NOV. 23 2024 ERASOEN AURKA, SAREA Giza eskubideen 200 defendatzaile hil dituzte 10 urtean Erdialdeko Amerikan Giza eskubideen 200 defendatzaile hil zituzten Mexiko, El Salvador, Guatemala, Nikaragua eta Hondurasen 2012 eta 2023 bitartean, IM-Defensoras aktibista sareak berriki plazaratutako txosten baten arabera. «Mintzen gaituzten datuak, salbatzen gaituzten sareak» izena duen azterlanak, datuak ez ezik, analisiak ere biltzen ditu. Hondurasko Giza Eskubideen Defendatzaileen Sare Nazionaleko kideak, iragan urrian, lurraren defendatzaileen aurkako epaia behin betiko artxibatu ondotik. (PROTECCIÓN INTEGRAL FEMINISTA) Maider Iantzi Egiturazko zapalketen herentzia kolonial bati» egotzi dizkio beren aurka egin dituzten krimenak IM-Defensoras Erdialdeko Amerikako Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileen Ekimenak. «Hamarkada pasatxoan 200 defendatzaile hil dituzte, baina beste 228 hiltzen saiatu dira», salatu zuen Lidya Alpizar aktibista mexikarrak 119 orrialdeko txostenaren aurkezpenean, Tegucigalpan. “Mintzen gaituzten datuak, salbatzen gaituzten sareak. Hamar urte baino gehiagoko erasoak” azterlanean 2012tik aitzinerako datuak jaso dituzte, urte horretan eratu baitzen sarea. 2023ra bitartean 8.926 defendatzaileren eta 953 antolakunderen aurkako 35.077 eraso dokumentatu dituzte bost herrialdetan. Horietako bat da Berta Caceres ingurumenaren aldeko Hondurasko indigenaren hilketa, 2016an gertatua. Sareak azaldu zuenez, krimen horren ondotik, «megaproiektuei aurre eginez lurraldea defendatzen duten pertsonen aurkako erasoak ugaritu egin ziren». Erasoen %45 estatuekin lotuta Estatuekin lotutako eragileek egin zituzten erasoen %45; poliziek, militarrek eta udalerrietako eta eskualdeetako agintariek, kasu. Bertze %5,3 enpresa estraktibistekin edo meatzariekin erlazionatuta daude. «Desprestigiatze kanpainak, mehatxuak eta indarkeria psikologikoa eta ahozkoa» erabili zituzten, baita «kriminalizazioa» ere. Aktibistek nabarmendu zutenez, sarea osatzeak 8.000 emakume inguru babestea ahalbidetu du. Hamarkada honetan mehatxuak jaso dituzte pertsona horiek bost herrialdeetan, eta «behartutako lekualdatzeen edo asilo politikoaren bidez» lortu dute sarri babes hori. Garatu duten erregistro sistemak defendatzaileen eta antolakundeen aurkako erasoak dokumentatu eta zenbatzen ditu. Eraso horiek fisikoak, emozionalak, espiritualak eta psikologikoak izan daitezke, zuzenekoak ala zeharkakoak. «Sistema aitzindaria da munduan, eta aberatsa; Babes Integral Feministaren gainontzeko estrategiekin elkarlanean, defendatzaileak babesten laguntzen duelako, norbanako zein kolektiboek bizi ditzaketen biolentziak eta errealitate zehatzak identifikatuz», baloratu zuten. Txostenak zenbakiak jasotzen ditu, erregistroaz eta dokumentazioaz arduratzen diren hamaika kidek jasoak, lurraldearekin hurbiltasunezko eta konpromisozko lotura mantenduz. Horrez gain, analisiak eta gogoetak biltzen ditu, kolektiboki eraikiak. Subjektu politiko gisa «Giza eskubideen defendatzaileak hainbat lurraldetan antolatzen gara mehatxatzen gaituzten indarkeriei aurre egin eta bizitza eta ongizate kolektiboa zaintzeko, baita esperantza eta bizi duin baterako alternatibak eraikitzeko ere. Subjektu politiko gisa existitzeak soilik buru egiten die emakumeen eta sexu-genero disidentzien boterea isildu nahi dutenei. Defendatzen dugun mundua inposatu nahi digutenaren kontrakoa da guztiz. Hortaz, gure lanak kolokan jartzen ditu boteredunen interesak», diote txostenean. Argi dute Erdialdeko Amerikan bizi duten eredu ekonomiko, politiko eta kulturala herentzia kolonial batetik datorrela eta egiturazko zapalkuntza eta indarkeria patriarkal, kapitalista eta arrazistak dakartzala emakumeen gorputz eta lurraldeetara. «Eredu honek eragindako krisi globalaren testuinguruan, desberdintasun