NOV. 16 2024 Palestinako dema estadioan jokoan Koldo SAGASTI «Bihar Gazan ez dago eskolarik, ez baita geratzen joango den umerik». Hori eta bestelako perla batzuk utzi zituzten Maccabi futbol taldeko zaletuek duela hamar bat egun Amsterdamera egindako bisitan. Hamaikako israeldarra Herbehereetako hiriburuan zen jokatzekoa, Ajaxen kontra, eta jarraitzaile sionistak hiriko kaleetan gora eta behera nabarmen geratu ziren, kantu eta lelo arrazistak aho batez abesten. Baina ez hori bakarrik; bidean topatu zituzten bandera palestinar ugari erauzi, herritarrak jipoitu, eta txikizioa eragin zuten ibilbide makabroan zehar. Estadio inguruetan tentsioa areagotu egin zen; hainbesteraino, ezen, azkenik, bisitariek bila zebiltzan eskarmentua jaso baitzuten. Odolkiak ordainetan. Pelikula ez zaie arrotz egin Bilboko auzokide askori. 2022ko maiatzean izan zen. Hapoel Holon saskibaloi taldeko zaleek, Miribillatik NYX hotel israeldarrerako kalejiran, istilu larriak eragin zituzten. Bandera palestinarrak erre, auzotarrei eraso egin eta atarietako zein komertzioetako kristalak txikitu zituzten, besteak beste, sarreran Palestinako ikurra zuen taberna batekoak. Bilboko gertaerek, ordea, bestelako amaiera izan zuten, eta erasotzaileak onik atera ziren. Aldea nabarmena da. Hemen poliziak istilu-sortzaileak babestu zituen, eta herritarrei oldartu egin zitzaien. Argi gera zedin noren morroi diren. Palestinan garbiketa etnikoaren eta biziraupenaren arteko lehia jokoan dagoen bitartean, dema horrek mundu osoko joko-zelaietan ere badu bere isla. Frantzian, kasu, agintariek 4.000 poliziatik gora mobilizatu zituzten pasa den ostegunean, Israelen aurkako partida zela-eta, Stade de France estadioan Palestinaren aldeko edozein lelo edo ikur isilarazteko. Zilegitasuna dago norgehiagokan. Eta borroka hori Israelek aspaldi galduta dauka. Batzuek baliabide errepresibo guztiak jartzen badituzte ere, elkartasun uholdea geldiezina da, eta goizago edo beranduago nor bere tokian jarriko du; Maccabiko jarraitzaileak, kasu, hegazkin batean Amsterdamdik koloniarako bueltan, solomoa berotuta •