Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
«MUGARRI»

Musika eta antzerkia, mugaz gaindiko harremanak estutu eta aberasteko

Jokai konpainiaren proiektu berria da «Mugarri». Musika du oinarri -txalaparta, danborrak, eta baita biolina, biolontxeloa, gitarra eta ahotsa ere-, eta antzerkiaz baliatzen da Ibardingo mugan gertatzen diren bi istorio kontatzeko, munduaren luze-zabalean dauden hainbat mugatan milaka lagun bizitzen ari diren dramaren isla. Gaur zortzi izanen da estreinaldia, Beran, 18.30ean.

«Mugarri» obrako lantaldearen irudia.
«Mugarri» obrako lantaldearen irudia. (Ricardo BOSCH)

"Mugarri” begirada bat da, mugaren leku zehatz batetik luzatutakoa. Bertan kontatzen diren istorioak joandako garai batekoak dira, baina gure gaurkotasunarekin estuki lotuta daude. “Mugarri” milaka eta milaka pertsona bizitzen ari diren dramaren isla da, ez soilik aipatzen duen mugan, baizik eta munduaren luze-zabalean dauden hainbat mugatan.

Halaxe definitu du Jokai konpainiaren lan berria Jabier Leoz Aristu zuzendari, ekoizle eta musikariak. Ibardingo mugan gertatzen diren bi istorio dira kontzertu didaktiko honen hari gidaria. Herriaren ondare immaterialaren parte diren esperientzia horiek berreskuratu, balioan jarri eta zabaltzea du xede.

Ideia duela urte eta erdi baino gehiago sortu zitzaion. Jon Artola Urrutia eta biek osatzen dute Jokai. «Jon beratarra da, eta berari esker, mugako inguru batean bizitzeak egunerokoan jendeari ekartzen dizkion arazoak ezagutzeaz gain, bertako biztanleen talentu artistiko handiaz jabetu naiz», adierazi du Lekunberrin bizi den iruindarrak. «Bi faktoreek arreta handia ematen zidaten. Horrez gain, Fermin Balentziaren ‘La Pastora de Ibardin’ kantuak 50 urte betetzen dituela ohartu nintzen. Elementu horien guztien baturak norabide bat ematen zidan nora joan nahi nuen jakiteko».

«Beti izan dugu argi gisa honetako proiektu bat gauzatu nahi genuela, baina egundaino ez zen momentu ona. Behin Larhungo instalazio parte-hartzailea egonkortuta zegoelarik, abentura berri bati ekiteko baldintzak zeudela pentsatu genuen».

Beren premisa eta helburu nagusia beti izan da egitasmo on bat gauzatzen saiatzea, gustuz eta maitasunez, eta beren ideiak eta ilusioak ukigarri eginez aitzinera eramatea.

Bertze xede bat boloak egitea da, oinak lurrean beti, emanaldiak lortzeko zailtasunez jakitun izanik, baina ahalegintzeko eta ikasten eta eboluzionatzen jarraitzeko gogo izugarriarekin.

Sortze prozesua

“Mugarri”-k musika tradizionaleko hainbat elementu -harrizko eta egurrezko txalaparta, errate baterako- bertze mota bateko instrumentuekin elkartzen ditu -biolina, biolontxeloa, gitarra eta ahotsak-. Sortzeko prozesua ez da erraza izan. «Jonek Dani Irazokirekin jarri ninduen harremanetan. Berako artista da, Larhungo Kaiola benta darama, aldi berean, eta bertan Kabia kultur espazioa dute. Berarekin hasi ginen lehen pausoak ematen; anitz lagundu zigun».

Jabier Leoz, proiektuko zuzendaria, ekoizlea eta musikaria. (Ricardo BOSCH)

Proiektuaren oinarria garbi zuten, Ipar Euskal Herriko musikari eta artistekin sortu nahi zuten emanaldia. Bilaketa ez zen batere erraza izan, ordea. Pasatzen zizkieten kontaktuak musikari hagitz onenak ziren, baina haiek ez zuten egitasmo berri bat hasteko denborarik.

