredorekin, jakin-min handiz, gehiago aztertzeko, eta talde polit bat sortu zen, elkarlanean ibili ziren... eta pasa den maiatzean gazteluaren erreprodukzioaren aurkezpena egin zen», kontatu du udal ordezkariak. Nabarmendu duenez, goraipatzekoa da Sagredok eta lantaldeak urteetan zehar egindako ahalegina. Zortzi pertsona inguru Ikerketa egiten ari den Iñaki Sagredo historialariarengana jo du GAUR8k, gazteluaren argazki zehatzago bat izateko: nor bizi zen han, zer-nolako funtzioa betetzen zuen... Argitu du Astxikiren egiturak ez direla ia hautematen. Dioenez, «lekuak higadura handia jasan du hainbat faktorerengatik: klimaren eraginpean egoteagatik, landaretza faltagatik eta kareharriaren sistema karstikoagatik, leku osoa asko higatzen duena». «Ebidentziak punturen bateko zimenduak dira, hala nola dorre nagusia, harresiaren zati bat eta dorrearen ondoko eraikin bat. Beraz, lehentasunezko helburua sendotzen hastea da, hondarrek beste mende batzuk jasan ditzaten», baina «ebidentzia gutxi horiekin gazteluaren balizko esparruan pentsa daiteke», adierazi du historialariak. Ikerketa burutzen ari den taldeko kide bat lanean, Astxikin. Eguraldiak laguntzen duenean egiten dute aurrera, giro sikua behar baita analisia hobeto egin eta aztarnek sufri ez dezaten, argitu du historialariak. (Iñaki SAGREDO) Sortzen den lehen galdera da zer egiten zuen gaztelu batek mendi baten tontorrean. Defentsa funtzioa zeukan, eta izaera hori kokapenarekin lotuta dago. Durangaldea mendi sistemek mugatzen dute, batez ere mendebaldean: Anboto, Alluitz, Untzillatz eta abarrek. «Gune hori kontrolatze- ko, Astxikiko gaztelua zegoen, Atxarteko pasabide estrategikoak eta Artolako bigarren mailako bidea zaintzen zituena». Segur aski, dorre sendoagoren bat egongo zen, baina urteen poderioz gazteluen izenak ere desagertu ziren». Astxikikoa harkaitz gaineko gaztelua izan zen. Egitura horiek tamaina txikiagokoak ziren, normalean: «Ez dute altura txikiago batean dagoen gaztelu batek duen beste babes, irisgarritasunik eza baliatzen dute defendatzeko. Beraz, ez da garnizio ugari behar, ezta gaztelu handiegirik ere. Euskal Herrian oso ohikoa da gotorleku mota hau, Iparraldetik hasi eta Bardearaino eta honaino». Ez dago dokumentazio askorik, baina antzeko beste leku batzuetako datuekin, esan daiteke segur aski gizon talde txiki bat egoten zela gazteluan, «zortzi bat, edo gutxiago». Lurraldea kontrolatu eta abisua ematea zuten zeregin nagusia. Hiru etxebizitza aurkitu dituzte momentuz, baina «txabolak baino askoz gehiago ez ziren, egurrez altxatuak gehienak, jauregi delakoaz aparte, dorre nagusiaren ondoan». Agerikoak dira gailurrean bizitzeak izan zitzakeen zailtasunak. «Etxeak xumeak ziren, egurrezkoak. Ipar eta mendebaldeko haizeetara oso jarrita, higadura mental eta fisikoak tortura bihurtzen zuen gazteluko bizitza neguan, eta askoz erosoagoa izango zen udan. Elurte-garaietan gaztelua inkomunikatuta egongo zen, eta bizitza etxebizitzetara mugatuko zen», irudikatu du Sagredok. Beste gaztelu batzuekin dituen analogietan oinarrituta, aipatu du dokumentatuta dagoela Pintanokoan, Erronkariko haranean, elurrak garnizioko etxeetako teilatuak suntsitu zituela edota euria nonahi sartzen zela. Astxikiren bistak Gerediagako Batzar Etxe historikotik. (Gorka RUBIO / FOKU) Nafarroako azpiegitura defentsiboa osatzen zuten antzeko beste gazteluez galdetuta, Orozkoko Untzuetakoa edota Ereñozarrekoa aipatu ditu. «Gaztelu horien helburua Nafarroako erresumaren