ekonomikoak, indarkeria, pobrezia eta klima larrialdiaren inpaktuak handitzen doaz gure eskualdean». Autoritarismoa, gora Bakoitza bere berezitasunekin, El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko eta Nikaragua autoritarismoaren eta ustelkeriaren gorakadaren testigu dira. Parte-hartze sozial eta politikorako espazioak itxi dituzte, eta militarizazioa, estraktibismoa, krimen antolatuak, feminizidioak eta emakumeen eta sexu-genero disidentzien aurkako bertze indarkeriak hazi dira. Migratzaileen dramak, gainera, ez du aurrekaririk. Alderdi progresistek boterea eskuratu duten herrialdeetan ere ez dira egiturazko indarkeria eta desberdinkeriak gainditzeko gai izan, IM-Defensoras sareak ziurtatu duenez. «Heriotza-eredu honetatik onura lortzen duten botereentzat errepresioa eta indarkeria dira gure botere kolektiboari eusteko modu bakarra». Sindemia, inflexio puntu Txostenean ageri diren grafikoek Erdialdeko Amerikako defendatzaileek jasandako erasoen gorakada islatzen dute, bereziki Covid-19-aren garaian: 2013an 540 eraso izan ziren; 2016an 1.462; 2019an 2.397; 2020an 4.745; 2021ean jo zuten goia 6.943rekin eta 2023an 6.214 izan ziren. Fatima Martinez lurraldearen defendatzailea babesten, auzitara eramana izan delako, Olanchiton, Hondurasen. (HONDURASEKO GIZA ESKUBIDEEN SAREA) «2020 eta 2021eko eraso anitz osasun larrialdian ezarri zituzten kontrol sozialeko neurri autoritarioekin lotuta daude zuzenean edo zeharka, maila ezberdinetan: nazionalak, federalak, estatukoak, departamentukoak, udalerrikoak edo tokikoak. Gaur, sindemiak iraganeko gai bat dirudi, baina estatuek ez dute atzera egin mobilizazioak kontrolatu eta murrizteko neurrietan. Kontrakoa: sindemian oinarriak jarri zituzten kontrol estrategiak ezartzeko. Orain arte mantendu dituzte, eta normaltasun berri gisa egonkortu dira», gaitzetsi dute. 2020 eta 2022 artean erregistratutako defendatzaileen 58 hilketetatik %40 transen aurkakoak izan ziren. 23 transfeminizidio izan ziren, torturaz eta ankerkeriaz eginak. Egia, justizia eta erreparazioa 6.629 eraso egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeagatik gertatu ziren. 2020tik, gorakada «etengabe eta kezkagarri» bat sumatu dute. Diotenez, gobernuen eta krimen antolatuen praktikek sortutako indarkeria sozialaren handitzearen isla dira erasoak. Horien aitzinean, emakumeek justizia bilatzeko eta familia, lagun eta biktimak akonpainatzeko ardura hartzen dute. Mexikoko “bilatzaileen” aurkako erasoak nabarmendu dituzte. Apirileko Amak Nikaraguako elkartearen kontrakoak eta Guatemalako Virgen de la Asuncion Etxeko hondamendian hildako neskatoen familiei egindakoak ere bai. Denak dira estatuko eta estatuz kanpoko aktore boteretsuei aurrez aurre begiratzen dieten subjektu politikoak. Bertze 4.504 eraso lurra, lurraldea eta naturako ondasun amankomunak defendatzen zituzten pertsonek jasan zituzten. Bereziki emakumeak, komunitate indigenak eta afrikarren ondorengoak dira, estraktibismoaren eta esplotazio kapitalistaren aurka borrokatzen direnak. Txosten honetan aztertutako garaian, hiru unetan egin zuten gora eraso horiek: 2017an, Berta Caceresen hilketaren ondotik; 2020an, Covid-19aren testuinguruan; eta 2022an, bereziki Hondurasen, estigmatizazioaren eta kriminalizazioaren bidez, komunitate indigenak beren lurretatik bortizki erauziz. Adierazpen askatasuna 4.062 eraso adierazpen askatasuna defendatzeagatik gertatu ziren. Mexikon, hedabideen oligopolioari aurre egiteagatik, baita agintarien eta krimen antolatuen arteko konplizitateari ere. El Salvadorren, 2019an Nayib Bukele presidente izendatu zutenetik, berarekin kritikoa den kazetaritza zelatatu eta kriminalizatu dute. Nikaraguan ere klandestinitatean edo deserrian lan egitera behartuak daude gobernuarekin bat egiten ez duten kazetariak. Guatemalan, gero eta segurtasun gutxiagorekin ari dira komunikatzaileak, zentsuraren eta zigor penalen mehatxupean. 