GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Fitxak mugitzen

Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA

Pasa den ostiralean Europa osoko ehun bat arkitekto eta hirigile Bilboko Zorrozaurre irla artifizialean zehar ibili ziren paseoan, hiriko “erregenerazio” proiektuetan azkena bisitatzen. Fabrika zaharren azken zantzuak han eta hemen antzematen dira garabia eta aldamiozko paisaian, oskol hutsak erabilera berrien esperoan. Baten bat jada egokitu da aro berrira eta bideo-joko diseinua irakasten duen unibertsitate estatubatuar batek edo Mondragon Unibertsitateko Business Data Analytics-en egoitzak okupatu dituzte eraikin batzuk. “Tabula rasa” ikur pare bat mantenduz, iragan industrialaren fetitxizazioa.

Azaroaren 22an Europar Hirigileen Jardunaldiak ospatu ziren Bizkaiko Arkitekto elkartearen egoitzan. Gaia: Espazio ekonomiko berriak hiri garaikidean. Baina zer dira espazio ekonomiko berriak? Richard Florida geografoak jarduera ekonomiko berriak “ezagutzan” oinarritutako jarduerak direla azalduko luke. Silicon Valleyn teknologiari lotutako jarduerak lirateke, Milanen diseinuari loturikoak eta Londresen finantzetan oinarrituak. Izendatzaile komuna, ezagutza maila altuko profesionalak behar dituela eta ezagutza hori partekatzeko espazio eta sareak beharrezkoak direla. Espazio horien iragan eta etorkizunaz eztabaidatu zen ostiralean.

Lana eta etxea beti egon izan dira elkartuta, baina lehen industrializazioaren ondorioz hiriek pairatu zituzten osasun eta higiene arazoek egoera jasanezina egin zuten XX. mende hasierarako. Orduan sortu zen Mugimendu Modernoa, eta haren helburu nagusia hiri tradizional kutsatuaren aurrean hirigintza arrazional garbi eta osasuntsua sortzea izan zen. Horretarako, hirigintza modernoak “zonifikazioa” deituriko praktika urbanistikoa garatu zuen, funtzio ezberdinak bata bestetik banatzean oinarritzen zena. Zentzuzkoa dirudien antolakuntza honek, baina, mugikortasunaren, kutsaduraren eta lurzoru okupazioaren izugarrizko hazkundea ekarri zuen, eta konturatu gara eredu horrekin jarraitzea guztiz jasanezina dela ikuspuntu ekonomiko, ekologiko eta sozialetik. Harremanak distantzia laburretan eraikitzen dira.

Gaur egun, zonifikazioaren jatorrian zegoen industria astuna gero eta urriagoa da gure inguruan, eta haren ordez, zerbitzuetan, teknologian eta teknikan oinarritutako ekonomia baten barnean bizi gara. Jarduera hauek askoz hobeto egokitzen dira hiri mistora, baina hori ahalbidetzeko, zonifikaziorako joera mantentzen duen hirigintza ohituretan aldaketak beharrezkoak dira.

Zorrozaurre bezalako eremu zaharkitu baina zentrikoak bereziki egokiak izaten dira eraldatu eta behar berrietara egokitzeko, “Berrikuntza Distritu” bihurtzeko, hain zuzen ere. Bartzelonako 22@ Distritua da agian ezagunena, baina Glasgow, Milan eta Berlinen ere agertu dira halakoak. Etxebizitza, bulego, ekipamendu eta unibertsitateak biltzen dituzten auzoak izaten dira, eraikin zahar eta berriak, dorre eta pabiloiak uztartzen dituztenak saretutako ekosistema ekonomiko bat sortzeko helburuarekin.

Hirien etorkizuna ekonomiaren mahaian jokatzen da. Desindustrializazio prozesuan dagoen “lehen mundu” honen barnean talentua sortu, erakarri eta mantentzeko izango duten gaitasunak baldintzatuko du haien loratze edo zimeltzea. Richard Floridak “klase sortzaile” deitzen dion hori erakartzean. Baina talentua erakartzeko, kapitala ere erakarri beharra dago, inongo erakunde publikok ezin baitu bere gain hartu mota honetako eraldaketa urbanistiko eta ekonomikoak gauzatzeko egin beharreko inbertsioa. Ezkerreko alderdientzat bereziki kontraesankorra da egoera, gizarte babes sistema finantzatzeko errekurtsoak lortzeko kapitalari men egin behar izaten baitie askotan. Asteburuko hitzaldiek hoztasun teknikoz azaldu zuten hau guztia, idealizaziorako tarte gutxirekin eta pragmatismo dosi handiekin.

Eraldatzen ari den eta itxarongo ez gaituen errealitate baten trenera igo nahi dugun edo beste bide bat bilatuko dugun erabaki beharra dago. Bide biek kontraesanak eta gatazkak ekarriko dituzte, baina haien aurrean begiak itxi baino, lehenbailehen partida prestatzen hastea komeni zaigu, fitxak mugitzen hasi baitira. •