muga babestea zen», azaldu du, bizi zen testuinguru politikoaren berezitasunak kontuan hartuz. «Gaztelako erresumaren konkisten ondorioz, XI. mendetik pixkanaka murriztuz joan ziren mugak. Astxikiren testuingurua zen 1179tik Durangon zegoen muga bat kontrolatzea. Bitxiki, Ingalaterrako erregearen arbitrajearekin ezarritako muga hau ofizial egiteko diseinatu zen, baina itunek ez zuten ezertarako balio izan, Gaztelak 1200. urtean Nafarroako erresumaren zati hau berriro konkistatu zuelako». Nafarroak armada txiki bat zeukan bere burua defendatzeko, Gaztelako gaitasun militarrarekin ezin zena konparatu, eta 1054. urtetik hainbat eraso izan zituen. Gaztelua bera une politiko horren emaitza zuzena da. Santxo VII. Indartsua almohadeekin itunak lortzen saiatu zela gogoratu du historialariak. «Bitxia da nola Elizako botereek aitzakia modura jarri zuten Nafarroako erregeak emirrarekin zuen harreman ona Nafarroako konkista lortzeko, eta nola Elizaren justifikazioak izan ziren 1512ko konkista baimentzeko. Modus operandi-a erraza zen, barneko tentsioak sortzea eta, ondoren, zismatiko eta heretikoen konkista justifikatzea, bulda eta eskumikuarekin lagunduta», erantsi du. Uharkak adierazten duena Irudi zehatzago bat emateko, azaldu du gaztelua ezin hobeto egokitzen dela gailurraren “u” formara, goiko bi muturrekin eta erdialdean beheragoko gune batekin. Espazio baxuago horretan zeuden uharka eta atea. Kalkulatzen dute 80 metro inguru zituela alde batetik bestera arteko semi-zirkuluak, eta baliteke muturretan talaia bana izatea. Uharka izateak esanahi berezia duen galdetu diogu Iñaki Sagredori, eta bai, patina izatea elementu komuna zen gazteluetan, eta eraikuntza on bat zela adierazten zuela gehitu du. «Uharkarik ez badago, ezin dugu gaztelua dela pentsatu», azpimarratu du, batzuetan izaera hori ez zuten lekuak gaztelutzat hartzen direla aipatuz. «Gauza bat da erresuma baten babespean dagoen eta haren defentsa konpondu, kontrolatu edo diseinatzen duen administrazio bat duen leku bat», eta «beste bat oso desberdina da aztarnarik ia ez dagoen eremua, eta are gutxiago ur-tanga edo dorreak». «Gotorlekuei buruzko datuak IX. mendetik ditugu ondare oso dokumentatu gisa, eta gazteluak idazten diren beste leku batzuetan ez dago datu edo ebidentzia argirik. Ziurrenik, abeltzaintza-kontroleko gotorlekuren bat izango da, baina ez da errege baten zerbitzuan eta mantenuan dagoen gaztelu bat», argitu du. Iñaki Sagredo Abadiñoko ikerketa gidatzen duen historialaria. (Iñigo URIZ / FOKU) Izaera defentsiboa baldin bazuen, sortzen den beste galdera bat da herritarrak nola abisatzen zituzten; adarrak, olifanteak... erabiltzen zituztela azaldu du adituak, eta gogoratu du Artojoko gazteluan zeramikazko hainbat bozina dokumentatu direla, baita beste toki batzuetan ere, Ausa gazteluan bezala. «Hori zen abisatzeko modua. Seinalea elizetara iristen zen, eta kanpaiek, beren errepikan, herritarrak abisatzen zituzten. Ezin da baztertu seinaleak erabili izana, baina ez dugu dokumentaziorik, ezta aztarna arkeologikorik ere. Sonsierrako gazteluek seinale-kode bat izan zezaketen, logikoa dirudi kokapenagatik, baina ez dago daturik», zehaztu du. Sagredo harkaitz gaineko gazteluen eta XII. mendetik XVI. mendera arteko Nafarroako Erresumaren Defentsa sistemaren gainean egiten ari den tesiaren inguruan kokatzen da Abadiñon burutzen ari den ikerketa. Gaian aditua da, eta aipatu du, Abadiñoren kasuan, atentzioa eman diola Durangaldean harkaitz