3.000 eraso emakumeentzat biolentziarik gabeko bizitzak defendatzeagatik gertatu ziren. Erasotzaileei nahiz horiek babesten saiatzen diren estatuko eta estatuz kanpoko aktoreei egiten diete aurre. 2.614 eraso emakumeen parte-hartze politiko eta komunitarioaren alde egiten duten pertsonek jasan zituzten. Gehienak Nikaraguan dokumentatu dituzte. Bertan, 2018tik gobernu totalitario bat egonkortu da. 540 eraso sexu eta ugalketa eskubideak zaintzeagatik gertatu ziren. Herrialde guztietan, ideologia ezberdinetako alderdiek emakume, nerabe eta haurren eskubideak zapaltzen dituzten politikak bultzatu dituzte «familiaren balioak» babestearen aitzakian. Erasoen inpaktuak 2020 eta 2022 bitartean jasotako datuek erasoek defendatzaileen bizitza eta lanetan izandako inpaktua ere erakusten dute. «Eragina handiagoa da sistematikoki erasotzen gaituztenean». Norbanakoek jasandako erasoen %59,5 eta kolektiboek sufritutako %32,7 oinarrizko eskubideentzat muga izan ziren, bertzeak bertze, adierazpen askatasuna, biltzeko eta mobilizatzeko aukera, parte-hartze politikoa, hezkuntza eta osasuna izateko. Eraso pertsonalen %12,6k eta kolektiboen %36,8k inpaktu fisikoak eragin zituzten, estatuko agintariek eta aktore paraestatalek indarkeria erabili zutelako mobilizazio sozialak ekidin nahian. Eraso pertsonalen %26 eta ekintza kolektiboek jasandako erasoen %8,2k eguneroko bizitzan arriskuak eta aldaketak ekarri zituzten erasandako emakumearen inguruko pertsonentzat. 466 kasu pertsonaletan eta 377 kolektibotan lekualdatzeak eragin dituzte, bai herri barnean bai herritik kanpora eginak. Legea eta kontrol fiskal eta administratiboa erabiliz, erakundeei finantza baliabideak lapurtu dizkiete (%10,2), pertsona juridikoak behin-behinean ala betiko bertan behera utzi (%12,9), eta antolakundeak behin-behinean ala betiko itxi (%45,2). Ondorioak Hamarkada pasatxoan jasotako datu hauek guztiek erakusten dute Erdialdeko Amerikako giza eskubideen zaindariak sistematikoki erasotzen dituztela isildu eta ahuldu nahian, izua zabalduz. IM-Defensoras sarearen ustez, indarkeria hori porrot egindako estatuen ondorio izatetik urrun dago, eta egiturazko zapalkuntza historikoekin du harremana. «Justizia sistema zein segurtasun indar publikoak beren zerbitzura dituzte kapitalismo arrazista eta patriarkala zutik mantentzeko». Herritar bat, Guatemalako Chiquimulan, baratzea zaintzen. (Gonzalo HOHR / EUROPA PRESS) Eraso ereduak aztertuz, indarkeria gora doala ikusi dute, eta Covid-19aren sindemiatik abiatuta kontrol estrategiak egonkortzeko oinarriak jarri direla ere baieztatu dute. Era berean, generoaren eraikuntza soziala erasoen forma eta edukietan nola adierazten den ere frogatu dute: «Eskualdean giza eskubideak defendatzen ditugun emakume eta sexu-genero disidenteok bizi ditugun desprestigiatze kanpaina, kriminalizazio eta eraso fisiko, psikologiko eta sexualetan». Babes Feminista Osoa Eraso horiek guztiak jasaten badituzte ere, «biziaren alde eta esperantza eraikitzen» jarraitzen dute Erdialdeko Amerikako giza eskubideen defendatzaileek. 13 urtetik gora dira Babes Feminista Osoa (Proteccion Integral Feminista) bultzatzen ari direla. Lurralde, jendarte eta identitateen aldeko mugimenduek elkar zaintzeko ituna da, eragiten dieten indarkeriei elkarrekin aurre egiteko; sare nazionalekin, eskualdeko aliantza batekin eta segurtasuna, zaintza eta osatzea sustatzeko estrategia ugarirekin. Defendatzaileek beren ekarpenen aitortza eta legitimazioa eskatzen dute, baita estatuen konpromisoa ere, interes pribatuen mesedetan beraiek erasotzeari utz diezaioten Nazioarteko mekanismo indartsuak ere galdegiten dituzte, erantzuteko gai izanen direnak, giza eskubideen arloan estatuek beren betebeharrak betetzen ez dituzten kasuetan