«Azkenean, Julen Lezaun ezagutu genuen. Iruñeko artista bat da, Izturitzen bizi dena. Proiektuaren gakoetako bat izan da. Ideia gustatu zitzaion, eta lanari ekin zion, bai sorkuntzan eta bai inguruko musikarien bilaketan».

Proiektuaren eboluzioari dagokionez, hilabeteak igaro ahala ontzen joan da. «Ez genuen presarik, ongi egin nahi genuen, mimoz. Lehenbizi musikaren alderdian zentratu ginen, kontatu nahi genituen istorioak bilatzen, eta gero eszenara pasatu ginen, antzerkiaren arlora».

Ibardingo bi istorio

Musikaren hari gidaria Ibardingo mugan gertatzen diren bi istoriok osatzen dute, bi begiradak. Bata Maria artzainarena da. Mendi gaineko borda batean bizi da eta bertan zaintzen ditu ardiak. Urte latzak tokatu zaizkio: 1936ko Gerra, gerraondoa eta Bigarren Mundu Gerra. Bere alabarena da bigarren begirada, Kontxirena. Borda benta bilakatuko du. Ez dira garai samurrak berarentzat ere. Gaur egun muga espazio bati buruz hartzen diren erabaki politikoen ondorioak jasaten ditu egunerokoan, bere herrikideek bezala.

Testua aurtengo udan idatzi zuen Leozek, behin istorioa zein begiradetatik edota pertsonaietatik kontatu nahi zuten definitu zutelarik. Testua «hagitz modu naturalean» atera zitzaion. Tere Sarriguren obrako aktorearekin kontrastatu zuen, testua maitatu zuen eta bere ikuspegia eman zien. Ideiak gehitu zituen bai gairen baten inguruan eta bai taularatzean, obra aberastuz.

“Mugarri” publiko guztientzako kontzertu didaktiko bat da, ordu bat eta hamar minutu irauten du eta, aretora bideratuta badago ere, kanpoan ere egin daiteke baldintza egokiak izanez gero. Beran izanen da estreinaldia, gaur zortzi, azaroaren 30ean, 18.30ean kultur etxean.

Momentuz obraren ekoizpenarekin eta zabalpenarekin ari dira Jokaikoak buru-belarri. Behin estreinaldia eginda, banaketan zentratuko dira.

Hala azaldu dituzte Jon Artola eta Jabier Leozek beren desioak: «Lan anitz egin nahiko genuke, eta ilusioz beteta gaude. Obra jakin-min handia pizten ari da eta bai herritarrek eta bai sektoreko profesionalek anitz animatzen gaituzte. Gero, denbora solastatuko da, eta gauzak bere lekuan jarriko ditu».

Puntako musikariak

Artista ugariren agendak bateratu behar dituzte helburu handiko proiektu hau aitzinera ateratzeko. Alde batetik, Jokai konpainiako bikotea dago. Bertzetik, Julen Lezaun, Maitane Urbizu, Sergio Lamuedra, Eñaut Zubizarreta eta Cecilia Moreno musikariak. Tere Sarriguren aktorea ere bai.

«Mugarri» obrako lantaldearen beste irudi bat. (Ricardo BOSCH)

Koordinazioa konplexua da. «Musikari bakoitza Euskal Herriko txoko batekoa da, bakoitzak bere egitasmoak ditu, kontziliazio familiarra eta pertsonala… denak daude lanpetuta. Hortaz, entsegu bakoitzak ahalegin handia eskatzen du». Bertzalde, «gozamena» da maila altuko musikariekin lan egitea, «ez soilik teknikoki, baita pertsona bezala ere. Hori zuzendari gisa anitz eskertzen da», baloratu du Leozek.

Zuzendari eta ekoizle izateaz gain, txalaparta jotzen du. «Hagitz asebeteta nago emaitzarekin, eta oraindik badugu hobetzeko tartea, denbora pasa ahala ikuskizuna ontzen eta eboluzionatzen joanen baita. Ongi funtzionatzen ez duena zuzenduko dugu, eta obraren alderdi indartsuak sendotu».

Kontratazioa jokai.eus webgunearen bidez egin daiteke.