gaineko gaztelu bakarra hori izateak. «Horrek interesgarriago egiten du, baita kokapenak ere, espazioaren kontrola Alluitz eta Untzillaitz bezalako bi mendien artera mugatzeak, ezkutuago egiten du horrek». Sagredoren ustez, bertan gaztelu bat eraikitzeak «gehiago izan zuen mugetan mugarri bat izatetik lekuaren defentsa efektibotik baino». Edozein modutan, ahalegin guztiak daude jarrita aztarnak babesteko eta finkatzeko, eta nabarmendu du dibulgazioa dela gakoa, «ezagutza babesa» delako. Bide beretik aipatu du Iglesiasek ekimena babesteko egindako apustua ondarearen beharreko zaintzarekin lotuta dagoela, eta «zaintze horretan alde handia izan daiteke ikertzea, jakitea, aztertzea eta partekatzea, ikertutakoa herritarrekin partekatzea». Memoria proiektuarekin lotuta, bestalde, deia egin du zinegotziak, urteetan zehar norbanakoek Astxikin aurkitu ahal izan dituzten elementuak adituen eskuetan jartzeko. Monika Iglesias Abadiñoko Kultura zinegotzia, Gerediagan bertan. (Gorka RUBIO / FOKU) PETRO LATRONE AYLUCEAM-EKO TENIENTEA ETA TOPONIMIAK ETA AGIRIEK DIOTEN HORI Astxikiko gazteluaren tipologiagatik, XI.-XII. mendeko marko kronologikoan koka daiteke, eta litekeena da XIII. mende bukaeran abandonatua izatea. «XIV. mendeko bandokide feudalen gerrek gaztelu txiki horiek eraitsi zituzten», azaldu du Iñaki Dagredo historialariak. Tokiko aztarnez gain, toponimian eta garaiko agirietan daude Abadiñoko eraikuntza defentsibo horren inguruko hainbat pista. Arlo horretan, Mila Saletarinek egin duen lana goraipatu du historialariak. Izan ere, dokumentazio zaharrean agertzen den “Aylluzeam” izeneko eraikuntzarekin lotuta egon daitekeela diote adituek. «Ezer ez da baztertzekoa. Ondorio batzuetan logikari eusten dio, hala nola Aitzorrotz eta Aitzluzeam-eko tenientea bera zela, Petro Latron, eta bi gazteluak ezin hobeto komunikatzen direla. Baina gai konplexua da, nik ez dut baztertzen Malvecin-en aurrean egotea», aipatu du Sagredok. Ildo beretik, 1179. urteko ituna ekarri du gogora, bertan jasota baitago «Durangoko eskualdea Nafarroako erregearentzat izango zela Malvecin-go gaztelua kenduta. Toponimo hori galdu egin zen ordutik, eta Durangoko eskualdean ez dago harkaitz gaineko beste gaztelurik». «Toponimoak iturri dokumentalekin lotzen hasi ginenean, Bizkaiko Agiritegi Historikoan 1877ko agiri bat aurkitu genuen ‘Aluis’ edo ‘Aitz-luce’ aipatzen zituena», eta «Bizkaiko kartografia historikoan ‘Ailluiz’-i ‘Aitlluitz’ deritzo eta ‘Aitlluitz chiki’ Astxikiri», argitu du Mila Salterainek. Toponimian adituta, azaldu du «1181etik 1197. urtera bitarteko dokumentu nafar ugaritan» ageri dela «‘Aççluce’, ‘Ayluçeam’-go tenienteei buruzko aipamenetan». 1179. urtean Gaztelako Alfonso VIII.aren eta Nafarroako Antso VI.aren arteko hitzarmena dago agirien artean, eta Petro Latroneren izena nabarmendu du, teniente horietako bat zena eta toponimian aztarna utzi zuena: “Letrosolo/Latrosolo”. «Leku horretan, harritzar handi batekin lotutako kontakizuna zuten mendiolarrek», gogo-ratu du. “Kobie” aldizkarirako Lamosasen txostena eta gaiari buruz Gerediagaren “Astola”-n jasotakoa aipatu ditu Salterainek. Babestea beharrezkoa da, baina «gakoa» informazioaren zabalpenean dago, «ezagutza babestea delako», nabarmendu du Iñaki Sagredo ikerlana gidatzen duen historialariak. Interneten ikus daitekeen errekreazioa testuinguru horretan kokatzen du Monika Iglesias Abadiñoko zinegotziak, ikertzen dena babesteak eta partekatzeak duen garrantziaz.