NOV. 23 2024 {DATORRENA} Klima eta planeta, finantza kontua? Aiora ZABALA Zortzi astetik behingo txanda hartzen dudan honetan, zera ospatu nahi nuke: Erresuma Batuan azken ikatz zentrala itxi dute urrian. Akabo negutegi efektuko gasen iturri nagusiena bertan (garraioa da orain lehena, Euskal Herrian bezala). Ospatu eta hausnartzekoa. Australiako 1912. urteko aldizkari baten arabera, zientzialariek aspalditik bazekiten munduko labeetan erretako ikatzak klima aldatzera eramango gintuela. Jatorrizko labe horietako asko Ingalaterrako iparraldean eraiki ziren XVIII. mendean. Trenbide berriak esleitu ziren ikatza garraiatzeko. Mendixkak biluztu ziren esplotazioa ahalbidetzeko. Gaur egun bertako paisaian gizakiaren aztarna argi ikusten den arren, sorpresaz hartzen ditut iragan industrial gris horren argazkiak. Larreak, basoak, errekak… berde eta urdin dexente dagoen toki horren irudi zaharrak. 1980ko hamarkadan Erresuma Batuko elektrizitatearen %80 ikatzarekin ekoizten zen. 2012an, %40. Gaur, zero. Zerk ahalbidetu du eraldaketa? 2005ean hasitako karbono isurketa baimenen merkatuak agian, edo 2010ean sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoak mugatzeko erregulazioak (ikatz zentral batzuk itxiarazi zituenak), edo 2013an karbono isurketa baimenei ezarritako prezio minimoak… Azken hamarkadan ikatz zentral asko beste erregaietara aldatu dira (gasera nagusiki, negutegi efektuko isuri intentsitate txikiagoa duena). Era berean, elektrizitatea ekoizteko iturri berriztagarrien teknologiek, eolikoek batik bat, pizgarriak eta bultzada politiko egonkorra izan dituzte. Finantza eta erregulazioez gain, beste arrazoi garrantzitsu batzuek gidatu dute ikatz zentralen itzaltzea. Klima aldaketarekiko iritzi publikoa 2000ko hamarkadan nabarmena zen dagoeneko, eta Greenpeacen aktibismoak 2007an egunkarietako lehen lerrora eraman zuen gaia. Hamarkada bat lehentxeago, herrialdeko ikatz ekoizpena erabat murriztua zegoen jada (klimaz bestelako arrazoiengatik), eta gehiena inportatu egiten zen. Gobernuak 2008. urteaz geroztik karbono isuriak murrizteko helburu argiak ere ezarri ditu Aldaketa Klimatikoaren Legearekin. 2015ean helburuok estutu egin zituen. 2021ean hauek betetzeko epea aurreratu zuen, klimaren nazioarteko konferentziaren (COP26) anfitrioia izan baino hilabete batzuk lehenago. Faktore anitzek gidatu dute eraldaketa eta bakar batek ez dirudi gailena: fiskalitatea, lidergoa, nazioarteko politikak, herriaren eskaera. COP26tik COP29ra. Egunotan ingurumenari buruzko hiru nazioarteko gailur garrantzitsu ari dira gertatzen. Bioaniztasunarena hilaren batean bukatu zen Kolonbian; Basamortuen aurrerapena ekiditekoa abenduaren hasieran izango da Saudi Arabian (COP16 da biontzat) eta klimaren COP29a bukatu berri da Azerbaijanen. Hiruotan, jorratzen diren gaien artean nagusiena finantzena da: behar den dirua nork eman, noiz eta nola banatuko den, negutegi efektuko isuriak murrizteko, klima krisira egokitzeko, bioaniztasuna kontserbatzeko eta basamortutzea gelditzeko. Nork ordaintzen ditu kalteak, nork garatzen eta elkarbanatzen du teknologia, nork ordaintzen du lur eta ur eremuen berreskurapena eta babesa? Hori da askoren ahotan dagoena. Suposizioa da behin dirua edukiz gero jakin badakitela zer egin. Suposizio handia, nire ustez. Horrenbeste arreta diruan jartzeak errealitatetik urrundu gaitzake, eguneroko jarduera eta erabakietatik. Nahi genukeena egiteko bizitza osoa emango bagenu dirua eskatzen eta itxaroten, ez genituzke ekimen asko aurrera eramango. Ikatz zentralak itzaltzeko kostuak nork ordaindu erabakitzeko esperoan bagina, gaur ez genukeen hau ospatuko. • Australiako 1912ko aldizkari baten arabera, zientzialariek bazekiten munduko labeetan erretako ikatzak klima aldaraziko zuela